Albistea entzun

Klima aldaketa

Noraino iritsiko da itsasoa tenperatura 3 gradu igotzen bada?

Climate Central zentroak mapa bidez irudikatu du tenperatura igotzeak itsas mailan izanen lukeen eragina; gradu bat eta 4 gradu arteko igoera izanez gero urak zer eremu estaliko lituzkeen zehaztu dute. Aurreikuspenak beteko balira, hamarkada batzuen buruan urak hartuak lirateke, esaterako, Bilbo, Donostia, eta Baiona.

Aturri ibaiaren ertza, Baionan.
Aturri ibaiaren ertza, Baionan. Guillaume Fauveau Tamaina handiagoan ikusi

Uxue Rey Gorraiz -

2021eko urriak 13 10:14

Zer itxura luke Guggenheim museoak itsasbazterrean? Nolakoa litzateke Gernikako hondartza? Eta Astigarragako kaia? Aturri ibaiaren emariak gora eginen balu, zer itxura luke Baiona inguruak? Oro har, biztanleek aski urrun sentitzen dituzte irudi horiek. Ordea, urteak dira alegiazko egoera lauso horiek egiazki gertatuko diren susmoak zabaltzen ari direla, eta problema larria dute atzean: klima aldaketa eta haren ondoriozko tenperatura igoera. Itsas mailak hamarkadak daramatza goranzko joeran, eta bide berari segituko diola irizten diote adituek. Berriki, Ameriketako Estatu Batuetako Climate Central zentroak webgune bat atera du argitara: iruditan erakutsi dute 4 gradurainoko igoerak mundu osoko zer lur utziko lituzkeen urpean. Euskal Herrian, hainbat herri leudeke ur gaziak harrapatuta.

Jakina denez, klima zenbat eta beroagoa izan, orduan eta handiagoa da poloetako izotza urteko arriskua, eta, beraz, baita itsas maila igotzekoa ere. NBE Nazio Batuen Erakundearen barreneko IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak argitaratutako azken txostenaren arabera, tenperatura 1,5 gradu igoko da 2040rako; 2,7, berriz, mende bukaerarako. Climate Central zentroak diseinatutako webguneak aukera ematen du kalkulua tenperatura igoera desberdinekin egiteko. Esaterako, zer geldituko da urpean 1,5 graduko igoerarekin? Eta igoera 3 gradukoa bada?

Hondartzak Bilbon eta Baionan

Irudian ikusten denez, begirada Euskal Herrira zuzenduta, bistan da itsas mailaren igoerak partzialki edo ia osorik estaliko lituzkeela egun kostaldean diren herri asko: urpean leudeke Zarautz, Hendaia, Orio eta Ondarroa, esate baterako. Hiriburuei so, Donostian, hondartza lukete egun ez duten zenbait auzok: itsasoak hartuak lirateke, adibidez, Amara Berri, Loiolako Erribera eta Martutene, eta are gehiago: Hernanira iritsiko litzateke itsasoa.

Gainera, tenperatura 1,5 gradu igoko balitz, itsasoak hondartza ekarriko luke egun halakorik ez duten hirietara ere: Baionara eta Bilbora, kasurako. Bietan, itsas mailak hiriak hein batean estaltzeko adina eginen luke gora. Hurrenez hurren, Aturri eta Nerbioi ibaiek guztiz itxuraldatuko lituzkete auzoak. Baionan, urpean lirateke Baiona Handiko kale ugari. Itsasoak nabarmen eginen luke hegoaldera, eta Uztaritzekoek hondartza lukete herrian. Berriz, Bilbori dagokionez, ibaia hazia izanik, itsasertzean izanen lirateke Guggenheim eta Arte Ederren Museoa, urak hartua legoke San Inazio auzoa, eta Alde Zaharrera arte ere iritsiko litzateke ur gazia.

Ur azpiko New York

Climate Centralen webguneak mundu osoko irudiak jarri ditu ikusgai. Erabiltzaileak aise egin dezake horiek sakon aztertzeko kontsulta. Izatez, aukera zuzena eskaintzen du zenbait hiritarako: hala nola Hanoi (Vietnam), New York (Amerikako Estatu Batuak), Alexandria (Egipto), Kopenhage (Danimarka) eta Buenos Aires (Argentina). Azken horretan, adibidez, tenperatura 3 gradu igoko balitz, Rosarioraino (Argentina) ailegatuko litzateke itsasoa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Batzen egitasmoaren aurkezpena egin zuten atzo Donostian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Babes sareko gazteak laneratzeko akuilu

Jone Bastida Alzuru

Batzen gazteak laneratzeko harrera sistema sortu dute. 500 lagunetik gora daude Gipuzkoako Foru Aldundiko babes eta inklusio sarean, eta horien sarbide soziolaborala du helburu

Bilbon pobreziaren kontra egindako manifestazioa. ©OSKAR MATXIN / FOKU

Pobrezia desagerrarazteko «borondate politikoa» galdegin dute kalean

Juanma Gallego

Pobrezia energetikoan jarri dute arreta berezia, argindarraren prezioen igoeraren harira. Diru sarrerak bermatzeko sistema hobea eskatu dute

Natalia Balyuken hilketa salatzeko elkarretaratzea, 2018an, Uharten. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Uharten andre bat hil zuen gizonari 11 urteko zigorra jarri diote

Ion Orzaiz

Akordioa lotu dute fiskaltzak, defentsak eta herri akusazioak, eta bertan behera gelditu da datorren astean egitekoa zen epaiketa

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna