Albistea entzun

Migratzaileak

Polizia kontroletatik ihesi zihoazen asteartean Ziburun trenak harrapatu zituen migranteak

«Ikusiak ez izateko» zihoazen trenbidetik, eta tren bat hartzeko asmoa zuten. Taldea «oso nekatua» zegoen; horregatik erabaki zuten trenbidean etzatea.

Asteartean ezbeharra gertatu zen lekua, Ziburun
Asteartean ezbeharra gertatu zen lekua, Ziburun Guillaume Fauveau Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2021eko urriak 14 11:53

Frantziako Poliziak bost pertsonaren dokumentazioa aurkitu zuen asteartean tren batek harrapatuta Aljeriako hiru gizonezko hil ziren lekuan. Laugarrena Baionako ospitalera eraman zuten, larri, eta ebakuntza egin zioten. Atzo mintzatu zen Baionako prokuradorearen aitzinean, France Bleu Pays Basque irratiak jakinarazi duenez. Oso nekatuta zegoen, eta ez zuen anitz hitz egin, baina haren lekukotasunak gertatu zenari buruzko argibideak eman ditu.

Gizonezkoak fiskaltzari esplikatu dio polizia kontrolak saihestu nahi zituztela, eta horregatik iritsi zirela trenbidera, uste zutelako ez zituztela aurkituko argirik gabeko eremu horretan. Gainera, trenbide zati hori hutsa egon ohi da ordu horietan: azkeneko trena 22:30ean pasatzen da, eta hurrengo goizeko lehenengoa, harrapatu zituena, 6:00etan baizik ez da pasatzen. Era berean, trenbideetatik joatea ez galtzeko modu bat ere bazen laukotearentzat.

Irrati publikoaren arabera, laugarren biktimak jakinarazi du haiek ere tren bat hartzeko asmoa zutela, baina ez du zehaztu zer helmugatara iristeko asmoa zuten. Ikerketa zuzentzen ari direnei emandako esplikazioen arabera, migratzaile taldea «oso nekatua» zegoen, eta horregatik erabaki zuten trenbidean etzatea.

Elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean Donibane Lohizuneko geltoki aitzinean (Lapurdi). Migranteen harreran eta haien eskubideen alde lan egiten duten talde ugarik antolatu zuten protesta, eta dozenaka herritar elkartu ziren. Ziburun hildako hiru gizonen omenez lore eskaintza egin zuten, eta «giza ehiza» etetea galdegin zuten.

Prefeturaren erantzuna: polizia kontrola

Istripua Donibane Lohizuneko (Lapurdi) tren geltokitik hurbil gertatu zen, «batere argiztatua ez den» leku batean. Peio Dufau Ziburuko hautetsi eta tren gidariak BERRIAri kontatu zion Hendaia eta Baiona arteko trenbideetan «maiz» ibiltzen direla migratzaileak. «Polizia gibeletik dute toki guztietan. Bidasoa ibaian bi ito ziren; horrek frogatzen du bide guziak hartzen dituztela mugatik eskapatzeko, Baionara iristeko. Geroz eta bide arriskutsuagoak hartzen dituzte kontrolen ondorioz: trenbidea horietako bat da. Trenbideetako langileentzat ere zaila da», salatu zuen. «Sekulako arriskuak hartzen dituzte, sobera kontrol badelako. Zer aldatzen du oztopatzeak? Zer aldatzen du? Hain bide luzea eginda, ez dira Poliziarengatik geldituko».

Hala ere, bide beretik segitzeko asmoa erakutsi du Pirinio Atlantikoetako prefeturak. Hedabideei bidalitako ohar batean, gaur gauean, Urruñan (Lapurdi), 23:00ak eta 2:00ak artean polizia kontrola ezarriko dutela iragarri dute. «Pertsonen eta ondasunen zirkulazio askearen ondorioz, ondasunen eta pertsonen joan-etorriak etengabe handitu dira, horien artean legez kanpoko immigrazioarekin lotutakoak», diote lehen esalditik. Polizia kontrolean parte hartuko dute, besteak beste, Philippe Le Moing-Surzur Baionako suprefetak eta Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak. Operazioan Frantziako segurtasun indarretako 115 agentek parte hartuko dutela jakinarazi dute.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ibaetako Campusean duela hilabete batzuk egindako manifestazioa. ©GORKA RUBIO/FOKU

EHUk espediente informatibo bat zabaldu dio eraso sexista batengatik salatu duten irakasleari

Berria

Arkitektura Fakultateko irakasle batek ikasleei eraso sexista bat egin ziela salatu dute UIB Unibertsitateko Indar Batasunak eta Arrakala emakume taldeak. Gertakariari buruzko «informaziorik» ez ematea leporatu diote EHUri.

Ziudadelaren barnaldea, asteazkenean. ©BERRIA

Hipika txapelketatik hilabete eta erdira, hondarrak hondatua segitzen du Iruñeko Ziudadelak

Uxue Rey Gorraiz

Iruñeko Udalak antolaturiko hipika txapelketak irailaren 12an izan zuen azken eguna. Ordea, txapelketarako erabilitako Ziudadelako zuloguneak hareaz beteak dira oraindik. Navarra Sumak salbu, udaleko talde politikoek adierazpen bat onartu dute eremua berehala egokitu izan dadin eskatzeko.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeetako arduradunak izan dira BECen, gaurko aurkezpenean ©Irekia

Zaintza ereduaren «paradigma aldaketa» jaso du Jaurlaritzaren estrategia soziosanitario berriak

Edurne Begiristain

2021-2024 aldirako estrategia soziosanitarioa aurkeztu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako instituzio nagusiek. Besteak beste, «adinekoak beren etxean edo etxe baten antzekoak diren zentroetan» bizitzea sustatuko dute.

Aste honetan Haurrak Bai-k deituta Ataungo Joxemiel Barandiaran herri ikastetxean egin duten eserialdia. / ©Goierriko Hitza

Jolasgaraian 12 urtetik beherakoak maskara janztera derrigortzen dituen aginduari eutsiko dio Jaurlaritzak

Jon Ordoñez Garmendia

Gotzone Sagarduik argudiatu du haurrak babesteko neurri bat dela, eta esan du gaur egungo egoera ez dela ona.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.