Albistea entzun

Ezker independentistak ETAren biktimei adierazi die haien minak ez zuela «inoiz gertatu behar»

Arnaldo Otegik eta Arkaitz Rodriguezek agerraldia egin dute, Aieteko jauregian, Donostian, Aieteko Adierazpenaren 10. urteurrenaren harira mintzatzeko.

Edu Lartzanguren - Jon O. Urain -

2021eko urriak 18

Ezker Independentistak ETAren biktimei adierazi die haien minak ez zuela «inoiz gertatu behar». «Bihotzez esan nahi diegu asko sentitzen dugula jasan duten sufrimendua eta ahal dugun neurrian arintzeko konpromisoa hartzen dugula», esan dute EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik eta Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek, Donostiako Aiete Jauregian eginiko agerraldian.

Urriaren 18ko adierazpena izenburupean ari dira Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia eta Rodriguez Sortuko idazkari nagusia. Hemen irakur daiteke adierazpen osoa.

Agerraldia bateratua egin dute, 11:00etan, Aieteko jauregian (Donostia), Aieteko Adierazpenaren hamargarren urteurrenaren harira. Iragarria zuten «adierazpen solemnea» egingo zutela.

Aieteko Nazioarteko Konferentziatik zein ETA erakundearen indarkeria armatuaren amaieratik hamar urte igaro direla nabarmendu dute, eta euskal ezker independentistak euskal gizartearekin, espainiar eta frantziar gizartearekin, zein nazioarteko iritzi publikoarekin partekatu nahi duten hausnarketa plazaratu dute.

Adierazpenaren lehenengo puntuan esan dute ETAk indarkeriaren amaiera iragarri zuenetik hamar urte igarota, «konpromiso hura osorik bete» dela, hau da, erakundearen jardueraren amaiera «osoa eta erabatekoa» izan dela, eta armagabetze eta desegite prozesua modu egokian egin direla, «nazioarteko estandarrek zehazten duten bezala».

ETA zatitu ez izana nabarmentzekoa dela esan dute, «antzeko ezaugarriak dituzten beste prozesu batzuetan gerora sortu izan diren arazo larriak agertzea saihestu baitu horrek».

«Ez zen iruzurrik egon, ez zen kalkulu taktiko bat izan. Igarotako denborak agerian utzi du orduan hartutako erabakiaren izaera estrategikoa». Erabakia betirako dela gaineratu dute, bigarren puntuan.

Hirugarren puntuan heldu diote biktimen gaiari. Bake justu eta iraunkorrak biktima guztien aitortza eta erreparazioa eskatzen duela adierazi dute, eta biktima guztiei eman behar zaiela nabarmendu dute. «Ez dugu haietako bat bera ere ahazten». Adierazi dutenez, «atsekabea eta mina adierazi nahi diegu jasan duten sufrimenduagatik. Gure egiten dugu haien mina, eta sentimendu zintzo horretatik baieztatzen dugu hura ez zela inoiz gertatu behar, inork ezin du gogoko ukan hura guztia gertatu izana, ezta denboran hainbeste luzatu izana ere. Aietera lehenago iristea lortu behar genuen».

Halere, iraganak atzera-bueltarik ez duela nabarmendu dute. «Baina konbentzituta gaude arintzea behintzat posible dela, errespetuan, adeitasunean eta memorian oinarrituta. Bihotzez esan nahi diegu asko sentitzen dugula jasan duten sufrimendua eta ahal dugun neurrian arintzeko konpromisoa hartzen dugula. Beti izango gaituzte horretarako prest».

Laugarren puntuan presoak hartu dituzte aintzat. Esan dute «nazioarteko esperientziak erakusten duela beharrezkoa dela preso politikoen auziari irtenbidea» ematea. Aieteko Adierazpenak hori ere jasotzen zuela nabarmendu dute. Salbuespenezko espetxe politika amaitzeko eskatu dute, eta «konponbide integrala» ematea. «Aldarrikatu nahi dugu presoek estrategia armatua gainditzeko izandako parte hartze aktibo, irmo eta erabakigarria, baita bide baketsu eta demokratikoekiko haien konpromisoa ere. Haiek gabe, ez zen posible izango».

Azkeneko puntuan, berriz, «gatazkaren jatorrian dagoen arazo politikoari» irtenbide demokratikoa emateko eskatu dute. «Gure nazio nortasunarekiko errespetua» galdegin dute, eta erabakia euskal gizartearen esku jartzea, «bestelako etorkizuna eraikitzeko».

Hamargarren urteurrena

Azken egunotan Aieteko Adierazpenen inguruko ekitaldiak egin dituzte Aieteko jauregian.

Igandean, Baionan, iragandakoaz eta gelditzen diren erronkez mintzatu ziren bertako eta nazioarteko eragileak. Presoen auzia konpontzeko mekanismoak sortzera deitu zuen Brian Currinek.

Donostian, erabakitzeko eskubidea, erreferenduma, estrategia partekatua, gizarte zibila, desobedientzia, eta bide demokratikoak eta baketsuak nabarmendu zituzten Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak (1999-2009), Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidente ohiak (2018-2020), Amalur Alvarez Gure Esku dinamikako bozeramaileak eta Jordi Cuixart Kataluniako Omnium Culturaleko presidente eta preso ohiak.

Veronique Dudouet Berghof fundazioko aholkulari nagusiak adierazi zuenez, «presoek egiteko bat dute elkarbizitzaren eraikuntzan».

Eta Brian Currin nazioarteko artekariaren hitzetan, «ez duzue subiranotasunaren zain egon behar; hasi pentsatzen euskal nazioa nola eraiki».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jaurlaritzako kideak, atzo, Turtziozen. ©BERRIA

Jaurlaritzak gaitzetsi egin du gerra «gatazkak ebazteko bide gisa erabiltzea»

Gotzon Hermosilla

Turtziozen egin dute asteroko bilera, Agirre lehendakariaren gobernua han ezarri zenetik 85 urtera. Frankisten altxamendu militarra eta diktadura arbuiatu dituzte

EAEn etxebizitzek 35 metro koadro erabilgarri izan beharko dituzte gutxienez

G. H.

Jaurlaritzak Etxebizitzen Bizigarritasun Dekretua onartu du. Bizitokiek izan beharko dituzten gutxieneko baldintzak arautu dituzte horren bidez
EAren kongresua, otsailean, Gasteizen. ©Raul Bogajo / Foku

Gasteizko Auzitegiak ebatzi du EAren kongresuko erabakiak etetea

Jon O. Urain

Otsaileko kongresuan, zuzendaritzak aurrera atera zituen txosten politikoa eta estatutu berria. Boto eskubidea zuten 249 konpromisarioetatik 133k hartu zuten parte. Zuzendaritzak nabarmendu du kautelazko neurria dela eta ez dagoela «Batzar Nazionala baliogabetu duen erabaki judizialik».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...