Albistea entzun

Aieteko konferentziaren 10. urteurrena

Herri baten biderako gakoak

Erabakitzeko eskubidea, erreferenduma, estrategia partekatua, gizarte zibila, desobedientzia, eta bide demokratikoak eta baketsuak nabarmendu dituzte Ibarretxek, Torrak, Alvarezek eta Cuixartek
<em>Gatazken eraldaketa demokratikoa</em> izenpeko mahai ingurua, atzo, Donostiako Kursaalean.
Gatazken eraldaketa demokratikoa izenpeko mahai ingurua, atzo, Donostiako Kursaalean. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Esnaola -

2021eko urriak 16 - Donostia

Aieteko Adierazpenak parte politikoa ere bazekarren, 4. puntuan elkarrizketaren eta herri kontsultaren aipamena eginez, baina Euskal Herrian ez du garapen bera izan toki denetan —Iparraldean landu da gehien—. Aieteko Konferentziaren 10. urteurreneko ekitaldietako lehen bi jardunaldietan, gatazkaren ondorioak jorratu dituzte batik bat, baina egon da saio bat alor politikoaz: atzo arratsaldean, Donostian, Kursaal jauregian, eta erabakitzeko eskubidea, erreferenduma, subiranisten estrategia partekatua, gizarte zibila, desobedientzia, bide demokratiko eta baketsuak, eta gisa horretako kontzeptuak nabarmendu zituzten hizlariek: Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak (1999-2009), Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidente ohiak (2018-2020), Amalur Alvarez Gure Esku dinamikako bozeramaileak eta Jordi Cuixart Kataluniako Omnium Culturaleko presidente eta preso ohiak. Gatazken eraldaketa demokratikoa izenpean aritu ziren laurak.

Cuixarten iritzian, Aieteko Konferentziak erakutsi izan du gizarte zibilak garrantzi handia daukala, betoak ezin direla egon, eta nazioarteko komunitatea ezinbestekoa dela. Lehen bi alorrak Kataluniako prozesuan ikusi izan direla esan du, eta hirugarrena noizbait beharko dela. Ibarretxek goretsi egin du haien prozesu subiranista: «Duintasunaren adibide bikaina eman duzue termino politikoetan, eta, gainera, ausartak izan zarete. Maite zaituztet, eta sinetsi egiten dizuet».

Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak gogoratu du EAEko 2004ko estatutu politiko berriaren eta 2008ko Kontsulta Legearen ahaleginekin —bi egitasmo horiek zehazki aipatzeke— «erabakitzeko eskubidea beheko kanpamenduan» jarri zutela, eta gero katalanek urratu dutela bide hori. Espainiako Estatuaren jokabidea txarretsi du: «Erreferendum hitzartu bat nahi dugu. Nola hitzartu, ordea, aurreko aulkia hutsik badago?». Torrak aitortu du hark bide bat markatu zuela, eta hori izan zela Kataluniak gero egin zuenaren «abiapuntua», baina aurrerabiderako «desobedientzia» aldarrikatu du.

Estrategia

Akatsak zuzentzeko beharraz ere hitz egin du Generalitateko presidente ohiak: «Kataluniako prozesua ondo egituratuta zegoen, baina zerbaitek huts egin zuen. Legezkotasun berri batera eraman behar gintuzten neurriak ez ziren ezarri. Ez genuen ariketa demokratikoa defendatu; ez genuen azken muturreraino eraman». Subiranisten estrategia partekatua aldarrikatu du Cuixartek: «Beharrezkoa da [Espainia-Katalunia] mahai politikorako».

Ibarretxek oroitu du Europan 1914an hogei estatu zeudela eta gaur egun 50 daudela. Beraz, galdetu du zergatik ez diren estatu gehiago sortuko. Cuixartek erantsi du ez dela geldirik egon behar estatu propioa izan arte, eta Omnium Culturalen sorrera (1961) ekarri du gogora. «Katalanok estaturik ez dugunez gero, estatu egiturak sortu behar dira gizarte zibiletik. Horregatik sortu zuten Omnium Cultural bost lagunek. Bisionarioak izan ziren».

Alvarezek ere gizarte zibila laudatu du, Aieteko Nazioarteko Konferentziatik gaur arte Euskal Herrian egin diren urratsen aipamena eginda: Euskal Hirigune Elkargoa, Nafarroako «aldaketa», euskal presoen gerturatzea, gatazkaren ondorioetako beste aurrerapen batzuk... «Gizarte zibilaren lanari esker ere lortu dira azkenaldiko aldaketak Euskal Herrian. Horrez gain, urte hauetan besteak beste«balio demokratikoen» eta erabakitzeko ahalmenaren aldeko lana ere egin dela esan du Gure Esku herritar dinamikako (2013) eledunak, Kursaalean.

Halaber, gabezia bat aitatu du Alvarezek: «Etorkizuna erabakitzeko bide orririk ez dugu gaur egun. Garaia da horri eusteko». Horretarako, funtsezkoa deritzo «subjektu politikoaren aitortza» izateari, «printzipio demokratikoari lotuta». Uste du erreferenduma dela gakoa, «herrien autodeterminazioa gauzatzea, herriari zuzenean galdetzea».

Haren esanetan, Euskal Herrian gero eta jende gehiago dago erabakitzeko eskubidearen alde. Cuixartek, berriz, azaldu du Katalunian herritarren %80 daudela autodeterminazio eskubidearen alde, eta independentismoa hazten ari dela —parlamenturako azkeneko hauteskundeetan talde independentistek %52ko babesa lortu zutela gogoratu du—. «Baina Espainiako Estatuak esan nahi digu uzteko amets egiteari». Horretarako, Polizia eta judikatura erabiltzen ditu Madrilek, Omnium Culturaleko presidenteak adierazi duenez.

Estatuaren jokabidea txarresteaz gain, Alvarezek esan du «ukaezina» dela «gatazka politikoa eta soziala» dagoela. «Erabaki egin nahi dugu. Bide orri bat behar dugu. Konponbideak bide demokratiko eta baketsuetatik etorri behar du». Torrak ñabardura bat egin du gatazkari buruz: «Berez ez dago euskal eta katalan gatazkarik. Dagoena da bi nazioek beren etorkizuna erabaki nahi dutela. Hor, berez, ez dago ezer gatazkatsurik. Ariketa demokratiko sakon batez ari gara hizketan». Horrela, gaineratu du mahai politiko batean hitz egin behar dena zera dela: hitzartzea noiz eta nola egingo den erreferenduma. Uste du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen (PSOE) jarrera ez dela oso bestelakoa PPrenaren aldean.

Gaur, Baionan

Gaur bukatuko dira Conciliation Resourcesek, Berghof Foundationek, Foro Sozialak eta Bake Bideak Aieteko Konferentziaren 10. urteurrena dela-eta antolatutako ekitaldiak, Baionan. 8:45etik aurrera, hitzaldiak eta mahai inguruak izango dira, Henri Grenet aretoan. Kasu baterako, 9:10etan hasiko den saioan, Ipar Euskal Herriko askotariko hautetsiak mintzatuko dira, Euskal Herriko hautetsi eta aktore politikoen begirada lelopean; haien artean izango da Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria. 12:45ean izango da azkeneko hitzartzea: Brian Currin nazioarteko erraztailearena —Euskal Herriarentzat desafioak—.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zazpi alkateak, gaur goizeko agerraldian. ©EH BILDU

EH Bilduko alkateek txosten bat eskatuko dute Ingurumen Administrazioko Legeak udalen eskumenetan izango duen eraginaz

Jone Arruabarrena

EAJ eta PSEri leporatu diete «demokraziaren kontrako erasoa» dela legeari egin nahi dioten aldaketa, eta udalen eskumenak urratzea dakarrela. Hamabost eguneko epean txostena aurkezteko galdegin diote EUDELi.

Bernat Etxepare lizeoko ikasleen protesta, Oier Oaren alde ©Guillaume Fauveau

Oier Oari ez diote lurralde debekua kenduko, eta familiatik banatua segitu beharko du

Ekhi Erremundegi Beloki

Gaur eman du erabakia Parisko Zigor Auzitegiak. Otsailean epaituko dute, Baionan, lurralde debekua urratzea leporatuta.

Llotja de Marreko alderdien ordezkariak, iaz, Espainiako Kongresuan. ©Javier Lizón / EFE

Alderdi subiranistek Espainiako Konstituzioa «agortuta» dagoela aldarrikatu dute

Paulo Ostolaza

Konstituzioaren Egunaren bezperan, ohar bateratu bat plazaratu dute Llotja de Marreko akordioaren sinatzaileek. «Herrien autodeterminazio eskubidean oinarritutako eredu bat» eskatu dute.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Gure ustez, beharrezkoa da EAJ gobernutik kanporatzea»

Gotzon Hermosilla

Ezker Anitza-IUk X. Batzarra egin du, eta EAEn «ezkerreko alternatiba sendo bat» osatu behar dela nabarmendu dute berriro, «Nafarroan egin denaren antzera».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.