Makroekonomia

Nafarroako ekonomiari 3,4 puntu falta zaizkio pandemia aurreko egoerara heltzeko

Laboral Kutxak uste du BPGa %6,4 handituko dela aurten eta %6,7 datorren urtean, baina Joseba Madariaga ekonomistak ohartarazi du balitekeela inflazioak susperraldia moteltzea, lehengaiak garestitzearen ondorioz

Joseba Madariaga, Iruñeko Tres Reyes hotelean, egoeraren nondik norakoak azaltzen. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2021eko urriaren 22a
11:54
Entzun

Gutxi falta zaio Nafarroako ekonomiari pandemia aurreko egoerara ailegatzeko. Laboral Kutxak Iruñean egin duen topaketa batean azaldu duenez, berez, 3,4 puntu falta zaizkio barne produktu gordinari 2020ko otsaileko mailara itzultzeko. Datorren ostiralean kaleratuko da hirugarren hiruhilekoko hazkundearen datua, eta Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak aurreratu du tartea are gehiago estutzea espero dutela (beste 1-2 puntu inguru, zehazki). Hala, 2022ko lehen edo bigarren hiruhilekoan lortuko litzateke helburu hori.

Tres Reyes hotelean egindako agerraldian, Nafarroako Gobernuko Elma Saiz eta Mikel Irujo kontseilaria izan dira. Bertan zen lurraldeko enpresaburuen ordezkaritza bat. Lehenik, Madariagak egungo egoeraren gakoak eman ditu, eta, ondoren, Saizek, Irujok eta Javier Kortajarena Laboral Kutxako lurraldeko zuzendariak parte hartu dute.

Bere aurkezpenean, Joseba Madariaga Laboral Kutxako Ikerketa zuzendariak ohartarazi du egungo «egoera konplikatua» dela, mundu osoan hazkundearen eta inflazioaren arteko tentsioa dagoelako, eta horrek zenbat iraungo duen antzematerik ez dagoelako oraintxe.

Adituek espero zuten konfinamendutik atera ahala suspertuko zela ekonomia. «Krisi hau aurrekoaren desberdina da. Osasun larrialdi batek eragin du, eta, krisiak oro har txarrak badira ere, baikor geunden. Pentsatzen genuen pasatu ahala azkar suspertuko ginela. Ez da horrela izan», esan du Madariagak.

Errealitateak erakutsi du ekonomia ez dela piztu eta itzal daitekeen makina bat, eta neurri handi batean, pandemiaren ondorioek eragin dute. Iazko udan eta udazkenean, konfinamendua atzean utzi eta jarduera bere onera itzuli zenean, azaldu ziren arazoak. Indarrez suspertu zen eskariari erantzun nahi izan zioten enpresek, baina, biltegietako stockak agortu ahala, munduko hornidura katea ez zen gai izan haien beharrak betetzeko. Iragan urtearen amaieran hasi zen eskasiak gaurdaino iraun du, eta ez dago argi noiz amaituko den. Madariagaren arabera, txertaketaren inguruko desorekek eragiten dute: herrialde garatuetan pauta osoa dute herritarren %60k —Hego Euskal Herrian %80tik gertu dago—, baina garabideko herrialdeetan, %20 inguruk.

Eskasiaren adibiderik argiena erdieroaleen krisia da. Nafarroako industria %2,2 handitu da 2019ko jarduerarekin alderatuta; autogintza, berriz, %25 beherago dago, Volksawegenek aurten hainbat egunez gelditu egin behar izan baitu produkzioa —urrian, kasurako, lau egunez—. Alemaniako auto industriak egindako azterketa batek arazoa aurten amaitu daitekeela kalkulatu badu ere, Madariaga ezkorrago azaldu da, eta 2022an ere nabarituko dela uste du.

Erdieroaleen krisiaz gain, beste lehengaietan ere izan dirahornidura arazoak. Mikel Irujo Garapen Ekonomikoko kontseilariak uztailean izandako bilera batean, industriako enpresek «kezka handia» dutela helarazi zieten: «Zamaontzietako edukiontzi bat 1.000-2.000 euro kostatzen zen lehen, eta 20.000 euro kostatzen da orain, edo zuzenean ez dago ontzirik eta hegazkinez egin behar da. Mundu osoko arazo bat da. Txinak munduko altzairuaren bi heren esportatzen zuen, eta, orain, aldiz, inportatu egiten du. Eskasia erabatekoa da. Asteon bertan, jakin da Los Angelesko portua erabat kolapsatuta dagoela».

Inflazioaren eragina

Egoera hori jada eragiten ari da ekonomian. Hornidura arazoek lehengaien eta energiaren kostuak garestitzea eragin dute, eta horrek inflazioa igotzea ekarri du. Uztailetik, berriz, salneurrien tenkatzeak kontsumoaren beherakada txiki bat ekarri du; hots, ekonomia moteltzen hasi da.

Norantz joko du, baina, ekonomiak? Madariagaren arabera, egungo mundu mailako hornidura arazoak bizpahiru hiruhilekotan, 2022 erdialderako, konponduz gero, ekonomiak abiada hartuko du berriz; aldiz, lehengaien eskasia eta inflazioaren arriskua iraunkorra bada, susperraldia baldintzatu dezake.

Horregatik, Laboral Kutxako Ikerketa zuzendariaren arabera, inflazioaren gorakadaren aurrean, diru politikaren kontrola duten banku zentralek kudeatzeko egoera zaila dute aurrean. «Diru politikaren aldaketa albiste txarra da. Etorri, etorriko da, baina ez dut uste berehalakoan helduko denik, EBZk oraindik ere erantzuteko tartea baitu», adierazi du Madariagak. Izan ere, %1,8koa da egun euroaren eremuko azpiko inflazioa — prezioetan berehalako eragina duten elikagai eta energia kostuak aintzat hartzen duen datua—, eta EBZk prezioen kontrolerako %2ko langa jarri ohi du xede gisa . Bestalde, pandemiaren ondorioz estatuen zorra erosteko programak martxorainoko epea du.

Martxotik aurrera, adi egon beharko da. Gakoa da inflazioaren mehatxua behin-behinekoa edo iraunkorra ote den. Iraunkorra bada, ekonomia gehiegi berotzeko arriskua dago, eta EBZ interes tasak igotzen eta zorra erosteari uzten has daiteke. Dena den, Madariagak uste du EBZk «malgu» jokatzeko aukera duela.

Aurreikuspenak

Oraingoz, uztaileko aurreikuspenei eutsi egin die Laboral Kutxak. Uste du aurten %6,4 haziko dela Nafarroako ekonomia, eta datorren urtean 6,7. Enplegua, berriz, %4,2 eta %4,8 handitzea espero du. Abenduan berrikusiko ditu, eta orduan ikusiko da egungo testuinguruak zenbateraino iraun duen.

Dena den, Elma Saiz kontseilariak datu baikor batzuk eman ditu. Zerga bilketa iaz epe berean baino %19 gehiago eta 2019an baino %7 gehiago handitu da. Langabezia, berriz, «2020ko otsailekoaren antzekoa da». Saizek onartu du gobernua kezkatua dagoela inflazioarekin, eta datorren urterako zerga neurrietan hori aintzat hartuko duten neurriak hartzeko prest azaldu da. Ez du zehaztu nondik nora joan daitekeen zerga arloko proposamen hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.