Polonia

Europako justiziak egunean milioi bat euroko isuna ezarri dio Poloniari

Uztailean, Europako Justizia Auzitegiak agindu zion Varsoviari behin-behinean eten zezala Poloniako Auzitegi Goreneko diziplina batzordea, baina hark ez zuen agindua bete. Poloniak «xantaia» egitea egotzi dio Bruselari.

Poloniako presidnte Andrzej Duda, urri amaieran Varsovian egindako ekitaldi ofizial batean. RADEK PIETRUSZKA, EFE
2021eko urriaren 27a
13:53
Entzun

Beste maila bat gora egin du Poloniaren eta Europako Batasunaren arteko gatazkak. Europako Justizia Auzitegiak egunean milioi bat euro ordaintzera zigortu du Varsovia, joan den uztailean auzitegi berak emandako epaiari entzungor egiteagatik. Udan, Luxenburgok agindu zion Varsoviari eten zezala behin-behinean azken justizia erreforman eta Auzitegi Gorenean sortutako diziplina batzordea. Hark, baina, ez zuen batzordearen lana eten, eta, ondorioz, Europako Kontseiluak bigarrenez aurkeztu zuen salaketa.

Europako Kontseiluaren arabera, erreforma horrek arriskuan jartzen du justiziaren independentzia, besteak beste, epaileei eragozten dielako zenbait auzi Europako Justizia Auzitegira bideratzea. Gobernuak epaileak aukeratzeko duen eskumena ere auzitan jarri izan du Bruselak. Erreformak batzorde bat eratu zuen Poloniako Auzitegi Gorenean, epaileen independentziaz ebazteko, EBren legeak kontuan hartu gabe: eskumena du horiek behin-behinean kargutik kentzeko, soldata murrizteko eta immunitatea kentzeko, besteak beste.

Europako Justizia Auzitegiaren ebazpenak ohartarazten du auzitegiaren behin-behineko neurriak bete beharrekoak direla, Europako Batasuneko ordena juridikoari eta haren oinarri diren balioei «konpondu ezinezko kaltea» eragitea eragozteko. Hala, Varsoviak egunean milioi bat euroko isuna ordaindu beharko du diziplina batzordea behin-behinean desegiten ez duen bitartean —urte bukaerarako erreforma bat aurkezteko asmoa iragarri du Poloniak, eta harekin diziplina batzordea bertan behera uztekoa—, edota Justizia Auzitegiak azken epaia jakinarazten duen artean.

Ebazpenak haserretu egin du Poloniako Gobernua, eta «xantaia» egitea egotzi dio Bruselari. «Poloniak gure herrialdeko sisteman horrenbesteko eragina izan ez dezan egiten ari diren operazioaren hurrengo fasea da. Usurpazioa da», gaitzetsi du Justizia ministrorde Sebastian Kaletak. Haren esanetan, Europako Batasunak bere eskumenak gainditu ditu, eta «gehiegikeriara» jo du isunak jarriz eta behin-behineko neurriak hartuz.

Bruselaren eta Varsoviaren arteko harremana garraztuz doa egunetik egunera. Joan den urriaren 20an Europako Parlamentuan egindako saioan hitz gogorrak esan zizkioten elkarri Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroak eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak. «Ezin ditugu arriskuan jarri balio komunak, eta ez ditugu jarriko», ohartarazi zion Von der Leyenek lehen ministroari, eta hark erantzun: «EBren eskumenek muga zehatzak dituzte. Ez dugu isilik geratu behar muga horiek hausten dituztenean. Hortaz, baietz esaten diogu europar unibertsalismoari, eta ezetz europar zentralismoari. Ez gara inoiz probintzia bat izango».

Justizia erreformari lotutako isunaz gain, Polonia aurrez beste bi ere ordaintzen ari da. Irailean Europako justiziak eguneko milioi erdi euroko isuna ordaintzera zigortu zuen Varsovia, Txekiako mugatik gertu duen lignito meategi batengatik.

Salaketa Txekiako Gobernuak jarri zuen joan den maiatzean, argudiatuta «kutsadura handia» eragiten duela. Ordu hartan, Pragak egunean bost milioi euro ordaintzeko eskaria aurkeztu zuen. Isuna Pragak eskatutakoa baino txikiagoa den arren, kolpe gogorra izan da Varsoviarentzat, hura ordaintzen jarraitu beharko baitu meategia zabalik dagoen bitartean.

Horri eguneko 100.000 euroko beste zigor bat gehitu behar zaio, Europako legediak babestutako Puszcza Bial‚owieska eremuan zuhaitz mozketa baimentzeagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.