Migratzaileak

Gutxienez bederatzi migratzaile hil dira Bielorrusia eta Polonia arteko mugan

Varsoviako gobernuaren arabera, 12.000 migratzaile inguru daude Bielorrusian muga igarotzeko zain.

arantxa elizegi egilegor
2021eko azaroaren 9a
11:11
Entzun

Poloniako Defentsa Ministerioak atzo zabaldutako irudiek argi erakutsi dute zein den Polonia eta Bielorrusia arteko mugako egoera. Askok asteak daramatzate zeropeko tenperaturak jasaten Europa mendebalderako bidean jarraitzeko zain. Varsoviako iturriek zabaldutakoaren arabera, gutxienez bederatzi pertsona hil dira orain arte muga igarotzeko ahaleginetan. Poloniako Gobernuak hiru kilometroko «segurtasun eremua» jarri du mugan, eta handik aurrera egitea debekatu die ez bakarrik kazetariei, baita gobernuz kanpoko erakundeei ere.

Poloniako lehen ministro Mateusz Morawiecki Bielorrusiako mugara joatekoa da gaur, bertako egoera zuzenean ezagutzeko. Atzo Europako Batzordeak Varsoviari aholkatu zion laguntza eska ziezaiola Frontex Muga eta Kostaldeetako Guardiaren Europako Agentziari eta Europoli. Poloniak berak egotzi dio Bielorrusiari migratzaileak mugara bidaltzea, Europako Batasuna desegonkortzeko asmoz. Minskek, baina, ukatu egin du hori, eta adierazi du migratzaileek ez dutela araurik hautsi Bielorrusian.

Poloniako segurtasun indarrek zabaldutako bideoetan, jendea ikusten da bi herrialdeak banatzen dituen hesia igarotzen saiatzen. Iturri ofizialen arabera, 800 pertsona inguru daude kanpatuta hesiaren inguruetan, eta beste 4.000 inguru daude mugatik gertuko basoetan ezkutatuta. Orotara Bielorrusian 12.000 migratzaile inguru egon daitezkeela uste du Varsoviak.

Dena den, Polonia ez da neurriak hartu dituen herrialde bakarra. Lituania ere mugan larrialdi egoera ezartzea aztertzen ari da. Europako Batasunak NBE Nazio Batuen Erakundean dituen ordezkariak ere auziaz hitz egitekoak dira gaur.

«Oinarririk gabeak»

Minsken arabera, «oinarririk gabeak» dira Varsoviak egotzitako salaketak, eta Bielorrusiako defentsa Ministerioak eskaini dio Poloniari alde biko bilera bat egitea «bi aldeen kezkak» eztabaidatzeko. Bielorrusiako Gobernuak salatu du Poloniaren helburua ez dela arazoari irtenbide bat aurkitzea, eta egotzi dio gatazka «maila politikora» eraman nahi izatea.

Poloniako Gobernuak zabaldu duenez, atzoz geroztik 300 lagun baino gehiago ahalegindu dira bi estatuak banatzen dituen hesia gainditzen, eta 17 pertsona atxilotu dituzte paperik gabe herrialdean sartzen saiatzeagatik. Horrez gain, Polonian ezkutuan sartutako 85 gazte kanporatu dituzte.

Poloniak, bestalde, ez du kalterako mugako krisia, Europako Batzordearekin duen gatazka estaltzeko baliatu baitezake, baita abortatzeko baldintzak zorroztu izanak eragindako kritikak isilarazteko ere. Europako Justizia Auzitegiak egunean milioi bat euro ordaintzera zigortu zuen urri amaieran Varsovia, joan den uztailean auzitegi berak emandako epaiari entzungor egiteagatik.

Baina orain, migratzaileen krisiak bultzatuta, babes mezu ugari jaso ditu Varsoviak Bruselatik: hasi Alemaniatik eta Europako Batzorderaino, guztiek luzatu diote eskua duela aste batzuk etsai zutenari, hura baita Ekialde Hurbiletik ihesi doazen ehunka migratzaileak geldiarazten dituena. Hala, Europako Batasuneko estatu kideek Bielorrusiaren aurkako zigorrak eskatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.