Neurri zehatzik gabeko lehen zirriborroa

NBEk filtratu egin du COP26ko partaideei aurkeztu dieten hitzarmenerako zirriborroa. Bertan ez da aipatzen erregai fosilei jarri beharreko mugarik; lanean jarraitzeko beharra azpimarratzen du soilik.

Estatuei ekintza zehatzak eskatzeko protesta bat, atzo, Glasgown. ROBERT PERRY, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko azaroaren 10a
11:26
Entzun

Bezperan Greenpeacek egin bezala, goizaldean NBE Nazio Batuen Erakundeak ere zabaldu egin du COP26ko goi bileran parte hartzen ari diren estatuei aurkeztuko dieten negoziaziorako lehen dokumentua. Idatziak ez du aipatzen erregai fosilei jarri beharreko muga zehatzik; soilik ohartarazten du tenperaturak dagoeneko 1,1 gradu igo direla industria aurreko mailekin alderatuta, eta igoera gehigarri batek klima larrialdia okerragotu eta muturreko fenomenoak ugarituko dituela.

Alok Sharma COP26ko presidenteak egindako zirriborroak bai eskatzen die Parisko Hitzarmena sinatu zuten herrialde aberatsei diru gehiago jar dezatela garabidean diren herrialdeen esku, emisioen murrizketarako beharrezko aldaketak martxan jar ditzaten eta klima larrialdiaren ondorioetara egokitu daitezen, horiek jasango dituzte-eta kalterik larrienak. Zirriborroak «atsekabea» adierazten du, oraindik ez delako lortu 2012an herrialde aberatsek hartu zuten konpromisoa: 2020tik aurrera 85.000 milioi euro baino gehiago bideratzea urtero garabidean diren herrialdeetara. Gainera, estatu horiek «babes nabarmen handiagoa» beharko dutela dio testuak.

Horrez gain, Parisko Hitzarmenean jasotako helburuak egin ditu bere. Hau da, Lur planetaren berotzea mende amaierarako bi gradutara mugatzea —industriaurreko tenperaturarekin alderatuta—, eta 1,5 graduko helburura ahalik eta gehien hurbiltzeko saiakera egitea. Azken xede hori posible egiteko, ordea, nabarmendu du «ekintza eraginkor esanguratsuak» behar direla «hamarkada kritiko» honetan, 2030erako karbono dioxidoaren isuriak %45 murriztu eta «mende erdialde ingururako» karbono neutraltasuna lortzeko.

Dokumentuak «kezka handia» aitortzen du estatuek orain arte beren buruari ezarri dizkieten konpromiso ez lotesle guztiak beteta ere karbono dioxido isuriak %13,7 igoko liratekeelako 2030erako, 2010eko kopuruekin alderatuta. Hala, proposatzen du estatuen arteko mahai bat sortzea, zeinak kideak urtez urte konpromiso handiagoak hartzera bultzatuko dituen eta aurrez hartutakoak betetzen dituztela gainbegiratuko duen.

Parisko Hitzarmenaren arabera, estatuek bost urtero berrikusi behar dituzte isuriak mugatzeko beren buruari ezarritako konpromisoak. Ildo horretan, Anbizio Handiko Koalizioa deiturikoak —AEBak, EB Europako Batasuna eta klima aldaketarengatik arriskurik handienean dauden herrialdeak biltzen dituenak— proposatu du epe hori urtebetera murriztea, 1,5 graduko helburua betetzeko bidetik kanpo dauden herrialdeen kasuan.

Parisen hitzartutakoa betetze aldera, 2022rako neurri gehigarriak har ditzatela eskatzen die dokumentuak estatuei. Neurri horien artean, ikatzaren erabilera eta erregai fosilen ustiaketara bideratutako diru laguntzak «lehenbailehen» alboratzeko galdegin die.

Zirriborroaren edukia negoziatuko dute munduko agintariek datozen hiru egunetan, eta dokumentua COP26ren amaierarako espero den akordioaren oinarria izatea espero da.

Negoziaziorako idatziaren edukia publiko egin da Climate Action Tracker klimaren ikerketarako egitasmoak mende amaierarako egin duen azken iragarpenaren biharamunean. Talde horretako zientzialariek atzo ohartarazi zutenez, estatuek 2030erako ezarriak dituzten konpromisoetan oinarrituta, Lur planetaren tenperatura 2,4 gradu berotuko da mende honetan, eta gisa horretako tenperatura igoera batek klima hondamendi ugari eragingo lituzke mundu osoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.