Migratzaileak

Hendaia eta Baiona artean migranteen segurtasuna bermatzeko eskatu diete hautetsiei

Elkartasuna Larhun kolektiboak gutuna bidali die Hego Lapurdiko hamar auzapezei eta Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariari. «Ez gaitzazue bakarrik utzi. Ezer eginen ez bagenu, arriskuan daudenei laguntza ez ematearen hobendun bihurtuko ginateke»

Ziburun hiru pertsona hil ondoren protesta egin zuten eragileek. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko azaroaren 10a
16:36
Entzun

Migranteak laguntzen dituen Elkartasuna Larhun kolektiboko kideek Hego Lapurdiko hamar auzapezei eta Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariari dei egin diete Hendaia eta Baiona artean migranteen segurtasuna berma dezatela eskatzeko. Bakoitzari bidalitako gutun batean «neurriak» har ditzatela eskatu dute «drama berri bat gertatu aitzin». Urtea hasi denetik, sei pertsona hil dira migrazioen bidean: batek bere buruaz beste egin zuen, bi Bidasoa ibaian ito ziren, eta hiru trenak harrapatuta hil ziren Ziburun (Lapurdi) urri hasieran. «Nahi al dugu, nahi al duzue gure mugaldeko eskualdeko egoera honek iraun dezan? Ez dugu sinesten!».

Hautetsiei bidalitako eskutitzean oroitarazi dute 2018az geroztik, «herritar andana baten eskuzabaltasunari esker, nekez eta ahal dugun bezala» Baionako Pausa harrera zentrora iritsi nahi duten pertsona atzerritarrei laguntzen dietela. «Pertsona horiek garraiatzea, jende askok uste ez bezala, ez da arriskutsua. Arriskutsua da jendeari trenbidea hartzen uztea edo Bidasoa zeharkatzea horrek dituen arrisku guztiekin. Eta azken gertaerek tragikoki gogorarazten digute!», idatzi dute.

«Gizaki horiek gure anaiak izan litezke, gure arrebak, gure seme-alabak. Haien presentzia legezkoa ala zilegi da? Justifikatuta al dago beren herrialdetik irtetea? Arazo horiek politikarenak dira, ez gara horretaz arduratzen. Eremu politikoa ez da gurea, larrialdi humanitarioaz ari gara, arriskuan daudenekiko elkartasunaz, eta zentzuz ere bai», azpimarratu dute Larhun kolektibokoek. «Hor daude, migratzaileak, erbesteratuak –edonola deituta ere –, hor daude arrazoiak edozein direla ere; kanporatuak, tratu txarrak jasanak, baina hor daude!»

Koronabirusaren ondorengo garaietan beste lehentasunik izatea «ulertzen» badute ere, «zentzugabea» iruditzen zaie Larhun kolektiboko kideei hautetsiak ez daitezen ardura beren herrietatik iragaten direnen segurtasunaz. Hala, Baionako Pausa harrera guneari egin diote aipamena, oroitaraziz Euskal Hirigune Elkargoa osatzen duten Ipar Euskal Herriko 158 herriek laguntzen dutela diruz. «Tokiko biztanleekiko elkarbizitza eroso bat antolatzeko 'kanalizazio' irtenbide baten gisan hauteman ez dadin, pertsona horiek Hendaiatik Baionara bidean egiten duten bidaia segurtatzeko jokatu behar duzue», eskatu dute. «Ez gaitzazue utzi ekintza honetan gu bakarrik ahitzen. Ezer ez eginez gero, arriskuan daudenei laguntza ez ematearen hobendun bihurtuko ginateke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.