Kuba

Kuban «aldaketa politikoa» eskatzeko mobilizazioak deitu dituzte, Habanak protestak debekatu arren

Plataforma deitzaileak uztailaren 11ko protestei eman nahi die segida, «demokrazia» eta «askatasuna» aldarrikatzeko. Habanaren iritziz,  Washingtondik antolatutako «ezegonkortze kanpaina» baten parte dira mobilizazioak.

Kubako diasporako talde bat uharteko gobernuaren kontra protestan, gaur, AEBetako Miami hirian. CRISTOBAL HERRERA-ULASHKEVICH, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko azaroaren 15a
16:41
Entzun

Kuban izan ziren azken ezohiko protestetatik lau hilabetera, «diktadura» amaitzearen aldeko mobilizazioak deitu ditu astelehenerako Archipielago plataformak uharteko hiririk handienetan eta atzerrian. Manifestazio «zibikoak eta baketsuak» iragarri dituzte, uharteko gizartearen «pluraltasunaren» alde, eta herritarrei eskatu diete zuriz jantzita irten daitezela kalera, izara zuriak zabaldu ditzatela etxeen kanpoaldean edo lapikoak jotzen eta telebista itzalita egin dezatela bat protestarekin. Gobernuak, baina, uztailean egin bezala, debekatu egin ditu mobilizazioak, Kuba «ezegonkortzea» helburu dutela eta konstituzioaren kontrakoak direla argudiatuta. Habanak salatu du AEBen esku hartze kanpaina bati erantzuten diotela.

Washingtonen aginduetara jarduten duenik ukatu du Archipielago taldeak, eta gobernuari leporatu dio esku hartzearen argudioa erabiltzea herritarren eskubideak murrizteko. Protestetarako deialdian azaldu du «miserian» bizi direnen egoera, «oinarrizko produktuak eskuratzeko dibisak» ez dituztenena, inflazioaren ondorioak pairatzen ari direnena salatu nahi dutela. Deitzaileek gaineratu dute Kubak ezin duela «burokraten etxalde bat izaten jarraitu», eta ezin duela «gutxiengo baten gutizien menpe egon».

Kuban 15:00ak direnerako daude deituta mobilizazioak —21:00ak Euskal Herian—. Aldiz, goizeko lehen ordutik gobernuaren aldeko hainbat taldek elkarretaratzeak egin dituzte Archipielagoko kide ezagunenen etxeen aurrealdean, «iraultza babesteko». Mobilizazioen sustatzaileek adierazi dutenez, segurtasun indarren presentzia handia da kaleetan. Plataformako hainbat kidek beren etxe aurreko elkarretaratzeak eta segurtasun indarren «jazarpena» salatu dituzte. Horien artean, Yunior Garcia Aguilera eta Saili de Amarillo buruzagiek. Beste hainbatek Poliziaren mehatxuak eta internet mozketak jasa dituztela adierazi dute.

Uztailaren 11an izan ziren ezohiko protesten karietara sortu zuten Archipielago plataforma. Gobernuaren politiken kontrako manifestazioak izan ziren egun horretan herrialdeko hainbat hiritan. Kubako egoera ekonomikoa eta pandemiaren kudeaketa salatu zituzten, «diktadura» gaitzesteko leloak oihukatu, eta «askatasuna» aldarrikatu. Gobernuak legez kanpokotzat jo zituen protestak, deitzaileek ez zutelako manifestazioak egiteko baimenik eskuratu, eta atxiloketekin erantzun zuen —pertsona bat hil zen protestetan—. Gainera, Manuel Diaz-Canel presidenteak AEBen esku hartzea salatu zuen, eta Kubako Gobernua «ezegonkortzeko» helburua izatea leporatu zien protesten bultzatzaileei. Archipielagok «preso politikoak» askatzeko galdegin dio Habanari.

Etxe Zuriaren ezkutuko eragin asmoekin lotu ditu gaurko protesta deialdiak ere Kubako Gobernuak. Bruno Rodriguez Parrilla Atzerri ministroaren esanetan, «AEBetako hainbat botere zentrotatik antolatutako operazio bati» erantzuten diote. Haren iritziz, AEB saiatzen da Kuba «porrot egin duen estatu baten modura» aurkezten, baina ahalegina «antzua, desesperatua eta inozoa» da. «Kubak ez du inoiz onartuko atzerriko gobernu batek gure lurraldean esku hartzea», ohartarazi zuen joan den astean.

Kubaren «ezegonkortze» politikorako AEBek «komunikazio makineria boteretsua» erabiltzen dute, ministroaren arabera, eta, bereziki, sare sozialen erabileraz ohartarazi du. «Facebooken badira talde pribatu batzuk legez kanpo jarduten dutenak. Horietatik, geolokalizazio sistemak moldatzen dituzte beste herrialde batean bizi diren pertsona batzuk, batez ere AEBetan, era masiboan Kuban daudela irudikatzeko», salatu du.

Uztaileko protesten ostean, Diaz-Canelek aitortu zuen herritarrengan «haserrea» eragin zutela oinarrizko elikagaien eta sendagaien gabeziak, elektrizitate sareko mozketek eta pandemiak egoera horri arazoak gehitu izanak. Herritarren kexuek gobernua zenbait neurri hartzera behartu zuten. Besteak beste, ezabatu egin zituen uhartera bidaiatzen zutenek herrialdean inportatu zezaketen elikagai, sendagai eta garbitasunerako produktuen gehienezko kopurua, herrialdeko zentral elektrikoak berrikusiko zituela agindu zuen, «ekoizpen ahalmena nabarmen hobetzeko», eta COVID-19aren kontrako txartatze kanpaina azkartuko zuela ere hitzeman zuen.

Ekonomiari arnasa

Kubak COVID-19aren kontrako hainbat txerto garatu ditu, eta, gaur gaurkoz, biztanleriaren %80 txertatuta dago horietakoren bat hartuta. Hilaren amaierarako, biztanleriaren %90 txertatuta egotea espero dute. Hori dela eta, ikasleak ikastetxeetara itzuli dira gaur, eta gaurkoa izan da gobernuak berriz ere atzerriko turismoari ateak ireki dizkion lehen eguna. Azken neurri horrek arnasa emango dio pandemiak eta AEBen zigor ekonomikoek estu hartua duten Kubako ekonomiari.

Herritarren kexen aurrean, Habanak nabarmendu du AEBek uhartearen kontrako enbargoa indartu zutela eta 243 zigor ekonomiko ezarri zizkiotela Donald Trumpen agintaldian, eta neurri horiek indarrean jarraitzen dutela Joe Bidenen agintean ere, nahiz eta Etxe Zuriak Kubarekiko politika «berrikusiko» zuela iragarri zuen, uztaileko protesten ostean. Rodriguez Parrillaren iritziz, AEBak «herritarrentzako sufrimendu egoerak sortzen» ahalegintzen ari dira «eztanda sozial baterako baldintzak» sustatze aldera.

Washingtonek uhartera milioi bat txerto bidaltzeko egin duen eskaintza «oportunista» dela gaineratu du, «ia biztanleria guztia txertatuta dagoenean» egin duelako, eta Etxe Zuria ez delako gai izan pandemia hasi zenetik laguntza humanitarioa eskaintzeko. «Kubak herritarrek dituzten zailtasun ekonomikoak gainditzeko ahaleginean jarraituko du, gure lanarekin eta gure baliabide propioetan pentsatzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.