Kuba

Bertan behera geratu dira Kuban antolatutako protestak

«Atzerriak antolatutako operazioak huts egin» duela aldarrikatu du Habanak. AEBek, berriz, herritarrei «jazartzea eta haiek isilaraztea» egotzi diote.

Kubatar talde bat Habanako exekutiboaren aurka protestatzen, Santo Domingon, Dominikar Errepublikan. ORLANDO BARRIA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko azaroaren 16a
09:32
Entzun

Ez da protestarik izan gauean Kuban. Euskal Herrian goizaldea zenean zituzten egitekoak, Archipielago plataformak antolatuta, baina bertan behera geratu dira. Kubako Atzerri ministro Bruno Rodriguezek txalotu egin du «atzerriak antolatutako operazioak huts» egin izana: «Washingtongo nire kideak festarako jantzi dira, eta esku hutsik geratu dira».

«Diktadura» amaitzearen aldeko mobilizazioetara zuen atzo deitua Archipielago plataformak, uharteko hiririk handienetan eta atzerrian. Manifestazio «zibikoak eta baketsuak» iragarri zituzten, uharteko gizartearen «pluraltasunaren» alde, eta herritarrei eskatu zieten zuriz jantzita irten zitezela kalera, izara zuriak zabal zitzatela etxeen kanpoaldean edo lapikoak jotzen eta telebista itzalita egin zezatela bat protestarekin. Gobernuak aurrez ohartarazia zuen ez zutela baimenik protestak egiteko, baina hasieran oposizioak entzungor egin zion debekuari. Azken orduan, baina, atzera egin behar izan zuten, eta salatu zuten «kaleak poliziaz bete» zituela gobernuak, hainbat lagun atxilotu, eta beste asko etxean itxita eduki.

Habanak, baina, AEBetako Gobernuari egotzi dio protestak sustatu izana. Hala adierazi du goizaldean Rodriguezek berak: «Joan den asteazkenean bertan esan nuen AEBetako Gobernuaren adierazpen ugari entzun nituela atzo gure Kuban gertatuko zenaz hitz egiten, baina ez da halakorik izan gure kaleetan».

Oso bestelako erantzuna eman du Washingtonek. Segurtasun Nazionalerako aholkulari Jake Sullivanek leporatu dio Habanari «jendea izutzeko teknikak» erabili izana «herritarrak isilarazteko». Haren esanetan, protestak hasi baino lehen Kubako Gobernuak hainbat lagun atxilotu zituen, eta «jazarri» egin zitzaien, protestak geldiarazi asmoz. «Kubako erregimenak entzun egin behar du herriak zer dioen, haien ezintasunei arreta jarri eta elkarlanerako bideak aurkitu kubatarren nahiak eta beharrak hobeto asetzeko».

Uztailaren 11an izan ziren ezohiko protesten karietara sortu zuten Archipielago plataforma. Gobernuaren politiken kontrako manifestazioak izan ziren egun horretan herrialdeko hainbat hiritan. Kubako egoera ekonomikoa eta pandemiaren kudeaketa salatu zituzten, «diktadura» gaitzesteko leloak oihukatu, eta «askatasuna» aldarrikatu. Gobernuak legez kanpokotzat jo zituen protestak, deitzaileek ez zutelako manifestazioak egiteko baimenik eskuratu, eta atxiloketekin erantzun zuen —pertsona bat hil zen protestetan—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.