MEMORIA

Zabalzaren eta Rodriguezen senideek UPNri eskatu diote ekintzekin laguntzeko Iriarteren hitzak

Foro Sozialak uste du Navarra Sumako parlamentariaren barka eskea «lagungarria eta beharrezkoa» dela.

Eneko Etxeberria, Fermin Rodriguez eta Idoia Zabalza, 2017ko otsailean estatu indarkeriaren biktimei eginiko ekitaldi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jon olano
2021eko azaroaren 18a
10:58
Entzun

«Autokritika egiten dugu. Ez genuen jakin German, Zabalza, Arregi eta gainerakoei kariñoa adierazten, edo justizia jasotzeko eskubidea zutela esaten». Navarra Sumako Iñaki Iriarte parlamentariak elkarbizitzari buruzko gogoeta egin zuen atzo Nafarroako Parlamentuan. «Ez zaigu kostatzen barkamena eskatzea okertu egin baginen. Baina gogoratu behar dut ez genuela biolentzia erabili, ez genuela GAL antolatu. Ez genuen gerrarik antolatu gerra egin zigutenen kontra».

Gaur, 1978ko sanferminetan Espainiako Poliziak hildako German Rodriguezen eta Guardia Zibilak 1985ean torturatu eta hildako Mikel Zabalzaren senideek begi onez ikusi dute Iriarteren keinua, baina eskatu dute haren hitzak ekintzekin laguntzeko. Lohizune Amatriak, Zabalzaren ilobak, aurrerapausotzat jo du Iriarteren adierazpena, baina aitortu du «mesfidantza puntu» bat duela: «36 urte dira Guardia Zibilak Mikel hil zuela Intxaurrondon, eta urte hauetan guztietan sektore politiko honetatik ez dugu aitortzarik jaso, bigarren mailako biktimak izan gara».

Fermin Rodriguezi, German zenaren anaiari, berriz, «ongi» iruditu zaio adierazpena, baina justizia egiteko eskatu du: «Argi gera dadila zeintzuk izan ziren arduradunak, ez zirela gertakari bakartuak izan, [Espainiako] Estatuaren politika antolatu bat izan zela. Hori nabarmendu behar da eta hor egin behar da autokritika».

Iriarte Nafarroako Parlamentuan mintzatu zen; Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko konpromiso soziala prozesua amaituta, Foro Sozialak ondorioak aztertu zituen parlamentuan. Testuinguru horretan, Espe Iriarte Foro Sozial Iraunkorreko kideak azaldu du Navarra Sumako parlamentariaren barka eskea «lagungarria eta beharrezkoa» dela. Euskalerria irratian eginiko elkarrizketa batean, atzo alderdiei eskaturikoa azaldu du: estatu indarkeriaren biktimekiko konfiantza berreskuratzeko, «mezu argi bat bidaliz biktimei legearen ezarpenari dagokionez».

Iriarteren hitzak babestu ditu Enrique Maia Iruñeko alkateak ere, baina ñabardura egin dio, esanez berak ez duela zertan barkamenik eskatu: «Niri asko gustatuko litzaidake autokritika hori beste alderdi batzuek egitea (...). ETAren indarkeria gaitzesten ez duten alderdiei eskatzen diet hala egin dezatela eta ETAren biktimentzat ere eskatu dadila memoria, duintasun, justizia eta erreparazio hori, eta hilketa horiek nola gertatu ziren dakitenek lagundu dezatela horiek argitzen, eta utz diezaiotela antzerkia egiteari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.