EAE-ko aurrekontuak

EH Bilduk ez die osoko zuzenketarik aurkeztuko EAEko aurrekontuei

Gaur amaitzen da epea, eta osoko zuzenketak erregistratuko dituzte Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+C's-ek.

Maddalen Iriarte, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jon olano
2021eko azaroaren 26a
10:18
Entzun

Gaur amaitu da Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari osoko zuzenketak aurkezteko epea. Elkarrekin Podemosek eta PP+C's-ek iragarri dute zuzenketa bana jarriko dutela. PPko Carlos Iturgaizek joan den astean eman zituen «amaitutzat» elkarrizketak. Elkarrekin Podemoseko eledun Miren Gorrotxategik, berriz, asteazkenean jakinarazi zuen gobernuak «betoa» jarri ziela koalizioak proposatutako «neurri estrategikoei».

Ikusteko zegoen EH Bilduk zer egingo zuen, eta gaur Maddalen Iriarte bozeramaileak iragarri du taldeak ez duela osoko zuzenketarik aurkeztuko, «elkarrizketarako borondate zintzoa» duela erakusteko. Legebiltzarreko osoko bilkuran, Iriartek adierazi du Jaurlaritzak prestatutako aurrekontu proiektua ez dela «herrialde honek behar duena», baina aitortu du Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuaren jarrerak «aukera bat» zabaldu diola akordio bati. Hortaz, kontuak «hobetzea» izango da EH Bilduren asmoa, Iriarteren esanetan.

Indar subiranistak 32 zatikako zuzenketa aurkeztu dizkie Jaurlaritzaren 2022ko aurrekontuei. Guztira, 118 milioi euroko erabilera aldatzea proposatu du, «azaroaren 10ean gobernuari helarazi zion proposamenarekin koherentzian». EH Bilduk nabarmendu duenez, hobekuntzak planteatzen dituzte nagusiki osasunean, klima larrialdiaren aurkako politiketan, ongizate energetikoan, politika sozialetan, erresidentzietan, eta zaintza arloan eta gazterian.

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak eskerrak eman dizkio EH Bilduri, eta erantsi du «aukera bikaina» dela «balioa emateko negoziazioaren eta elkarrizketaren garrantziari». Urkulluk uste du bere gobernuak aurkeztutako proiektua «eraldatzailea» dela, eta gogoan izan du gobernua eta oposizioko lehen taldea negoziatzen aritu zirela duela bi urte: «Nire hirugarren legealdi honetan, eta aurrekontuei dagokienez, bide berri bat irekitzen da; duela bizpahiru urte, asko aurreratu genuen negoziazioetan. Guk beti erakutsi dugu gure prestasuna, baina azken momentuan ez genuen akordiorik lortu».

Ados jartzeko aukera zabalik egonik, ordea, Urkullu beste esparru batzuetara begira jarri da: «Argi dago aurrekontuek badutela nahikoa garrantzia adostasun zabalagoak garatzeko eta ehuntzeko. Aurrekontuen negoziazioa irekita mantentzeak beste akordio batzuk lortzeko aukerak zabaltzen ditu. Aurrekontuekin batera, dena izango da beharrezkoa eta baliagarria aurretik dauzkagun erronkak aukera bihurtzeko». Zehaztu ditu balizko akordio baterako arloak ere: «Hezkuntza, autogobernua, osasuna, klima aldaketa, gizarte politikak, gazteria aipatuko nituzke. Legebiltzarrean lantaldeak ditugu gai hauetan aurrera egiteko».

Errealitatetik «urrun»

PP+C's koalizioak, ordea, osoko zuzenketa eta 1.500 zuzenketa partzial aurkeztu ditu, iritzita Jaurlaritzaren egitasmoa errealitate sozioekonomikotik «urrun» dagoela eta hura osatzeko aurreikuspenak «zaharkituta» geratu direla. Izan ere, koalizioak argudiatu du espero zela Euskal Autonomia Erkidegoko barne produktu gordina %9 handitzea, baina errealitatean %5 handituko dela.

Luis Gordillo bozeramaileak azaldu du Jaurlaritzaren arazoa dela aurrekontuak «gauzatzeko ezintasuna», gobernuak mila milioi baino gehiago dauzkalako aurrekontuetan jasota baina gauzatu gabe. Diru kopuru hori «kutxan gordeta» eduki beharrean, Gordillok eskatu du familiei eta ekoizpen sektoreari emateko, eta horretarako beharrezkotzat jo du «kontabilitatean egokitzapenak» egitea. Egokitzapen horiek kolpe bakarrean egin ordez, hirutan egitea proposatu du: heren bat —350 bat milioi—, 2022an, eta gainerakoa, hurrengo bi urteetan. Gainera, PP+C's-en nahia da «zerga presioa murriztea».

Bestalde, Elkarrekin Podemos-IUk osoko zuzenketa eta 197 zuzenketa partzial jarri dizkio aurrekontu proiektuari, argudiatuta aurrekontu proiektuak ez diola erantzuten «erronka historiko bati, bereziki pandemiatik eratorritako krisi ekonomikoari». Koalizioak uste du «2008ko krisiko paradigmaren antzekoarekin» prestatutako proiektua dela eta, beraz, «murrizketa sozialen aurrekontuak» direla: «Aurten bageneukan aukera zerbitzu publikoak babesteko eta indartzeko, eta aukera hori galdu egin da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.