Asier Zabaleta eta Marian Gerrikabeitia ostegunean itzuliko dira Euskal Herrira

Mozambiken harrapatuta daude dantzaria eta kazetaria, omikron aldaera dela-eta mugak itxi dituztelako hainbat herrialdek. Espainiako Gobernuak antolatu die etxera ekarriko dituen hegaldia.

Paulo Ostolaza.
2021eko azaroaren 28a
11:18
Entzun

Badute itzulerarako eguna Asier Zabaleta dantzariak eta Marian Gerrikabeitia kazetariak: abenduaren 2a, osteguna. Berez, gaur ziren Mozambiketik itzultzekoak, baina asteburuan jakin da koronabirusaren izurriaren omikron aldaera dela-eta han harrapatuta zeudela biak. Aldaera horren hedapena geldiarazteko hartutako prebentzio neurrien ondorioz zeuden hala; izan ere, hainbat muga itxi, eta hegaldi asko eta asko bertan behera utzi dituzte. Azkenean, Espainiako Gobernuak ostegunerako hegaldi bat antolatzea lortu dute, eurentzat eta antzeko egoeran zeuden 50 lagun ingururentzat.

Zabaletak bideo batean kontatu zuenez, atzo zalantzati izan ziren Johannesburgoko aireportura joan edo ez erabakitzeko, baina, azkenean, Maputon gelditu ziren. «Ez genuen argi ikusten hegaldiren bat hartzeko aukerarik izango ote genuen eta, ezin bagenuen, Maputora bueltatzerik izango genuen edo ez», adierazi zuen.

Dantzariaren esanetan, «asmatu» egin zuten Maputon gelditzen, aireportuetan gero eta jende gehiago pilatzen ari delako eta hegaldiak ere «barra-barra» uzten dituztelako bertan behera. Hala, albiste ona jakin aurretik ere «lasai» zeudela esan zuen, Espainiako enbaxadarekin harremanetan zeudela, eta «buru-belarri» lanean ari zirela irtenbide bat bilatzeko.

Koronabirusaren bilakaerari ere egin zion erreferentzia hedabideetara bidalitako bigarren bideoan. «Intzidentzia oso txikia da hemen, eta aldaera berria ez da iritsi ere egin», kontatu zuen. Horregatik, bitxi samarra iruditzen zitzaion «Europatik nola sailkatzen eta zaku berean sartzen diren Afrika hegoaldeko herrialde guztiak», eta hori, gainera, «baloratu ere egin gabe zer egoeratan dauden». Horren harira, azpimarratu zuen oraintxe bertan Mozambike Europako edozein herrialde baino hobeto dagoela. «Zaku berean sartu gaituzte guztiok, eta hementxe gelditu gara irten ezinda», gaineratu zuen.

Asteburuan piztu zitzaien larritasuna

Zabaleta abuztuan joan zen lehen aldiz Mozambikera, hango dantzari batzuekin lan egitera. Gero, irailean itzuli zen Euskal Herrira, han sortutako pieza estreinatzera eta aurkeztera; eta, orain, hamar egun daramatza Mozambiken, Kinani nazioarteko jaialdian lana aurkezten. Egun batzuk geroago heldu zen Gerrikabeitia, Zabaletaren lanari buruzko dokumental baterako irudiak grabatzera.

Atzo zuten azken lan eguna, eta gaur goizean itzultzekoak ziren Euskal Herrira, Qatar Airlines konpainiaren hegaldi batean, Dohan geldialdia eginda. Larunbatean, ordea, kezkatzen hasi ziren: EB Europako Batasunak eta AEBek ostiralean iragarri zuten Afrika hegoaldeko hainbat herritatik ateratzekoak ziren bidaiak debekatu egingo zituztela. Mozambikerakoak ez ezik, Hegoafrika, Lesotho, Botswana, Zimbabwe, Namibia eta Eswatinirako hegaldiak ere utzi ditu bertan behera EBk, eta bide beretik jo zuten atzo beste hainbat herrialdek.

[Youtube]https://youtu.be/n08xkJEx1B8[/Youtube]

Besteak beste, bere hegaldi guztiak bertan behera utzi zituen TAP Air Portugal konpainiak, eta, hori ikusita, Qatar Airlinesera deitu zuten bi euskal herritarrek, baina konpainiak adierazi zien ez zutela arazorik izango. Bi ordu geroago hartu zuen Qatarrek TAPek hartutako erabaki bera.

Sartu ezinda

Orduan, Zabaletak eta Gerrikabeitiak Espainiako Kontsulatuaren deia jaso zuten: esan zieten ahalik eta azkarrena joateko aireportura, eta edozein hegaldi hartzeko. Bi saiakera egin zituzten. Lehenik, TAAG Angolako hegazkin konpainiarekin: Angolan geldialdia eginda Lisboara eramango zituen hegaldi bat hartzen saiatu ziren, baina beteta zegoen jada, eta ezin izan ziren sartu.

Geroago, Ethiopian Airlinesen egin zuten proba. Addis Abeban geldialdia eginda Erromara edo Frankfurtera iristea zen helburua. Kasu horretan, ordea, pasaportea zen arazoa: Alemaniako eta Italiako herritarrek soilik zuten hegazkin horretan sartzeko baimena. Amore eman behar izan zuten bi euskal herritarrek.

Orain arte, ez atzera ez aurrera zeuden. Ez zekiten noiz arte geratu beharko zuten Mozambiken, eta haien helburua zen Espainiako Gobernuari presio egitea haientzako eta haien moduan zeuden beste 50 lagun ingururentzako hegazkin bat ipin zezan. Eusko Jaurlaritzarekin ere jarri ziren harremanetan, eta haiek hitzeman zieten laguntzen saiatuko direla, baina azaldu zieten ez dela euren eskuduntzako kontua.

Asier Zabaleta (Ezkio-Itsaso, 1972) sortzaile eta dantzariak hogei urte baino gehiago daramatza punta-puntako ikuskizunak lantzen. Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat konpainiatan egin zuen lan lehenik, eta 2004an sortu zuen bere konpainia propioa: Ertza. Ordutik, Txinan, Filipinetan, Brasilen, Perun, Mexikon, Israelen... eta beste hainbat herrialdetan aurkeztu ditu bere lanak, baita sormen tailerrak eman ere. Hainbat sari ere irabazi ditu. Azken urteetan, besteak beste, 2018ko arte eszenikoen Max saria irabazi zuen, kale ikuskizunik onenagatik.

Aldaeraren kezka

Mundu guztian eragin du kezka COVID-19aren aldaera honek. Haren arriskuaz ohartarazi zuen OME Osasunaren Mundu Erakundeak ostiralean, orain arteko aldaerak baino azkarrago hedatzen delako eta sarriago mutatzen ari delako. 30 mutazio baino gehiago identifikatu dituzte azken bi asteetan. Horrez gain, ikusteko dago zenbateraino den gai COVID-19aren txertoak eragiten duen babes immunologikoari aurre egiteko. Aldaera Hegoafrikan atzeman dute lehenengoz, eta hainbat kasu baieztatu dituzte Botswanan, Txinan eta Israelen ere. Europan ere agertu dira kasu batzuk, kontinentea berriz ere pandemiaren epizentroa den garai honetan.

COVID-19aren mutazio arriskutsu gehiago eragozte aldera, mundu osoko biztanleria txertatu beharraz ohartarazi zuen larunbatean OMEk. Omikron aldaera lehenengoz Hegoafrikan agertu dela gogorarazi zuen, eta soilik biztanleen %25 daudela txertatuta han. «Agerian gelditu da txertoen eskuragarritasuna ahalik eta azkarrena berdindu behar dela eta zaurgarrienak toki guztietan babestu behar direla», adierazi zuen Tedros Adhanom Ghebreyesus OMEko buruak, Twitter bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.