Omikron aldaeraren hainbat kasu atzeman dituzte Alemanian, Italian eta Erresuma Batuan

EBk eta AEBek Afrika hegoaldeko zenbait herrialderi ezarri dizkieten bidaia debekuen antzekoak jarri dituzte indarrean estatu gehiagok. Mundu osoko biztanleria txertatzearen garrantzia nabarmendu du OMEk.

Emakume bat, maskara jantzita, Municheko aireportuan (Alemania). PHILIPP GUELLAND, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko azaroaren 27a
18:45
Entzun

OME Osasunaren Mundu Erakundeak koronabirusaren «aldaera arriskutsu» gisa izendatu duena Europako herrialde gehiagotara iritsi da. Belgikan baieztatu zuten lehen kasua atzo, eta, gaur, bina kasu atzeman dituzte Alemanian eta Erresuma Batuan, eta beste bat Italian. Herbehereetan ere erne dira, 61 lagunek emaitza positiboa eman dutelako Amsterdamgo aireportuan, Hegoafrikatik bi hegalditan bidaiatu ostean. Kasu horiek omikron aldaerari dagozkien aztertzen ari dira.Txekia aldera berarena izan daitekeen beste kasu bat ari dira ikertzen.

Erresuma Batuko Osasun ministro Sajid Javiden azaldu duenez, herrialdean baieztatu dituzten bi kasuak «konektatuta» daude, eta omikron aldaerarekin positibo eman duten bi pertsonak bakartuta daude. Boris Johnson lehen ministroak, berriz, neurri zorrotzagoak iragarri ditu kasuen gorakadari aurre egiteko. Hala, maskararen derrigorrezkoa izango da dendetan eta garraio publikoan, eta Erresuma Batura sartu nahi duten bidaiariek PCR proba bat egin beharko dute, txertatuta egoteaz gain. Johnsonen hitzetan, oraintxe garrantzitsua da «denbora irabaztea», omikron aldaeraren kutsatzeak ahalik eta gehien mugatzea, adituek haren ondorioak aztertu artean.

Alemanian, Bavieran atzeman dituzte omikron aldaeraren bi kasuak. Herrialdeko Osasun ministro Klaus Holetschek adierazi du joan den asteazkenean Municheko aireportura iritsi ziren bi bidaiarik eman dutela positibo aldaera horrengatik, eta bakartuta daudela ostegunetik. Azken hamalau egunetan Hegoafrikatik Alemaniara joan diren guztiei harreman sozialak mugatzeko eta PCR probak egiteko eskatu die gobernuak.

Italiako Osasun Institutu Nazionalak jakinarazi du Mozambiketik joandako bidaiari bati atzeman diotela COVID-19aren omikron aldaera, eta «osasun egoera onean» dagoela.

Mundu guztian eragin du kezka COVID-19aren azken aldaerak. Haren arriskuaz ohartarazi zuen OME Osasunaren Mundu Erakundeak atzo, orain arteko aldaerak baino azkarrago hedatzen delako eta sarriago mutatzen ari delako. 30 mutazio baino gehiago identifikatu dituzte azken bi asteetan. Horrez gain, ikusteko dago zenbateraino den gai COVID-19aren txertoak eragiten duen babes immunologikoari aurre egiteko. Aldaera Hegoafrikan atzeman dute lehenengoz, eta hainbat kasu baieztatu dituzte Botswanan, Txinan eta Israelen ere. Europan agertu dira lehen kasuak, kontinentea berriz ere pandemiaren epizentroa den garaian.

EB Europako Batasunak eta AEBek Afrika hegoaldeko hainbat herritan jatorria duten bidaiak debekatuko zituztela iragarri zuten atzo. Hegoafrika, Lesotho, Botswana, Zimbabwe, Mozambike, Namibia eta Eswatinirako hegaldiak utzi ditu bertan behera EBk, eta bide beretik jo dute gaur beste hainbat herrialdek. Australiak, esaterako, Afrika hegoaldeko bederatzi herrialderi mugatu dizkie bidaiak, eta herrialdera sartzeaukatu die australiarrak ez diren eta azken hamalau egunetan herrialde horietako batean egon diren bidaiariei. Antzeko neurriak hartu dituzte Turkiak, Malasiak, Brasilek, Dominikar Errepublikak eta Guatemalak.

Hegoafrika kexu agertu da estatu horien erabakiengatik. Gobernuak adierazi du azken finean nazioarteko debekuek Hegoafrika «zigortu» dutela koronabirusaren «aldaerak azkarrago atzemateko gaitasun handiagoa izateagatik».

Mundua txertatzea

COVID-19aren mutazio arriskutsu gehiago eragozte aldera, mundu osoko biztanleria txertatzearen beharraz ohartarazi du gaur OMEk. Omikron aldaera lehenengoz Hegoafrikan agertu dela gogorarazi du, eta soilik biztanleen %25 txertatuta daudela bertan. «Agerian gelditu datxertoen eskuragarritasuna ahalik eta azkarren berdindu behar dela eta zaurgarrienak toki guztietan babestu behar direla», adierazi du Tedros Adhanom Ghebreyesus OMEko buruak, Twitter bidez.

Erakundeak ere ohartarazpena bidali du sare sozialean, bere kontu ofizialaren bidez. «Txertoen banaketa zenbat eta desorekatuagoa izan, orduan eta arrisku handiagoa birusa transmititzeko, eta, beraz, haren egitura mutatzeko».

Hain justu, txertoen mundu mailako eskuragarritasuna erraztu dezaketen neurrietako bat aztertzekoa zen Munduko Merkataritza Erakundea datorren astean: COVID-19aren kontrako txertoen patenteak indargabetzea. Baina, besteak beste, aukera hori eztabaidatu behar zuen bilkura, asteartean hastekoa zena, bertan behera utzi dute, omikronak eragin duen kezkaren eraginez hegaldi ugari bertan behera gelditu direlako.

Txertoen patenteak indargabetzeko proposamena Hegoafrikak eta Indiak aurkeztu zuten. Hain justu, munduan kezka handien eragin duten COVID-19aren bi aldaerak lehenengoz atzeman diren bi estatuak dira horiek. Indian identifikatu zuten aurrenekoz koronabirusaren delta aldaera, egun munduan kutsatzeen %98 baino gehiagoren erantzule dena. Hegoafrikan bezala, Indian ere biztanleen herenak baino gutxiago daude txertatuta: %30 inguru.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.