Hizkuntza eskubideak jomugan

Alejandro Toquero, Tuterako alkatea: «Hemen inork ez du hitz egiten euskaraz; ez da sekula egin»

Erriberan inoiz euskaraz hitz egin dela ukatu du Toquerok 'El Mundo' egunkariari eginiko adierazpen batzuetan. Baieztapen hori urrun da egiatik; mendeetan atzera eginez gero, hainbat dira eremuan euskara erabiltzen zela frogatzen duten arrastoak.

2019ko Nafarroa Oinezeko irudiak, Tuteran. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko azaroaren 29a
16:50
Entzun

2022an Euskal Telebistaren hirugarren katea Nafarroa osora zabaltzeko urratsak eginen direla iragarri zenetik, errenkadan iritsi dira euskararen kontrako adierazpenak zenbait politikariren ahotatik. Sergio Sayas UPNko diputatua izan zen aurrena, Isabel Diaz Ayusok ere egin zuen euskarazko telebistaren kontrako hitzik. Orain, Tuterako alkateak eman du pausoa. El Mundo egunkariak erreportaje bat plazaratu du ETB3ren gaia hizpide hartuta, eta katearen emisioa zabaltzearen aurka azaldu da Tuterako alkate Alejandro Toquero. Ordea, urrunago joan da Toquero, argudio zehatz bat eman baitu: «Hemen ikus daiteke ETB3, baina ez du inork ikusten. Inork ez zuen eskatu ikusi ahal izatea, are gutxiago Erriberan. Hemen inork ez baitu hitz egiten euskaraz; ez da sekula egin».

Ausart egin du baieztapena Toquerok, haren edukia gezurra izanik ere. Ez dira dokumentu gutxi erakusten dutenak euskara orain dela hainbat mende dela bizirik Nafarroako hegoaldean, Erriberan; are, gaur egun ere ezin uka daiteke hizkuntzak eremuan zuen presentzia. Ahuldua bai, baina ez da galdua euskara Erriberan.

Esate baterako, Jimeno Jurio historialariak zehaztasun handiz aztertu du Erriberan hizkuntzek izaniko eboluzioa, eta hainbat bide hartuta baieztatu du euskarak bazuela tokia lur horietan. Besteak beste, 1540. urtean Pedro Petillas nekazariak eginiko testigantza batzuek laguntzen dute argudiaketan. Izan ere, Petillasek kontatzen zuen garai hartan itzultzaileak behar izaten zirela zenbait esparrutan: Zamorako (Espainia) albaitari baten bizipenak jasotzen ditu testuak: han bildutakoen arabera, Zamorakoak aski arazo izaten zuen komunikatzeko garaian, ez zekielako euskaraz. Nafarren ohiko hizkuntza euskara zela erakusten du dokumentazio horrek. Bada besterik: dokumentazio batean frogatua da 1570ean Cintruenigon apez batek Doctrina Chistiana en castellano y vascuence idazkiaren 450 ale enkargatu eta jaso zituela. Izenburuak dioenez, euskarazko hitzak ere eduki nahi zituen, alegia.

Bestalde, 1544an jaiotako Joan Amenduzekoa nafarrak kartzelan zela idatzitako olerki batzuk atera zituen argitara Jose Goñi Gaztanbide historialariak. Valtierrakoa zen, eta honela zioen testuak:

Hemen natza ortzirik, noizbait gozo eiritzirik,

Herioak ustegabe doloroski egotzirik.

Ene arima Jangoikoagana beldurreki partiturik,

Lagungabe bide luzean peril asko pasaturik,

Onak eta onrak bertan munduakc edekirik,

Plazerak azke[ … ] atsekabe bihurturik.

Ahaideak eta adiskideak urte gutiz atzendurik

Ikusten tut isuririk, harresi guzia deseginik,

Argi gabe, ilunbetan, ustel eta kirasturik.

Orain ere, bizirik

Euskarak bizitzeko testuinguru zaila du Erriberan, legeen eta politikarien erabakien eraginez batik bat. Euskararen Legeak herrialdean ezarritako zonifikazioa da oztopo nagusietako bat hizkuntzarentzat, eta hainbat esparrutan, hezkuntzan esaterako, estualdi ia etengabean da euskara. Hala eta guztiz ere, ugari dira hura hauspotzeko egitasmoak. Besteak beste, berriki aurkeztu dute Hordago! ekinbidea, hain zuzen ere zonifikazioari kontra egiteko. Bestalde, aurten jaio da Union Tutera kluba ere, gazte euskaldunen saretzea xede duen futbol taldea. Gainera, gaur egun Tuteran da Nafarroako ikastola indartsuenetariko bat: Argia Ikastola. 1984an zabaldu zuten ikastetxea, eta 200 ikasle inguru hartzen ditu gaur egun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.