Ziurtagiria exijitzearen alde azaldu da Goreneko fiskaltza

Espainiako Auzitegi Goreneko fiskaltzak ontzat jo du Eusko Jaurlaritzak EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiaren kontra jarritako helegitea

Taberna bat, bezeroz beteta. GUILLAUME FAUVEAU
Ion Orzaiz.
2021eko azaroaren 29a
16:51
Entzun

Gaueko aisialdiko ostatuetan eta 50 pertsonatik gora har ditzaketen jatetxeetan COVID ziurtagiria exijitzea «neurri egokia, beharrezkoa eta neurrikoa» dela uste du Espainiako Auzitegi Goreneko fiskaltzak, eta auzitegi horretako administrazioarekiko auzietarako salari galdegin dio «baimena eman diezaiola» Eusko Jaurlaritzari neurri hori Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezar dezan.

EAEko Auzitegi Nagusia COVID ziurtagiria exijitzearen aurka azaldu zen azaroaren 22an, baina Jaurlaritzak helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Gorenean. Orain, auzitegi horretako fiskaltzak ontzat jo du errekurtsoa, eta neurria ezarri ahal izateko eskumena galdegin du Jaurlaritzarentzat. Galizian COVID ziurtagiria exijitzearen alde emandako epaia jo du oinarritzat fiskalak.

Espainiako Auzitegi Goreneko hirugarren aretoak bost egun dauzka orain erabaki bat hartzeko, baina lehenago ere hel liteke errekurtsoaren gaineko ebazpena.

EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia

EAEko Auzitegi Nagusiko paileek zenbait arrazoi eman zituzten COVID ziurtagiria ez derrigortzeko. Adierazi zutenez, eskubide «garrantzitsu askori» eragingo lieke neurriak, eta ez soilik berdintasunari eta intimitateari —epaileen arabera, Eusko Jaurlaritzak horiek aipatu zituen eskaera egitean—. Besteak beste, «biltzeko askatasunari, hara-hona ibiltzeko askatasunari eta adierazpen eta sorkuntza artistikorako askatasunei» eragin diezaiekeela esan dute.

Epaia argitaratu eta ordu gutxira, «kezka eta harridura» agertu zituen Jaurlaritzak. Ohar bidez adierazi zuen ez dagoela ados EAEko Justizia Auzitegiaren autoarekin. Gogoratu zuen auzitegiak ebazpenean dioela «arrazoi medikoengatik eta epidemiologoengatik» justifikatu behar dela oinarrizko eskubideei mugak ezartzea. «Horixe da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak egin duena», nabarmendu zuen. Auzitegiak urratuko liratekeen eskubide zerrenda bat jaso zuen, baina, Eusko Jaurlaritzaren ustez, txertoa hartua edo PCRa egina dutenek bermatuak izango lituzkete horiek. Ospitaleetako egoerari dagokionez, auzitegiak esan zuen «une honetan ez dela beste batzuetan bezain larria»; Jaurlaritzaren ustez, berriz, «kontua da presio hori areagotzea saihestea».

Jaurlaritzaren eskariak aurrera egin izan balu, establezimenduen jabeen ardura izango zatekeen bezeroek dokumentua badutela ziurtatzea. Aisialdirako eta dantzarako jarduerak eskaintzen dizkieten lekuetan eskatu beharko zuketen, hala nola diskoteketan, dantzalekuetan, ikuskizunak eskaintzen dituzten dantzalekuetan, musika tabernetan eta karaokeetan. III. taldean sartutako pub eta taberna berezietan ere nahi zuten ziurtagiria eskatzea, 22:00etatik aurrera. Jatetxeetan ere eragingo zukeen neurriak: 50 pertsonak baino gehiagok jateko lekua dutenetan eskatu beharko zuten.

Nafarroan, iragan ostiralean sartu zen indarrean COVID ziurtagiria, zalantza artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.