Memoria historikoa

36ko gerrako memoria guneen sarea landu du Nafarroako Gobernuak

1936ko altxamendu faxistak eta ondorengo diktadurak Nafarroan eragindako indarkeriaren guneen webgune bat aurkeztuko du. Oraingoz hamazazpi fitxa izango ditu, baina asmoa da denborarekin osatzen joatea.

Berako bunkerra da webgunean ageri den hamazazpi fitxetako bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2021eko azaroaren 30a
12:28
Entzun

Memoria guneen sareari buruzko webgunea aurkeztu du Ana Ollo Nafarroako Gobernuako Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak, Josemi Gaston Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendariarekin batera. Duela hiru urte onartu zen memoria tokiei buruzko foru legea, eta bertan hamazazpi toki aitortu ziren. Webguneak, hain zuzen, hamazazpi toki horien fitxak dakartza, baita Pirinioak memoria eta muga izeneko ibilbidea ere.

«Espazio horietan bizi izan zen indarkeriaz eta izuaz galdetu ahal izango diogu gure buruari. Askotan egon gara toki horietan, itzaltzen ari ziren oihartzun horiei buruz ezer jakin gabe». Halaxe azaldu du Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak egitasmoaren helburua.

Hamazazpi fitxa horietan, 36ko gerra eta diktadura bultzatu zituztenen indarkeriaren gertaerak daude: krimenak eta hobiak, emakumeak umiliatuak izan ziren tokiak, atxilotuak espetxeratu zituzten kartzelak, muga ixteko asmoz defentsarako eraiki ziren gotorlekuak...

Ollok argi utzi du denborarekin fitxa gehiago izango dituztela, «zoritxarrez» jazarpen frankistaren «espazio gehiago» baitaude Nafarroan. Informazio hori guztia memoriaren arloan ibiltzen diren elkarteei, tokiko erakundeei, ikastetxeei eta oro har lehen aldiz iragan traumatiko horri buruz ezagutu nahi duten bisitariei zuzenduta dago.

Webgunera joz gero, toki hauek ageri dira: Babesaren muga iheslari eta erbesteratuen omenezko eskultura, Elizondon; Erronkari eta Zaraitzu arteko errepidea egiteko lanetan izan ziren presoei ostatu eman zien Igariko barrakoiaren erreplika; Artesiagan, Iruritatik Eugira doan errepidea egin zuten frankisten gatibu izan ziren langile esklaboen omenezko Bidegabeko bidea eskultura; Auritz inguruan, Ibañeta mendatean barrena muga inguruan diren sei bunker; Bera, Lesaka, Erratzu eta Eugi inguruko bunkerrak; Berako eta Erronkariko hilerriak, Ezkabako gotorlekuko 1938ko ihesean oinarritutako GR 225 ibiblidea; Erronkariko eskola, presondegi bihurtu zutena; Legarreako leizea, Gaztelun...

Gune horietako batzuk bultzatu dituzten elkarteen informazioa ere jasotzen du webguneak, bertaratzen direnek haiekinharrementan jartzeko aukera izan dezaten, edo bisitak antolatzeko. Guneez gain, Pirinioetako ibilbidea aurkeztu du, zeina «erbesteari eta bortxazko lanei loturik» dagoen. Dena den, udaberrian ibilbide eta fitxa gehiagoren berri emango dutela aurreratu du Joxemi Gastonek: «Espero dugu erreminta baliagarria izatea ikastetxeentxat, tokiko erakundeentzat, memoria elkarteentzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.