INGURUMEN ADMINISTRAZIOAREN LEGEA

EH Bilduko alkateek txosten bat eskatuko dute Ingurumen Administrazioko Legeak udalen eskumenetan izango duen eraginaz

EAJ eta PSEri leporatu diete «demokraziaren kontrako erasoa» dela legeari egin nahi dioten aldaketa, eta udalen eskumenak urratzea dakarrela. Hamabost eguneko epean txostena aurkezteko galdegin diote EUDELi.

Zazpi alkateak, gaur goizeko agerraldian. EH BILDU
jone arruabarrena
2021eko abenduaren 7a
13:25
Entzun

«Tokiko demokrazia murriztea» ekarriko du Ingurumen Administrazio Legeari EAJk egindako zuzenketak, EH Bilduko alkateek adierazi dutenez. Emendakinak sortutako polemika dela eta, agerraldia egin dute gaur Donostian Hernani, Usurbil, Orexa, Otxandio, Ea, Donemiliaga eta Larrabetzuko alkateek, eta azaldu dutenez, emendakin hori gelditzen saiatuko dira. Izan ere, salatu dute Ingurumen Administrazio Legean EAJ eta PSEk egin nahi duten aldaketak, ezinbestean, Lurralde Antolamenduko Legea ere aldatzen duela, eta aldaketa horrek udalen autonomiari nola eragingo liokeen aztertzeko txosten bat eskatuko dute Eudeleko exekutiban, ostegun honetan.

Duela hilabete batzuetatik dator polemika; EAJk zuzenketa bat aurkeztu zion Ingurumen Administrazioaren Legeari, PSE-EEren babesarekin. Zuzenketa horretan, alderdiak figura berri bat sortzea proposatzen du: interes orokorreko proiektua. Horren bidez, gobernuak eskumena izango du proiektu bat «interes orokorrekoa» dela baieztatzeko, eta, hala eginez gero, udalek ezin izango diote uko egin proiektu hori beren herrietan ezartzeari.

Gaurko agerraldian azaldu dutenez, zuzenketa horrek kalte egiten dio udalen hirigintza eskumenari, baita tokiko demokraziari ere: «Udalerrian herritarren parte-hartzearen bidez erabakitakoa baliogabetzen du». Gainera, salatu dute legearen aldaketa «presaz» burutu nahi dutela, eta udalek ez dutela zeresanik edukiko erabakian: «Udalen eskumenak ezbaian jarriko badira ere, udalei ez zaigu hitzik eman. Ez dute gardentasunez jardun: gure sistema instituzional konplexuaren eskumen-banaketa aldatu nahi dutelako, toki-erakundeei galdetu ere egin gabe».

Azaldu dutenez, irailean ere egin zuten zuzenketa gelditzeko saiakera. Beste txosten bat eskatu zuten EUDELeko exekutiban orduan ere, aldaketan izango zuen eragina aztertzeko. Etzi eskatuko dute bigarren txostena, eta hamabost eguneko epea emango diote oraingoan Eudeli. Hala ere, adierazi dutenez, gainerako alderdietako alkateek «utzikeriaz» jokatu dute lege aldaketaren aurrean: «Eudelen mahai gaineratu dugu beharrezkoa dela legearen aldaketa gauzatu baino lehen Eusko Jaurlaritzak interlokuziorako bidea zabaltzea, baina ez dugu beste alderdietako ordezkariak diren alkateengandik gutxieneko interesik ere ikusi».

Bukatzeko, EAJ eta PSE-EE alderdiei eskatu diete zuzenketa «bertan behera» uzteko: «Legebiltzarrean egin nahi den ariketa autoritarioa bertan behera utzi eta Lurralde Antolamenduaren Legean proposatutako aldaketak ez onartzea eskatzen diegu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.