Ingurumen Administrazioaren Legea

Interes orokorra eta udal eskumenak aurrez aurre jarriko dituen zuzenketa bidean da

Pil-pilean dago legearen inguruko eztabaida, EAJ eta PSEk aurkeztutako zuzenketaren ondoren. Zuzenketa onartuz gero, litekeena da ondorioak izatea udalen eskumenetan

Gasteizen, Armentiako gas putzuak ustiatzeko proiektuan atzera egin behar izan zuen Jaurlaritzak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jone arruabarrena
2021eko abenduaren 1a
00:00
Entzun

Interes orokorra versus udalen eskumenak. Asko izan dira Eusko Jaurlaritzak proposatu eta udalek atzera bota izan dituzten proiektuak, ingurumenari kalte egingo ziotelakoan eta hirigintza planen aurka zihoazelakoan: Bergarako paper industriaren hondakinak kudeatzeko lantegia, Gasteizko gas putzuak ustiatzeko proiektua (Araba), eta Azkoitian hondakin industrialak kudeatzeko lantegia (Gipuzkoa), besteak beste. Orain, ordea, baliteke udalek proiektu horien gainean erabakitzeko eskumena galtzea. Hain zuzen, hautsak harrotu ditu Ingurumen Administrazioaren Legearen inguruan sortu den eztabaidak. Hasierako lege proposamenari zuzenketa bat aurkeztu diote EAJk eta PSE-EEk, eta eragile ekologistek eta oposizioko alderdiek salatu dute ingurumenarentzat kaltegarriak izan daitezkeen proiektuak «inposatzeko» tresna bat dela. Baina zerk sortu du eztabaida? Zer-nolako eragina izango du lege aldaketak?

Ikusi gehiago: Nafarroan 30 urte baino gehiago daramatzate UGEPak ezartzen

Joan den legealdian, Iñaki Arriola egungo Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak zeukan Ingurumen Sailaren ardura PSE-EEren esku zegoen saila , eta orduan hasi zen Ingurumen Administrazioaren Lege proposamena prestatzen. Legealdia, ordea, legea onartu aurretik bukatu zen, eta Ingurumen Saila EAJren eskuetara pasatu zen orduan, Arantxa Tapia buru jarrita. PSE-EEk idatzitako lege proposamenaren oso antzekoa zen testu bat aurkeztu zuen EAJk ere, eta, horren ondoren, legeari zuzenketak aurkezteko epea iritsi zenean, EAJk eta PSE-EEk zuzenketa bat aurkeztu zuten. Legeari egindako zuzenketa horretan, alderdiak figura berri bat sortzea proposatzen du: interes orokorreko proiektua. Horren bidez, gobernuak eskumena izango du proiektu bat «interes orokorrekoa» dela baieztatzeko, eta, hala eginez gero, udalek ezin izango diote uko egin proiektu hori beren herrietan ezartzeari.

Prozesuarekin kritiko

Oposizioko alderdiek gogor kritikatu dute EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako zuzenketa, baina baita legea ezartzeko hasieratik egin zuten prozesua ere. «Berriro hasieratik lege prozesu osoa hasi ordez, PSE-EEk idatzitako testuak hartu, eta bere horretan aurkeztu zituen EAJk, lege proiektu gisa», esan dio Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak BERRIAri. Oterok kritika gogorrak egin izan dizkio Tapiaren sailari, Ingurumen Administrazioaren Legearen kudeaketagatik. Azaldu duenaren arabera, EH Bilduk uste zuen lege proposamen hori berritu beharra zegoela, eta legea eztabaidatzeko orduan zuzenketen bidez aldaketak proposatzea erabaki zuen. «Iragarri genuen gobernuarekin bilerak egin nahi genituela ikusteko zein akordio gaitasun zegoen, eta bilera hori prestatzen genbiltzala konturatu ginen EAJk zuzenketa bat aurkeztu ziola legeari; ez ingurumen administrazioa aldatzeko, baizik eta lurralde administrazioan aldaketak egiteko».

Baina udalek ez al daukate mekanismorik beren eskumenak urratzen dituzten lege proiektu bat gelditzeko? Helburu horrekin sortu zen 2016. urtean Euskadiko Toki Erakundeei Buruzko Legea. Lege horren 91. artikuluan azaltzen denez, udalerrien eskumen propioei eragiten dieten lege proposamenak onartu ahal izateko, lehenik Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak Euskadiko Tokiko Gobernu Batzordea sortuko du, eta hark txosten bat egin beharko du, proposamena aztertu eta onartuko duten erabakitzeko. «Kasu honetan, hasierako lege proposamenean ez zen agertzen interes orokorreko proiektuen figura, eta, beraz, lege proposamena Eudeletik pasatu zenean, ikusi zuten ez zituela udalen eskumenak urratzen, eta ez zela txostenik behar. Eudeletik pasatu ondoren, ordea, zuzenketa bidez sartu zuten udalerrien eskumenei eragiten dien zuzenketa, eta Eudelek jada hor ez dauka zeresanik», azaldu dio Dani Maeztu Ingurumen abokatuak eta EH Bilduko Legebiltzarkide ohiak BERRIAri. Gehitu du legearen prozedura ere oraingoan «oso baldarra» izan dela, eta «gardentasunaren eta eztabaida politikoaren kontrakoa».

Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko legebiltzarkideak BERRIAri azaldu dionez, ordea, ez da inposizio bat: «Zilegitasun demokratikoz jokatzea, larritasunaren aurrean erantzukizuna hartzea eta ingurumen gaien tramitazioan berme osoa ziurtatzea da». Gehitu du legeari zuzenketa hori egitea «beharrezkoa» dela: «Ingurumen Administrazioaren Legearen tramitazioa baliatu dugu legearekin bat datozen interes publikoko beharrezko proiektuak gauzatu ahal izateko. Lurralde Plan Sektorialak egingo dira, baina tramitazio luzeko tresnak dira, eta zenbait kontutan aurre hartu beharko diegu».

Maezturen arabera, berriz, «tranpa legal bat» erabili du EAJk neurria ezartzeko. Baina, haren aburuz, ez da prozesuak daukan arazo bakarra. «Zuzenketak ez du zehazten zer irizpide bete beharko dituen proiektu batek interes orokorrekoa dela esateko. Jaurlaritzak eskumena izango du nahi dituen proiektuak horrela izendatu eta nahi duen udalerrian ezartzeko». Horrek ondorio larriak izan ditzakeela ohartarazi du abokatuak: «Ez baduzu zehazten konkretuki zein proiektu izango diren interes orokor hori dutenak eta zergatik kentzen diezun orduan eskumen bat udalei, udalak duen eskumen hori edukiz husten ari zara. Eta hori, inkonstituzionala izateaz gain, oso arriskutsua da», gaineratu du, figura hori zein motatako proiektuetan aplikatuko den zehazten ez bada «edozein motatako proiektuak» sartzea baimen baitezake. Eudeleko kide diren udal batzuk ere kexatu dira; Irun eta Gasteiz, kasurako.

Proiektuak, non?

Arrizabalagak, berriz, beste ikuspegi bat dauka: «Gu beti izan gara udal autonomiaren defendatzaile. Baina gurean, asko indartu da nimby izeneko fenomenoa. Hau da, badakigu egin beharra dagoela, baina ez gure lurretan. Horren inguruan, betiere zentzuz jokatuz eta interes orokorreko helburuak lehenetsiz, egoera honi aterabidea eman behar diogu».

Arantxa Tapia Ingurumen sailburuak azaldu zuenez, «interes orokorrekoak» ziren hainbat proiektu ezarri nahi izan dira hainbat herritan, eta herri horietako «interes partikularrek» proiektu horiek oztopatu izan dituzte. Ohartarazi zuen, gainera, horrek horrela jarraituz gero «arrisku egoerak» etor daitezkeela: «Udal batek ez badu nahi hondakinen kudeaketarako lantegi bat bere herrian jartzerik, kolapso bat gerta daiteke, ez dugulako izango hondakin horiek kudeatzeko baliabiderik». Iritzi berekoa da Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko legebiltzarkidea ere: «2030erako hitzartuta dauzkagun konpromisoetara iritsi beharra daukagu, eta euskal industriaren beharrei erantzuteko lekurik gabe geratzen ari gara zabortegietan. Gure asmoa hauxe da: oso denbora gutxian, gainean ditugun zenbait arazo larriri irtenbide bat emateko beharrezko legezko tresna berri bat sortzea».

Oterok, ordea, argi dauka beste modu batera konpon daitekeela arazoa: «Gu kontziente gara proiektu mota batzuk inork ez dituela bere udalerrian izan nahi. Esaten duguna da hori planifikatu egin behar dela. Lurralde plangintzan ditugun instrumentuekin egin behar da; lurralde plan sektorial batekin. Horrela denen parte hartzea berma dezakezu». Salatu du Jaurlaritzak ez duela hori egin eta, orain,«udalerriak kontuan hartu gabe» proiektuak izendatu nahi dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.