Txertatzera behartzeak «azken aukera» behar duela izan adierazi du OMEk

Osasunaren Mundu Erakundeak berretsi du Europan eta Asia erdialdean delta aldaera dela oraindik ere zabalduen dagoena. Austriak igandean amaituko du itxialdia.

Txertoa hartzeko ilarak, Londresen. ANDY RAIN, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko abenduaren 7a
13:27
Entzun

OME Osasunaren Mundu Erakundea ez da herritarrak derrigorrez txertatzearen aldekoa. Europarako bulegoko buru Hans Klugeren esanetan, «azken aukera» izan behar du horrek, eta aurrez gobernuek ahalegin berezia egin behar dute txertaketa sustatzeko, eta dagoeneko bi dosi hartu dituztenek hirugarrena ere jar dezaten. «Jendea txertoa hartzera derrigortzea soilik izan daiteke aukera bat beste alternatiba guztiek huts egin dutenean. Egia da aukera hori baliagarria izan dela toki batzuetan, baina aintzat hartu beharko lirateke ere herritarren konfiantzarengan izan ditzakeen ondorioak», ohartarazi du Klugek.

Erakundeak berretsi du, hala ere, oraingoz dela aldaera dela nagusi Europan eta Asia erdialdean, nahiz eta azken egunetan omikron ere zabalduz joan den —lerro hauek idazteko unean 432 kasu atzeman zituzten Europan—. Gaur gaurkoz indarrean dauden txertoak baliagarritzat jo ditu Klugek, baina zehaztu du omikronen kutsatze ahalmena eta izan ditzakeen ondorioak ikertzen jarraitzen dutela. Zentzu horretan nabarmendu du bost direla gaitzaren hilkortasun tasa murrizten duten faktoreak: txertaketa zabaltzea; errefortzurako dosiak ematea; toki itxietan maskara erabiltzea; jende asko biltzen den tokiak aireztatzea; kasu larrientzako protokolo erabilgarriak onartzea.

Joan den astean Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek esan zuen Europan aintzat hartu beharko lukeela derrigorrezko txertaketa zabaltzea —Austria eta Alemaniak iragarri dute neurria orain arte—, zera esan zuen: EB Europako Batasuneko 27 estatu kideek eztabaidatu egin beharko luketela neurri hori zabaltzeaz. Agintariaren iritziz, «egokia eta zentzuduna» da inposaketa horretaz aritzea omikron aldaerari aurre egiteko: «EBk aintzat hartu beharko luke derrigorrezko txertaketa». Atzo, baina, aukera baztertu egin zuen Bruselak.

Bestalde, igande honetan amaituko dute Austrian itxialdia. Dena den, gobernuak bihar emango ditu amaieraren inguruko xehetasunak. Aurreratu dutena izan da txertatu gabekoek itxita jarraitu beharko dutela, eta soilik oinarrizko beharrak asetzeko atera ahalko dutela etxetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.