Albistea entzun

ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Erabakitzeko «prozesu bat adosteko beharra» plazaratu du Gure Esku-k

Arantzazuko Adierazpena gizarteratu du, santutegian bertan eginiko agerraldi batean. Erabakitzeko eskubidea «lege bilakatzeko» nahia jaso dute manifestuan, eta «Euskal Herriko gehiengo sozial zabal bat ordezka dezaketen» ehun herritarren atxikimendua bildu.

Gaurko ekitaldiaren une bat.
Gaurko ekitaldiaren une bat. Jaizki Fontaneda / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2021eko abenduak 18

«Herriari hitza emateko garaia da, edo beharbada, herritarrok hitza hartzekoa». Euskal herritarren erabakitzeko eskubidea aitortzeko eta gauzatzeko bidean, Gure Esku-k Arantzazuko santutegira (Gipuzkoa) eraman du bere aldarrikapena, esparru askotariko ehun pertsona esanguratsu elkartuta, adierazteko «burujabetzarako bidean jauzi bat» ematea herritarren esku dagoela: «Esku guztiak norabide berean jartzeko unea da; eragile, erakunde eta herritarrok elkarrekin egin behar dugu bidea, denok baitugu tokia bide honetan, eta norberak bakarrik bete baitezake berea».

Ehun izenpetzaileen artean daude, besteak beste, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Nekane Balluerka eta Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitateko errektore ohiak, Garbiñe Biurrun epailea, Ugo Mayor zientzialaria, Olatz Salvador abeslaria, Isabel Elizalde Nafarroako kontseilari ohia, Naiara Goia Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiko zuzendaria, Aitziber Garmendia aktorea eta Unai Pascual IPBES erakundeko ikerlaria.

«Euskal Herriko gehiengo sozial zabal bat ordezka dezaketen pertsonengana» jo dute, haien bidez «herritarren borongatea edo herri gogoa ikustarazi asmoz». Hala azaldu zuen Josu Etxaburu Gure Esku-ko bozeramaileak, eta gaineratu erabakitzeko eskubidea «lege bilakatzeko, gizarteko alor guztietatik bultza» egin behar dela: «Eskubideak ekinez lortzen dira».

Gandiaga topagunean, dinamikak Arantzazuko Adierazpena aurkeztu du, eta Pilar Kaltzada eta Andoni Aizpuru kazetariek irakurri dute manifestua. Horretan, sinatzaileek «etorkizuna erabakitzeko prozesu bat lantzeko, adosteko eta sustatzeko beharra» adierazi dute: «Gure etorkizuna aldarrikatzen dugu. Gaur Arantzazun bildu garen herritarrok, norberak bere alorretik, gure alea jartzeko konpromisoa erakutsi nahi dugu, eta era berean, erronka honi eusteko dei egin nahi diogu gizarte osoari».

Hortaz, deiak hiru bidetan luzatu dituzte; herritarrei, eragileei eta erakundeei: «Eragileei dei egiten diegu norabide honetan inplikatu daitezen; erakundeei, herritarron borondatea aintzat hartuz, erabakitzeko eskubidea instituzionalizatu eta lege bilakatzeko konpromisoa har dezaten». Azkenik, herritarrei dei egin diete «herri gogoa errealitate bilakatzeko lan» egin dezaten: «Izan gaitezen berriz ere jostun eta artisau, zubigile eta katebegi. Joka dezagun burujabe, inplikatuz eta konprometituz».

Gure Eskuk, beste eragile batzuekin batera, sinadura bilketa bat martxan jarri zuen iazko martxoan, euskal herritarrek beren estatus politikoa erreferendum bidez erabakitzearen alde, eta urtearekin batera da amaitzekoa bilketa hori. Kontsultaren aldeko aldarrikapena jaso dute Arantzazuko adierazpenean ere, argudiatuta euskal herritarrek beren erakunde politikoak, estatus politikoa, autogobernu maila eta lurraldeen arteko harremanak «zuzenean, mugarik gabe eta libre» erabakitzeko eskubidea dutela: «Munduko nazio guztiek bezala, gure etorkizuna autodeterminatzeko eskubidea dugu. Honenbestez, erabakitzeko tresnak behar ditugu herritarron eskura, besteak beste, erreferendumak».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ezkerretik eskuinera, Rodriguez eta Ruiz ©Ahal Dugu.

Garbiñe Ruiz eta David Rodriguez, Ahal Dugu-ko Gasteizko eta Arabako zerrendaburu izateko primarioetan

Iñaut Matauko Rada

Elkarrekin Podemos-IUko Gasteizko Udaleko eta Arabako Batzar Nagusietako gaur egungo bozeramaileak 'Bat Egin Podemos' proiektuaren barruan aurkeztu dira Ahal Dugu alderdiko primarioetara.

AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren webgunea, itxita. ©BERRIA

AEMk salatu du Guardia Zibilak webgunea itxi diela eta lagun bat atxilotu duela 

Berria

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren arabera, atxilotuari material informatikoa atxiki dio Poliziak. Aske utzi dute atxilotu duten egun berean.

Mikel Albisu, artxiboko irudi batean. ©maialen andres / Foku

Auzitegi Nazionalak Espainiatik ateratzeko debekua ezarri dio Mikel Albisuri

Berria

Albisuk eta Sagarzazuk gaur deklaratu dute epailearen aurrean. ETAk 2002an egindako atentatu batengatik sei euskal herritar ikertzen ari dira.

Usansoloko herritarrek egindako mosaikoa. ©OSKAR MATXIN / FOKU

Bizkaiko 113. udalerria izateko azken urratsak ari dira egiten Usansolon

Iñaut Matauko Rada

Prozesuari buruzko erakusketa eta herri mosaikoa egin dute. Ondo bidean, urrian onartuko dute Bizkaiko Batzar Nagusiek desanexioa

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Jon O. Urain

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...