EUSKAL PRESOAK

Antton Troitiño «azkena» izan dadila eskatuko dute gaur Donostian

Sarek eta Etxerat-ek manifestaziora deitu dute, 19:00etan, Bulebarretik. «Giza eskubideak errespetatuko dituen espetxe sistema bat» galdegin dute.

Troitiñoren senideek, Etxerat-k eta Sarek agerraldia egin dute gaur Donostian. ETXERAT
maddi ane txoperena iribarren
2021eko abenduaren 20a
14:46
Entzun

Ostiralean zenduriko Antton Troitiñoren senideek eta Etxerat-eko eta Sareko ordezkariek espetxeak euskal presoen osasunean duen eragina salatu dute gaur Donostian eginiko agerraldian. Mobilizazio bat ere iragarri dute gaurko: 19:00etan hasita manifestazioa eginen dute, Bulebarretik abiatuta. Galdeginen dute Troitiño egoera horretan hiltzen «azkena» izan dadila. Atzo ere protesta egin zuten Intxaurrondon, Troitiñoren auzoan.

Irati Aranzabal senideak «haserrea eta tristura» adierazi ditu haren heriotzagatik: «Oso gutxi geratzen zitzaionean bakarrik irteten utzi dion espetxe sistema anker baten ondorioz hil da, eta Logroñon preso duen Jon ilobari agur esaten ere ez diote utzi». Aranzabalek oroitu du Troitiño espetxean egon dela «bere bizitzaren zati handi batean». Ia 30 urte egin zituen barrote artean.

Xochitl Karasatorre Sareko eta Etxerat-eko bozeramaileak «maitasuna eta elkartasuna» adierazi dizkie senide eta lagunei, eta Troitiñok kartzelan jasotako arta falta salatu du: «Fisikoki hondatuta egon arren, espetxeko asistentzia ezak eta baldintza txarrek larriagotutako gaixotasunak zituzten beste euskal presoen kasuan bezala, Antton Troitiño baldintzapeko askatasunean uzteko erabakia atzeratu egin zen, egoera atzeraezina izan zen arte, Antton Troitiñoren sufrimendua eta etsipena areagotuz. Espainiako Auzitegi Nazionalaren labirintoaren biktima izanik, administrazioak epeak agortu zituen emandako autoak irmo deklaratu arte, espetxetik irteten utzi aurretik».

Bertze halako kasu batzuk ere ekarri ditu gogora: Asier Aginakorena, Oier Gomezena eta Jose Angel Ochoa de Eriberena. Denak hil ziren espetxetik atera eta hilabete gutira, «kartzelan izandako gaixotasun larri eta luzeen ondorioz». Karasatorrek nabarmendu du espetxea ez dela eritasunak artatzeko tokia: «Ez gara nekatuko gaixo dagoen norbait behar bezala tratatu eta gaixotasuna sendatzeko azken lekua espetxea dela behin eta berriz errepikatzeaz». Gaitzetsi du euskal presoek kondena luzeak dituztela gainera, eta «giza eskubideak errespetatuko dituen espetxe sistema bat» galdegin du: «Onartezina eta ankerra da presoaren osasun kritikoa espetxean egotea atzeratzen duen labirinto juridikoaren aurretik ez jartzea». Eritasun larriak dituzten presoak «lehenbailehen» askatzeko eskatu du, «ahalik eta lasterren artatzeko, duintasunez eta haien gertukoen babesarekin». Jakinarazi duenez, gaur egun hogei dira gaixotasun larriak dituzten euskal presoak: «Berehala irten behar dute espetxetik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.