Musika

Eider Saezek Nogen musika taldea utzi du

Abeslariak lau urtez jarri die ahotsa talde donostiarraren kantuei. Argitu du Nogenek aurrera segituko duela, bera gabe ere.

Nogen taldearen kontzertua BBK Live jaialdian, 2019an. MONIKA DEL VALLE, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko abenduaren 23a
11:06
Entzun

«Batzuetan zaila da erabakiak hartzea, baina beti esan ohi dut egin dezakegun onena dela gure bihotzak eskatzen digunari jarraitzea, eta pauuso hau ematea eskatzen dit nireak». Nogen musika taldeko Eider Saez abeslariarenak dira hitzak, musika bandaren sare sozialetan idatziak. Luzamenduetan ibili gabe bota die mezua zaleei: «19 urterekin hasi nintzen Nogenen, eta orain, 23rekin, ia lau urteren ondoren, iritsi da etapa honi agur esateko unea». Taldea uztea erabaki du Saezek, bere lekua jadanik taldean ez dagoela iritzita. Lazkaotarrak eskerrak eman dizkie zaleei, eta zortea opa die orain arte taldekide izan dituenei.

Saezek sareetan zabaldutako mezuan azaldu duenez, joan diren hilabeteak aski gogorrak izan dira harentzat. Hausnarketa egin du taldean aritzeak ematen dizkion gauza onen inguruan, baina zamei ere erreparatu die. Hala, gogoeta horri buruzko aitorpena egin du: «Kanpotik ikusten diren gauza polit guztiek ez didate balio eguna amaitzean bihotza astun sentitzen badut». Horrek bultzatu du, besteak beste, adierazi duenez, taldeari agur esateko erabakia hartzera.

Dena dela, musikari eskainitako hitz ederrak utzi ditu Saezek bere agur mezuan idatzirik: «Musika da nire arnasbidea, beti izan da eta izango da ni naizenaren zati handi bat». Atzera begirakoa eginda, eskerrak eman dizkie taldekideei, berekin lan egin duten pertsonei eta bidean topo eginiko beste hainbati. «Beti izango duzue txoko bat nigan eta ziur noizbait elkartuko garela berriz». Ez ditu aipatu gabe utzi zaleak: «Kontzertu bakoitzean salto egin, abestu eta dena eman duzuen guztiei, eskerrik asko bihotzez zuen energiagatik, gertu sentitu zaituztet beti».

Azken asteetan Euskal Herriko zenbait herritan egitekoak zituzten kontzertuak bertan behera geldituta, urtarrilaren 15ean Madrilen joko duten kontzertua izanen da Eider Saezen azkena Nogen taldearekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.