Urkulluk ez du beste neurririk hartuko «oraingoz»

Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak azaldu du egoera «kezkagarria» dela.

Iñigo Urkullu, joan den astean, Eusko Legebiltzarrera ailegatzen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
jon olano
2021eko abenduaren 23a
11:09
Entzun

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea autonomia erkidegoetako presidenteekin batzartu ondoren, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hizpide izan du etorkizunean neurri gehiago hartzeko aukera. Eusko Legebiltzarreko atarian, Urkulluk esan du ez duela «oraingoz» neurri gehigarririk hartuko, uste baitu ez dela «eraginkorra beste erkidegoekiko neurri bakanak» hartzea.

Urkulluren arabera, atzoko bileran ez zen «aukerarik» egon «akordio komun bat» lortzeko erkidego guztien artean, eta, ados jarri ezean, eta eraginkortasunari erreparatuz, «ezin dira» lurralde batean murrizketak ezarri inguruko lurraldeetan murrizketa berberak ez badituzte: «Ezin dira edukierak eta ordutegiak murriztu inguruko erkidegoek ez badituzte neurri berak ezartzen. Kontua ez da eskumen propioak izatea, zentzu komuna baizik».

Halere, lehendakariak ez du baztertu etorkizunean bestelako neurriak hartzea. Osasun egoerak «okerrera» egiten badu, Urkulluk esan du proposamenak egiten jarraituko duela, «segurtasun juridikoa» bermatuta. Haatik, Eguberrien atarian «ardura indibiduala eta kolektiboa» izateko eskatu die Urkulluk herritarrei.

Datuek, ordea, goraka jarraitzen dute; Nafarroan beste 1.532 positibo atzeman dituzte, eta Santos Indurain Osasun kontseilariak azaldu du egoera «kezkagarria» dela eta «adi» egon behar dutela: «Aztertzen eta baloratzen ari gara; ez gaude itxita beste pauso batzuk ematera, ahalik eta adostasun zabalenarekin». Indurainen hitzetan, «transmisio komunitarioa dago, inoizko positibotasun handienekin eta inoiz eginiko proba gehienekin. Atzo, 7.000 proba ere egin zituzten, eta horrek erakusten du egoera kezkagarria dela».

Indurainek aitortu du garai «konplexua» dela eta «erne» daudela ospitaleen egoeraren eboluzioari begira: «Hain intzidentzia handia izatea presioa eragiten ari da osasun sisteman, eta horrek inoiz baino gehiago eragiten du lehen arretan, bere adar guztietan: arakatzeetan, testetan, arretan eta jarraipenean». Gaineratu du omikron aldaerakoak direla egun Nafarroan dauden kasuen erdiak baino gehiago, baina azaldu du kasu gehienak arinak direla eta erietxeetan izaten ari den eragina beste olatu batzuetan baino apalagoa dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.