Nafarroako ostatuak itxi egingo dituzte 01:00etik 06:00etara

COVID ziurtagiriaren derrigortasuna zahar etxeetara eta beste esparru batzuetara zabalduko du gobernuak.

Bezeroak Iruñeko jatetxe batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
jon olano
2021eko abenduaren 27a
13:40
Entzun

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Auzitegi Nagusira bidali du foru agindu bat, COVID-19aren izurriari aurre egiteko hartu nahi dituzten neurriak jasotzen dituena. Auzitegiak oniritzia emanez gero, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzean sartuko litzateke indarrean, urtarrilaren 14ra arte.

Neurri horien artean daude ostalaritza lokalak ixtea 01:00etik 06:00etara, mahaian eserita kontsumitu beharra, gehienera hamar pertsona elkartzeko muga ezartzea, eta ekitaldi sozial, kultural eta kirolari lotutakoak arautzea. Nafarroako Gobernuaren asmoa da «transmisio komunitario esanguratsua txikitzea eta orain presio oso adierazgarri bat duen osasun sistemaren egoera zaintzea, bereziki lehen arretan (osasun etxeak, detekzioa eta txertaketa) eta goranzko joeran dauden erietxe sarean eta zainketa intentsiboetako unitateetan».

Astebetean ia 10.000 positibo atzeman dituzte Nafarroan. Osasunbideak eta Osakidetzak 5.363 kasu inguru detektatu zituen atzo, eta intzidentzia metatua 2.000tik gorakoa da Hego Euskal Herrian. Jaurlaritzak ere biharko deitu du Labi batzordearen bilerara, neurriak zorrozteko aukera aztertzeko.

Gobernuak zehaztu du saltokiak, dantzalekuak, kontzertuak egiteko aretoak, tabernak, kafetegiak, jatetxeak, bingoak, joko aretoak eta ostalaritza zerbitzuak eman ditzaketen lokalak direla itxi beharrekoak; baita elkarte gastronomikoak eta peñak ere. Era berean, gogorarazi du debekatuta dagoela kaleko edana.

COVID ziurtagiriari dagokionez, gobernuak erabaki du hura eskatzeko derrigortasuna beste esparru batzuetara zabaltzea; adibidez, zahar etxeetan eta zentro soziosanitarioetan sartzeko; baita turismorako ostatuetarako, gimnasioetarako eta kirola esparru itxietan egiteko eremuetarako ere, lehiaketetarako salbu. Gainera, horretatik kanpo geratuko dira terrazak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.