Kazakhstan

Dozenaka hildako izan dira Kazakhstanen, gobernuaren kontrako protestetan

Poliziak 2.000 lagun baino gehiago atxilotu ditu Almati hirian izaten ari diren mobilizazioetan. Errusiak tropak bidali ditu herrialdera, gobernuari kontrola berreskuratzen laguntzeko.

Kazakhstango Polizia, atzo, Almati hiriko kaleetako kontrola eskuratu nahian. STR, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko urtarrilaren 6a
16:55
Entzun

Kazakhstanen azken 30 urteotan izan diren protestarik gordinenak dira egunotan gertatzen ari direnak Almatin, herrialdeko hiririk populatuenean. Erregaien prezioaren igoerarengatik lehertu ziren mobilizazioak, baina manifestarien haserreak sustrai luzeagoak dituela erakutsi du, eta estatuko agintarien kontrako adierazpen bihurtu dira. Kassim-Jomart Tokaiev Kazakhstango presidenteak asteazkenean gobernu osoaren dimisioa onartu zuen arren, protestak ez dira baretu, eta dozenaka zenbatzen dira hildakoak, tokiko hedabideen esanetan. Gobernuak jakinarazi duenez, 2.000 lagun inguru atxilotu ditu Almatin.

Iturri ofizialen arabera, estatuko indarretako 13 kide hil dira liskarretan, eta horietako bi burua moztuta aurkitu dituzte. Hildako zibilen inguruko daturik ez dute eman. Zaurituak mila baino gehiago dira; 400 bat daude ospitaleratuta, eta horietatik 62 daude zaintza intentsiboetako unitateetan.

Protestan ari ziren taldeak estatuaren segurtasunarentzako «mehatxua» direla nabarmendu zuen atzo Tokaievek, eta erantzun «sendoa» hitzeman zuen. Kazakhstango Polizia, Guardia Naziona eta armada mobilizatu zituen mobilizazioak desegiteko, baina nahikoa ez eta laguntza eskatu zion Moskuri. Presidentearen deiari erantzunez, Errusiak ODKB Segurtasun Kolektiborako Itunaren Erakundeko bere tropak bidali ditu. Kazakhstan ODKBko kide da Errusia, Armenia, Bielorrusia, Kirgizistan eta Tajikistanekin batera.

Tokaievek bezala, Moskuk ere gaitzetsi egin ditu Almatiko liskarrak. Kazkhstanek eta Errusiak, biek nabarmendu dute manifestarien artean «antolakuntza maila handiko» taldeak daudela, eta atzerriko eragileen menetara aritzea egotzi diete, baita kanpoko finantzaketa jasotzea ere.

EB Europako Batasunak, berriz, Kazakhstanen subiranotasuna eta independentzia errespetatzeko eskatu dio Errusiari, eta tentsioa baretzera deitu ditu manifestariak nahiz gobernua. Ildo beretik mintzatu dira AEBak eta Kazakhstango herritarrei galdegin die erakunde konstituzionalak, giza eskubideak eta prentsa askatasuna errespetatzeko. Halaber, Washingtonek ukatu egin du protesta horien atzean dagoenik. Ned Price AEBetako Estatu Departamentuko bozeramailearen esanetan, Errusia mezu hori zabaldu nahian ari da, bere «desinformazio estrategiari» jarraituz.

Kazakhstango krisi politikoa herrialdearen «barne auzi bat» dela esatera mugatu da Txina. «Kazakhstango agintariek arazoa era egokian konpondu dezakete», adierazi du Atzerri Ministerioko bozeramaile Wang Wenbinek.

Eraikin publikoei eraso

Protestak joan den igandean hasi ziren, petrolio erreserbetan aberatsa den eskualde batean, Kazakhstan mendebaldeko Mangistaun. Herritarrek haserrea adierazi zuten gobernuak erabaki zuelako gehienezko muga kentzea petrolio gas likidotuaren prezioari. Mobilizazioak azkar hedatu ziren beste eskualde batzuetara, Almati hiria eta Nursultan hiriburua barne, eta protestariek gobernuaren dimisioa eskatu zuten.

Presidenteak men egin zion presioari, eta asteazkenean onartu egin zituen Askar Mamin lehen ministroaren dimisioa eta haren ministroena. Horrez gain, erregaien prezioa kontrolatzeko neurriak agindu zituen. Mobilizazioak, baina, ez ziren eten, eta manifestariek hainbat eraiki publikori egin zioten eraso Almatin. Su eman zieten hiriko alkatearen bulegoari, fiskaltzaren egoitzari eta aginteko Nur Otan alderdiaren lokal bati. Tiro hotsak izan zirela azaldu zuten hainbat lekukok.

Mobilizazioek etenik ez zutela ikusita, Tokaievek «eraldaketa politiko baterako proposamenak» egingo zituela iragarri zuen, telebista bidezko hitzaldi batean. Aldi berean, liskarretan parte hartzen zutenen kontra gogor jokatuko zuela ohartarazi zuen.

Almatikoak Kazakhstanek azken hiru hamarkadetan ezagutu dituen bortitzenak dira. 1991an SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunetik independizatu zenetik, Nursultan Nazarbaieven agintepean egon da, 2019. urtera arte. Presidente ohiak izendatu zuen Tokaiev bere ondorengo. Manifestarien artean ohikoak dira Nazarbaieven kontrako leloak, eta haren hainbat estatua bota dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.