Abortu eskubidea
Milaka herritarrek protesta egin dute Washingtonen abortuaren kontra
Amerikako Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak haurdunaldia eteteko eskubideari buruzko erabakia hartuko du datozen hilabeteetan. Ia mende erdia da abortua herrialde osoan legeztatua dela; eskubidea kolokan da orain.

Mobilizazio jendetsuak izan dira ostiralean Washingtoneko (AEB) kaleetan; ozen aditu dira abortuaren kontrako ahotsak, haurdunaldia eteteko eskubidea bertan behera uzteko eskeak. Abortuaren kontrako mugimenduak urtero egiten du manifestazioa urtarrilaren 21an; hain zuzen, egun horretan ospatzen baita Roe v Wade izenez ezaguna den kasuaren urteurrena. 49.a izan zen atzokoa. 49 urte dira abortua AEBetako lurralde osoan legeztatua dela. Orain, baina, legea horren kontrakoak esperantzaz dira datozen hilabeteetan gerta daitekeenari so: auzia Auzitegi Gorenera ailegatu da berriki, eta aldaketak irits litezke aurten.
Ikusi gehiago: Abortu eskubidea, kolokan AEBetan
Besteak beste, esperotakoa da abortuaren gaineko legean muga berriak ezartzea. Izan ere, gaur egun, kontserbadoreek dute gehiengoa AEBetako Auzitegi Gorenean. Bederatzi epaileetatik sei dira kontserbadoreak, zehazki. Gainera, azken asteotan beste gertakari batek ere bizitu du abortuaren aurkakoen itxaropena: Mississippik hamabost astera estutu du abortatzeko aukera. 24 astekoa zen lehen.
Aurreikuspenen arabera, Auzitegi Gorenak datorren ekain edo uztail bitartean argitaratuko du auziaren gaineko ebazpena. Orduan zehaztuak herrialde osoan izanen du eragina.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.