AEBak

Abortu eskubidea, kolokan AEBetan

Abortatzeko aukera 24 astetik hamabostera mugatu nahi du Mississippik. Legeak konstituzioa urratzen duenez, Gorenak hartuko du azken erabakia, ziurrenik udaberrian

Protestak. Abortuaren aurkako eta aldeko manifestariak, abendu hasieran, Washingtonen. SAMUEL CORUM / EFE­.
urtzirrutikoetxea
Washington
2021eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Ia mende erdi da abortua AEBetako lurralde osoan legeztatu zela, baina litekeena da efemeride hori bete aurretik bertan behera geratzea. Mississippiko estatuaren lege murriztailea herrialdeko Auzitegi Gorenera iritsi da, eta haurdunaldia eteteko eskubide konstituzionalean atzera egiteko eskatu dio.

Auzitegi Gorenak daukan gehiengo kontserbadore handia aintzat hartuta —sei epaile kontserbadore eta hiru aurrerakoi, Donald Trumpen azken izendapenen ondorioz; presidente ohiak 2016an argi utzi zuen abortu eskubidea zuela jomugan—, arau konstituzionaltzat hartzen den eta ondorioz AEBetako estatu guztiei dagokien abortu eskubidea kolokan dago. Roe v Wade izenez ezagutzen da 1973an haurdunaldia eteteko eskubidearen aitortza konstituzionala, «intimitate eskubidean oinarrituta».

«Espainia, Frantzia edo Latinoamerikako lege sisteman ez bezala, anglosaxoi eskubidean lege sistema ez dago lege kodez osatuta, aurrekariz baizik», azaldu dio BERRIAri Planned Parenthood erakundeko Gabriela Benazar Acostak.

Domino efektua

Hori da, hain zuzen ere, Mississippiko estatuak Auzitegi Gorenari eskatu diona: 2018an onartutako legeak hamabosgarren astean jartzen du abortuak egiteko gehienezko epea —orain arteko marra 24.ean zegoen artean—. Ez da sekula indarrean sartu, konstituzioaren aurkakoa izanik baliogabetzat jo baitzen: «Baina legea aldatu ordez, Goreneraino iritsi nahi izan dute, legea izan beharrean oker dagoena aurrekari konstituzionala izan dadin». Hala ebatziko balute, abortu eskubidearen aurkako «domino efektua» iragarri du Indira Henardek, Washingtongo Bortxaketen Krisi Zentroko buruak, «Roe atzera botatzen badute, 24 estatu egon litezke atzetik neurri murriztaileekin». Horien erdiek badituzte dagoeneko legeak onartuta; batzuek 1973 aurretik. «Roe-k baliogabetu egin zituen lege horiek, eta indargabetuta daude, baina legedian betiere konstituzionalki atzera noiz egingo», azaldu du Benazar Acostak.

Abenduaren 1ean sartu zen gaia Auzitegi Gorenean, Washingtongo kaleetan protesta jendetsuak zeudela abortu eskubidearen alde. Etor litekeenaren adierazle da gaia aztertzen hasi berritan Goreneko epaile aurrerakoiek erakutsi zuten tonu etsia. «Erakundeak bizirik iraungo ote dio honek jarrera publikoan sortzen duen kiratsari, Konstituzioaren irakurketa ekintza politikotzat daukan usteari?», galdetu zuen Gorteko Sonia Sotomayor epaileak.

Estatu kontserbadoreak abortua mugatzeko legeak onartzen hasi ziren aspaldi, helegitea jarriko zietela eta blokeatu egingo zizkietela jakinda ere. Helburua Auzitegi Gorenera iristea zen, garai egokian horrek Roe atzera botatzea ahalbidetuko zuelakoan.

Texasen sei astean jarri dute abortu eskubiderako tartea, «fetuaren lehen bihotz taupadak» hautematearekin batera. Baina hori ikuspegi erlijioso oso estu bat gizarte osoari ezartzea da, eta, beraz, erlijio askatasunaren aurka ere badoa. Izan ere, asko dira bizitzaren hasiera jaiotzean ezartzen dutenak, eta ikuspegi horrek jaiotza baino lehen ezartzen du hasiera hori. Funtsean, eskubide zibilen aurka jotzen du bete-betean. «Badakite ez dela konstituzionala, baina orain bertan indarrean dago».

Auzitegi Gorenak tokiko auzitegietan helegitea egiteko eskubidea aitortu die abortuak egiten dituzten klinikei, baina ez du legea indargabetu. Berariaz korapilatsua den legea onartzea aurpegiratu diote Texasi, araua betearazteko ardura herritarrengan jartzen baitu, administrazioan jarri ordez. Ondorioak berehalakoak dira: klinikek legea urratzeko beldurra dute, eta emakume askok etxetik urrun joan beharra daukate haurdunaldia eteteko.

Beltzen aurka

«Abortuak ez dira amaitzen legeak debekatzen dituelako. Emakume beltzen proportzioa izugarria da; beraz, ikuspegi hori ezinbestean aintzat hartu behar da», gogorarazi du Henardek. Abortuen herenak baino gehiago emakume beltzei dagozkie, afro-amerikarrak biztanleen %13 izanik: «Ezin gara itzuli 1973. urtearen aurreko garaira, non emakumeak ezkutuan ibili eta arriskuan jartzen ziren. AEBek amen heriotza tasarik handiena daukate mundu industrializatuan, eta emakume beltzei eragiten die bereziki».

«Ez badakizu jendeak zergatik abortatzen duen, egoera ezagutu gabe egiten badituzu legeak, nahieran egiten duzu legedia», dio Benazar Acostak. Legeak egiten dituztenengan ez ezik, legeok aplikatu behar dituzten epaileengan ere nabari da jarrera hori. Amy Coney Barrett Auzitegi Goreneko epailearen jarrera da horren adibide: abortatzeko motiborik ez dagoela argudiatu berri du Mississippiko auziaren azterketan; nahi gabeko amatasunik ez omen dago zertan hartu, umea adopzioan eman daitekeelako. «Onartezina da emakume bati eskatzea haurdunaldia amaieraraino eraman dezala, gero umea adopzioan eman dezakeela argudiatuta», salatu du Planned Parenthoodek.

Argudiatu dute Europan ere lehen hiruzpalau hiletan jartzen dela abortuaren fokua. AEBetan, ordea, ez dago osasun sistema publikorik, eta abortatzea 400 dolar inguru da; ez da berdin pertsona guztientzat. «Europarrek bezala» egiteko, dena hartu behar da aintzat: osasunerako eskubidea, edo umeak izatean gurasotasun baimenak. Horrelakorik ere ez dago han; enpresa bakoitzaren araberakoa da gurasotasun baimena, esaterako, baina erditu osteko baimenik ez dago legez jasota langileentzako legedian.

Santutegiak

Herritarren artean desberdintasun handiak dauden legez, estatuka ere jarrerak elkarren aurkakoak dira. Hala, oldar erreakzionarioaren aurka altxatu dira estatu aurrerakoiagoak. Kaliforniak, esaterako, abortuak egiteko «santutegi» izendatu du bere burua. «Pozgarria eta positiboa da, eta baliteke beste estatu batzuek bide horri heltzea», esan du Henardek. Baina abortatzeko eskubidearen aldeko ekintzaileek salatu dute konponbidea ezin dela hori izan, emakume askok ez dutelako baliabiderik horrelako bidaiarik egiteko.

Izan ere, AEBetan ez dago osasun sistema publiko federalik. Estatu batzuetan babes handiagoa dute herritarrek: New Yorken edo Kalifornian, esaterako, Texasen edo Mississippin baino handiagoa dute. Babes handiagoko estatu horietan bizimodua oso zaila da arraza zurikoak ez direnentzat, afro-amerikarrentzat, latinoentzat, jatorrizko herrientzat eta, zer esanik ez, paperik gabeko etorkinentzat. Dirua eta horretarako denbora beharko lukete estatu horietara joateko. «Askok dagoeneko badituzte umeak, noren kargu utziko dituzte Kaliforniaraino bidaiatu behar badute? Eta pentsa paperik gabeko etorkinen kasuan, zenbait estatutan haien aurkako patruilak ere badaudela kontuan izanda; Texasen, esaterako».

«Ezin gara auzitegiekin fidatu gure eskubideak babesteko. Bakoitzaren atarian dago borroka; denek ekin behar diogu abortu eskubidea babesteari», Planned Parenthoodek salatu duenez. Baita ordezkari politikoek ere, hala ari dira Emakumeen Osasuna Babesteko Legea bultzatzen Kongresuan, gogorarazi die elkarteak: «Guk ahal dugun guztia egiten jarraituko dugu osasun eskubidea babesteko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.