Erresuma Batua

Ordu erabakigarriak Johnsonentzat

 Bertako komunikabideek aurreratu dutenez, gobernuko idazkariordeak amaitua luke Downing Streeteko festei buruzko txostena, eta datozen orduetan utz lezake gobernuaren esku. Johnsonek agerraldia du gaur parlamentuan.

Boris Johnson lehen ministroa, parlamentura bidean, gaur. NEIL HALL, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko urtarrilaren 26a
12:34
Entzun

Erresuma Batuko Gobernuak ez du oraindik jaso Sue Gray idazkariordeak osatutako txostena, baina hura bukatuta dagoela zabaldu dute dagoeneko hango komunikabideek. Orain, galdera nagusia da noiz ezagutaraziko duten, gaur ala bihar. Hori, burokraziak jartzen dituen baldintza guztiak betetzen baditu, eta txostenean jasotzen diren informazioek Poliziak atzo zabaldutako ikerketa oztopatzen ez badute. Dena den, hura jaso eta berehala ondorioak ezagutaraztea litzateke Londresen asmoa, betiere, «segurtasun arazorik» ez bada. «Oso argi esan dugu ondorioak jakinaraziko ditugula. Baina ez dakigu zer jasotzen duen txostenak, eta gerta liteke, adibidez, segurtasunarekin lotutako auziak jasotzea, eta horiek ezagutarazteko arazoak izatea. Baina ondorioak bai, ondorioak argitaratuko ditugu», azaldu du Liz Trussek, Atzerri gaietarako idazkariak.

Boris Johnson lehen ministroak berak esan du argitara emango dituela txostenean jasotako ondorioak, hura jaso eta «berehala», eta jarraian agerraldia egingo duela Komunen Ganberan. Hain zuzen ere, astero bezala, alderdikide eta, batez ere, oposizioko kideen galderak erantzun ditu gaur parlamentuko saioan. Hasiera batean zabaldu da orduan emango zuela gobernuburuak txostenaren berri, baina ez da hala izan. Hala ere, gertuko iturriek ez dute baztertzen arratsaldean lehen ministroak ezohiko agerraldi batera deitzea. Hala ez balitz, bihar arte itxaron beharko litzateke.

Parlamentuko saioan laboristek ez dute aukerarik galdu Johnsonen aurka jotzeko. Laboristen buru Keir Starmerrek legebiltzarrari gezurretan aritu izana egotzi dio lehen ministroari, aurreko hilean esan zuenean berak ez zuela araurik urratu, eta dimisioa emateko eskatu dio beste behin. «Lotsagarritzat» jo du oposizioko buruak Polizia lehen ministroa ikertzen aritzea, eta salatu du haren «gaizkide» direla gobernuko kideak ere, ez diotelako lehen ministroari azalpenik eskatu. Johnsonek, ordea, ukatu egin ditu bere aurkako akusazioak, eta ikerketa haren tokia hartzeko baliatu nahi izatea egotzi dio Starmerri.

Aldiz, nabarmentzekoa izan da Alderdi Kontserbadoreko diputatuen jarrera. Izan ere, ez dute hitzik egin abian den ikerketaz, baina aurreko agerraldietan eurak ere kritiko agertu izan dira gobernuburuaren jokabidearekin. Kontserbadoreek behin eta berriz berretsi dute «erabat independentea» izan dela Grayren ikerketa, eta han jasotakoetan ez duela beste inork esku hartu. Horiek hala, gerta liteke hura argitara atera eta gutxira kontserbadoreek eurek Johnsonen aurkako konfiantza mozio bat aurkeztea, eta hura dimititzera behartzea. Erresuma Batuko hainbat hedabidek ez dute baztertzen astea amaitu baino lehen gertatzea hori.

Itxialdi garaian lehen ministroaren eta gobernuaren egoitzetan egindako festek eragin dute Erresuma Batuko Gobernuaren azken krisia. Izan ere, dozenaka lagun elkartu ziren batzar horietan, gobernuak berak toki itxietan bi pertsona baino gehiago biltzea debekatua zuenean, pandemiaren unerik okerrenean. Johnsonek ukatu egin zuen hasieran festa horietan egon izana, baina aurten aitortu behar izan du baietz, parte hartu zuela, betiere nabarmenduta «lan bilerak» ziren usteetan joan zela. Hala, burua makurtu eta barkamena eskatu behar izan du lehen ministro kontserbadoreak oposizioa baretze aldera, baina ez du dimisioaz hitzik egin; aldiz, ikerketaren ondorioak ezagutu arte itxaroteko eskatu die batzuei zen besteei.

Une erabakigarrian dator Grayren dokumentua. Izan ere, kontserbadoreak beherantz doaz inkestetan —azken galdeketen arabera, bozak orain egingo balira laboristentzat izango lirateke botoen %41, 5 eta kontserbadoreentzat %31—, eta maiatzean eskualdeko hauteskundeak egingo dituzte Erresuma Batuan. Boz horietara aurkeztekoak dira aurten lehen legealdia duten diputatu asko, eta ikerketa honek bultza ditzake horiek Johnsonen aurka, karguari eutsi ahal izateko. Gobernuburuaren sostengua, baina, gainbehera zen lehendik ere, bere agintaldiko zutabe nagusiak, brexit edo Europako Batasunetik ateratzeko ekinbideak izandako gorabeheren ondorioz.

Alderdi batzuek eta besteek izan dezaketen babesa ez ezik, politikariekiko fedea ere beherantz doa. Ipsos etxeak argitaratutako azken galdeketen arabera, herritarren laurdenak ez luke politikariengan sinetsiko. 2016tik jaso den daturik okerrena da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.