Albistea entzun

Euskara «zaila» dela adierazi duen epaileak saretik kopiatu ditu argudio horiek

Interneten bilaketa eginez gero, zenbait ataritan aurkitu daitezke Gasteizko Auzitegiak argitaratutako epaian idatzitakoak, hitzez hitz. Argudio horien arabera, «euskara bosgarrena da munduko hizkuntzarik zailenen zerrendan».

Zailtasunaren araberako hizkuntzen sailkapen egin duen atarietako baten irudia.
Zailtasunaren araberako hizkuntzen sailkapen egin duen atarietako baten irudia. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Uxue Rey Gorraiz -

2022ko otsailak 1

Hizkuntza eskakizuna ez betetzeagatik Laudioko Udalean (Araba) lanpostua galdu zuen langileak bideratua du, Justiziaren babespean, lanera itzultzeko bidea. Zehazki, hirugarren hizkuntza eskakizuna zegokion lanpostuari, eta langileak ez zuen bete baldintza hori. Kontua auzitara iritsi, eta Gasteizko epaile baten babesa jaso zuen langileak; hala, kaleratua zena berriz kontratatzeko aginduko zioten Udalari. Dena dela, erabakian baino gehiago, epaileak eginiko argudioan da lohia: euskara «zaila» delako babestu du epaileak langilea. Nondik atera du, bada, informazio hori epaileak? Interneten eginiko bilaketa laster batek ziztuan uzten du erantzuna bistara: sareko zenbait atarik argitaratu izan dituzte esaldi horiek, hitzez hitz. Kopiatu, itsatsi eta ebazpenean argitaratu; horra epailearen prozedura.

Zenbait herritarrek erreparatu diote epaileak eginikoari. Besteak beste, Twitter bidez jakinarazi dute atzemandakoa, epaiaren eta Interneten aurkitutako testuaren arteko kontrastea eginda.

Izan ere, sarean diren zenbait webgunetan aurki daitezke, gaur egun, munduko hizkuntzak askotariko irizpideen arabera sailkatzen dituzten artikuluak. Zailtasunaren arabera egiten diren zenbaitetan, dirudienez, euskara ageri da zerrendan; epaileak kontsulta egin duen horietan, bosgarren.

Ikusi gehiago: Gasteiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiaren epaia

«Horrela da, bai: euskara bosgarrena da munduko hizkuntzarik zailenen zerrendan (batzuetan, lehenbiziko postuan ere ageri da). Hizkuntza horren zailtasun nagusia zera da, ez duela inolako loturarik beste ezein hizkuntzarekin; izan ere, bilakaera bakana izan du, bakartua. Gainera, haren egituraren konplexutasuna gehitzen zaio horri. Hiztegiari dagokionez, hitzen esanahia aldatu egiten da ehunka atzizki, aurrizki eta artizki gehitzen direnean». Hala dago idatzirik zenbait ataritan, eta, halaxe, inolako moldaketarik gabe dago eramana testua epaira. Webgune digital horietan, «bitxikeriak» izeneko ataletan ageri dira esaldiok.

Epailearen aurrekariak

Laudioko Udaleko lanpostuari buruzkoa ez da epaile horrek izaniko lehenbiziko auzi polemikoa. Are gehiago, epaileak eginiko urratsek behin baino gehiagotan piztu dute erreakziorik; sumina eta asaldura ez ezik, harridura ere ekarri dute haren erabakiek. Besteak beste, aipatzekoa da 2018an El Mundo Today atari satirikoarekin izaniko ika-mika.

«Espainiako ardien %90 sexu harremanak izateko helburuarekin hazten dituzte» albiste ironikoa argitaratu zuen atari horrek. Haserre bizian, berri hori zuzendu zezaten galdegin zion atariari, eta auzitara eramateko asmoa agertu zuen, «artzainak iraintzen dituelakoan». El Mundo Today-k ezetz erantzun zion epaileari: argudiatu zuten fikziozko eduki bat zuzentzeak ez duela zentzurik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Elantxobeko portua, artxiboko irudi batean. ©Marisol Ramirez / Foku

Urpekari bat hilda atera dute uretatik Elantxoben

Berria

10:00ak aldera atera dute gorpua, herritar batek abisua eman ostean. Ikerketa zabaldu du Ertzaintzak.

Suhiltzaile bat lanean, artxiboko irudi batean. ©Juan Carlos Ruiz / Foku

95 urteko gizon bat hil da Bilbon, bere etxeak su hartu eta gero

Berria

02:00ak aldera gertatu da ezbeharra. Gizona bizirik atera dute suhiltzaileek, baina ospitalean hil da.

Ihintz Oliden, AEK-ko Ipar Euskal Herriko koordinatzailea. ©Guillaume Fauveau

«Zaila da irakasleak atzematea eta atxikitzea»

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza

Urrian, AEK-k erakundeei galdegin zien laguntzak emenda ditzatela bere irakasleek hilabete sari duinak ukan ditzaten. Ez da deus aitzinatu geroztik, baina ikasleen galdea beti berdin azkarra da.

Erdiz Bizirik-ek manifestazio bat eginen du Iruñean

Erdiz Bizirik-ek manifestazio bat eginen du Iruñean

Iker Tubia

Apirilaren 22an izango da, Landa Eremuaren Nazioarteko Egunean. Erdizen egin asmo duten meategiaren kontrako protestetan ari dira

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.