Krisia UPN alderdian

Sayas eta Adaneroren aurka bozkatu du UPNren «%80 inguruk»

Kongresukide matxinoei diputatu akta itzultzeko exijitzeko eta hori egin ezean UPNtik kanporatzeko erabakia berretsi du alderdiko Batzorde Politikoak.

Garcia Adanero, gaur, alderdiaren bilkurara heltzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2022ko otsailaren 5a
12:25
Entzun

Alderdiak agindurikoari muzin egin eta Lanaren Erreformaren aurka bozkatu zuten ostegunean Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero diputatuek. Haien etorkizuna erabakitzeko, alderdiaren kontseilu politikoa bildu da gaur Iruñean. Bildutako %80,6k bezperan zuzendaritza batzordeak onartutako adierazpena berretsi du: Modu horretan, bi diputatuei akta itzultzeko eskatu zaie eta egin ezean, kanporatuak izateko prozedurari ekingo dio alderdiak.

Javier Esparza alderdiko presidenteak adierazi du Kontseilu Politikoak babestutako segitu besterik ez dutela bi diputatuek. «Diputatu akta itzultzen ez badute, ezin dute UPNn jarraitu. Hori erabaki du kontseiluak». Kontseiluak 232 kidek osatzen dute eta gaur Navarra Arenan izan direnen %15ek bozkatu du Sayas eta Adaneroren alde. Alderdiak jakitera eman duenez, beste %3,75ek zuri bozkatu du eta %0,6 abstenitu egin da. Alderdiak ez du jakinarazi zenbat kide bertaratu diren guztira.

Goizeko 11:00etan hasi da bilera, Nafarroa Arenan. Alderdiak «diziplina falta larria» egozten die bi diputatuei. Gaurko emaitzarekin, batasun irudia eman nahi izan du UPNk, eta horrekin batera azken orduetan kolokan jarritako Esparzaren lidergoari babesa adierazi nahi izan dio.

Kontseilu Politikoak hedabide askoren arreta piztu du, eta protagonista nagusiek hasi aurretik zein ondoren hitz egin dute. Sergio Sayas sostenguarekin heldu da politikaria aretora, Alesbeseko alkate Carmen Segura eta Isabel Garcia Malo parlamentaria, tartean. «Egun zaila da, oso; 22 urte dira alderdi honetan», gaineratu du Sayasek. Javier Esparza alderdiko presidentea ere lagunekin heldu da bilkurara. Tartean ziren Enrique Maia Iruñeko alkatea, Yolanda Ibañez idazkari nagusia, eta Angel Ansa, Cristina Ibarrola eta Miguel Bujanda Nafarroako parlamentukideak. Adanero bakarrik sartu eta atera da.

Atzoko zein gaurko emaitzaren ostean, ikusteko dago bi diputatuak kanporatzeko prozedurak zer bilakaera izan dezakeen. Prozedura berme eta diziplina batzordearen eskuetan egongo da, eta haren arabera, «oso falta larri batek» soilik bultza dezake bi militante UPN uztera. Carlos Garcia Adaneroren arabera, zuzendaritzak hori bultzatu nahi du eta «ahalik eta azkarren» izatea bilatuko du. Haatik, Adanerok uste du alderdiaren prozedura jarraitu beharko dela eta berme batzordeari bere argudioak azaldu nahi dizikio.«Defendatu besterik ez dugu egingo. UPNren sortzaile Jesus Aizpunen bulegoa neure defentsan laguntzea espero dut».

Amaiera, adibidez, Esparzari galdetu zaio ea bere lidergoa ahuldu nahi izan duten diputatuek osteguneko lan erreformaren bozketan zuzendaritzaren irizpideen kontra bozkatuta. Bere esanetan, pertsonez haragoko kontua da, eta ondorioz alderdia bera ahuldu nahi izan dute: "Hitzeko alderdia gara. Asmatu dezakegu edo erratu gaitezke, eta akordiora iristen bagara, bete egiten da. Hori jarri da ezbaian":

Esparzak nabarmendu du asteazkeneko bileran finkatu zuela lan erreformaren aurreko UPNren posizioa, eta Adanerok zein Sayasek publikoki adierazi zutela agindu hori betetzeko asmoa. Bere hitzetan, ez zieten bere asmoen berri eman: «Osteguneko 18:30etan, bozketaren unean, ez zuten esandakoa egin eta guztiok engainatu gintuzten».

Argi ez esan arren, UPN barruan susmoa dute PPk bultzatu zituela bi diputatuak hori egitera, eta horren aurrean Pablo Casadorekin hitz egin al duen galdetu zaio Esparzari. Hark baieztatu du baietz. «Esan dit PPk ez duela horretan parte hartu». Mezu hori sinesten al duen itaundu zaio: «Ez dut zertan esandakoa zalantzan jarri», ihardetsi du UPNko buruzagiak.

Bi diputatuen artean, Sayasek hitz egin du Kontseilu barruan. Egindakoa defenditu du alderdikideen aurrean. Argudiatu du «duintasunez eta askatasunez» bozkatu zutela ezezkoa. «UPN ezin da bihurtu Sanchezen oineko alfonbra, lan erreforma Espainiaren hobe beharrez zela dioen eta biharamunean Espainia suntsitu nahi dutenei eskua emango dien batek ezin du UPN zapaldu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.