Hizkuntza eskubideak

EAJk administrazio publikoko hizkuntza irizpideez galdetu dio Europako Batzordeari

Hizkuntzak ikasteko «zailtasun maila» irizpidetzat har ote daitekeen galdetu du Izaskun Bilbao eurodiputatuak, Laudioko Udalaren aurkako epaiaren harira.

Laudioko Udalaren epaiaren kontrako elkarretaratzea, larunbatean, Laudioko herriko plazan (Araba). MONIKA DEL VALLE / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko otsailaren 7a
12:09
Entzun

Eleaniztasuna «ezinbesteko faktorea» denean, administrazio publikoan sartzeko hautaprobetan hizkuntzaren gaineko irizpideak zein diren galdetu dio Izaskun Bilbao EAJko eurodiputatuak Europako Batzordeari. Zehazki, halako prozesuetan hizkuntzak ikasteko «zailtasun maila» irizpidetzat har daitekeen edota proba horien emaitzetan inolako pisurik izan ote dezakeen galdetu dio.

Joan den astean Laudioko Udalaren kontra Gasteizko epaile batek emandako epaiarekin lotuta eraman du auzi hori Bilbaok Bruselara. 2020an zegokion hizkuntza eskakizuna ez egiaztatzeagatik kaleratutako bitarteko funtzionario ohi baten alde egin zuen epaileak, argudiatuta udalak «diskriminatu» egin zuela eta ez zuela hartu euskararen zailtasun maila. Are, euskara «munduko hizkuntzarik zailenen zerrendan bosgarrena» dela zioen epaiak. Herenegun, elkarretaratzea egin zuten Laudion, epaia gaitzesteko.

EAJk ohar batean azaldu duenez, Bilbaok jakin nahi izan du ea Europako Batasuneko instituzioek inolako zerrendarik baduten emandako epaia justifika dezakeenik. Horrez gain, beste bi galdera ere planteatu ditu: hizkuntza bat ikasteak duen «muturreko zailtasuna» aurrez irizpidetzat erabili izan den lan eskaintza publikoren bat atzera botatzeko, batetik, eta hizkuntza bat ikastearen zailtasun maila irizpidetzat hartzen ote den lan eskaintza publikoetan, bestetik.

Bilbaoren arabera, Laudioko Udalaren kontrako epaiak «euskara ikasi eta lan eskaintza publikoetan aurrera egin izan duten milaka lagunen eskubideak» urratzen ditu. Gainera, «elebitasunaren oinarrizko kontsentsua dinamitatzen» du, eurodiputatuaren esanetan, zeinen oinarrian baitagoen euskaldunak euren jatorrizko hizkuntzan komunikatzea administrazioarekin. Areago, «ohiz kanpoko arbitrariotasun ariketa» egin du epaileak, Bilbaoren ustez, eta Europaren «balio fundazional» bati eraso dio: «aniztasuna». Hizkuntza baten zailtasun maila kontzeptu «subjektiboa» dela nabarmendu du Bilbaok, eta «eskandalu» bat litzatekeela oposizio publikoko beste edozein diziplinatan irizpidetzat hartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.