Europako Parlamentuaren zirriborro batek gizateriaren aurkakotzat jo ditu ETAren erasoak

Tatjana Zdanoka europarlamentariak salatu zuen kontraesanak atzeman dituela Europako Parlamentuak ETAren argitu gabeko atentatuak ikertzeko egingo duen bidaiaren prestaketan.

Besteak beste Vox, Ciudadanos eta PPko ordezkariak, Euskal Herrira bidaiatzekoa zen taldeko kide batzuekin, Europako Parlamentuan, iazko azaroan. LUCA PIERGIOVANNI / FOKU
jon olano
2022ko otsailaren 7a
13:25
Entzun

Europako Parlamentuko ordezkaritza bat Euskal Herrian eta Espainian zen azaroaren 3tik 5era bitarte. Haren helburua zen erantzuna ematea «ETA erakunde terroristak egin eta oraindik argitu gabe dauden 379 hilketen» harira Dignidad y Justicia elkartearen ordezkari Miguel Angel Rodriguezek eginiko eskaerari. Orain, bidaia horri buruzko txostena lantzen ari dira, eta, zirriborroan, ETAren jarduera «gizateriaren aurkako krimen» gisa jaso dute. Horrek eragin lezake erasoak ez preskribatzea. Zirriborroa izanik, talde politikoek zuzenketak aurkeztea falta da orain.

Gainera, eurodiputatuen taldeak osatutako zirriborroak aintzat hartu du Espainiako eskuineko sektore eta biktimen elkarte batzuek ezarri nahi dituzten baldintzak: erasoak argitzen laguntzen dutenei baino ez ematea espetxe onurak.

Bidaia antolatzeko erabakia 2020ko urtarrilean hartu zuen Europako Parlamentuko Eskaera Batzordeak, talde parlamentarioek atea itxita eginiko bilera batean. Proposamena Ciudadanosek aurkeztu zuen, eta Renewek soilik ez —haren parte da Espainiako alderdia—, Europako Alderdi Popularrak eta Kontserbadore eta Erreformisten taldeak ere —Vox horren kide da— babestu zuten. Erabakiaren berri emateaz PPko europarlamentari eta Espainiako ministro ohi Dolors Montserrat arduratu zen, hura baita Eskaera Batzordeko presidentea.

Eurodiputatuen bidaiak, ordea, kexak eragin zituen. Tatjana Zdanoka europarlamentari eta Europako Parlamentuko Eskaera Batzordeko presidenteordeak salatu zuen kontraesanak atzeman dituela Europako Parlamentuak ETAren argitu gabeko atentatuak ikertzeko egingo duen bidaiaren prestaketan. Besteak beste, Zdanokak kritikatu duenez, irailaren 30ean koordinatzaileei ordezkaritzaren berri ematean, Montserrat haren buru gisa azaltzen zen, eta hori araudiaren kontrakoa da; estatu kide baten barne aferak aztertzen dituzten ordezkaritzetan parte hartzea galarazia dute estatu horretako europarlamentariek. Ex officio bidaiatu zuen azkenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.