Sindikalismoa

LABek 5.000 afiliatu irabazi ditu azken bost urteetan

2021ean sindikatu guztiek berreskuratu dituzte ordezkariak.

Izaskun Garcia Bordagarai eta Igor Arroyo, gaur, Bilbon. LAB
Iker Aranburu.
2022ko otsailaren 9a
12:44
Entzun

Duela bost urte «sindikalismoa birpentsatu» eta sektore berrietara gerturatzeko urratsa egin zuen LABek. Arrakastaz egin duela uste du, 2017az geroztik %12,4 handitu baitu afiliatuen kopurua. 2021. urtea 46.178 kiderekin amaitu du: bost urte lehenago baino 5.095 gehiagorekin.

Gainera, kide berrien artean %56 emakumeak izan direla nabarmendu du Izaskun Garcia Bordagarai LABeko Antolakuntza idazkariak, «sindikatuaren antolaketa eta ekintza sindikalean emandako urrats feministen ondorio».

Bilbon egindako agerraldian, Igor Arroyo LABeko idazkari nagusiaren albokoak azaldu du diru sarreren araberako kuota sistema berri bat indarrean jarri dutela. Horrela, 2.000 eurotik gorako soldata dutenek apur bat gehiago jarriko dute, eta gutxiago soldata txikiagoak dituztenek. Gehienez, hilean 21,33 euroko kuota ordainduko dute hilean 2.001 eurotik gorako soldata edo pentsioa dutenek; 18,30 euroko kuota izango dute 1.201-2.000 tartean daudenek; 13,66 eurokoa 965-1.200 euro artekoek; 9,11 eurokoa 706 eta 965 euro artekoek; eta bost eurokoa 706 eurotik beherako errenta dutenek.

«Ideia honek harremana du sindikatuen muinarekin. Sindikatuak badira langile bakoitzaren egoerari konponbidea emateko tresna. Baina sindikatuek, batez ere, langileon arteko elkartasuna praktikan jartzeko eta klase gisa ahalduntzeko tresnak behar dute izan», azaldu du Arroyok. Sindikalizatzeko deia egin die langileei, «langile klase osoaren eskubideak defendatzeko».

Hauteskunde sindikalak

Ordezkaritza sindikalari dagokionez, LABek nabarmendu du azken bost urteetan gehien hazi den sindikatua dela. Zehazki, 433 ordezkari gehiago ditu 2017an baino, 4.668 guztira. Ehunekoetan, %18,13tik %19,24ra igaro da.

Gutxiago bada ere, tarte horretan hazi egin dira ELA (%36,15etik %36,33ra) eta CCOO (%20,15etik %20,22ra) ere.

Lau sindikatu nagusien artean pisua galdu duen bakarra UGT da, baina ez asko (%14,43tik %14,31ra), azken urtean kuota handitzea lortu baitu.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bigarren postuari eusten dio LABek (%19,85), CCOOren aurretik (%18,71). Sindikatu nagusia, alde handiz gainera, ELA da, ordezkarien %40,98rekin. UGTk %10,56 dauzka.

Nafarroan, berriz, nagusitasunari eusten dio CCOO-UGT bikoteak, baina urrun du ordezkaritzaren erdia baino gehiago zuen garaia. Zehazki, UGT da ordezkari gehien dituen sindikatua (%24,58), baina gerturatu egin zaizkio CCOO (%24,16), ELA (%22,85) eta LAB (%17,29).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.