POLITIKA

Berme Batzordeak proposatu du Sayasek eta Adanerok bi urte eta erdiz UPNko kide izateari uztea

Bi diputatuek ezingo lukete UPNrekin aurkeztu datorren urteko udal eta foru hauteskundeetan, eta ezta Espainiako Gorteetarako hurrengo bozetan ere.

Sergio Sayas diputatua UPNko Diziplina Batzordearen bilerara sartzen, astelehenean. JESúS DIGES / EFE
jon olano
2022ko otsailaren 9a
16:38
Entzun

UPNren Berme Batzordeak proposatu du Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero diputatuek bi urte eta erdiz alderdiko militante izateari uztea. Berme Batzordeak proposatutakoaren arabera, Sayasek eta Garcia Adanerok neurririk gogorrena saihestuko lukete, alderditik egoztea, baina ezingo lukete hurrengo hauteskundeetan parte hartu UPNko kide gisa: 2023an dira udal eta Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak. Espainiako Gorteetarako hauteskundeak ere ikusteko dago noiz izango diren, baina Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak legealdia amaieraraino eramango balu, 2023ko udazkenean edo 2024. hasieran egin beharko lirateke bozak. Hori horrela, eta Espainiako legealdia luzatzen dena luzatzen dela, Sayasek eta Garcia Adanerok ezingo lukete berriro aurkeztu hauteskundeetara UPNren zerrendetan.

Zigorrari erreparatuta, Berme Batzordeak larritzat jo du Sayasen eta Garcia Adaneroren jokabidea. Biek bost eguneko epea dute orain alegazioak aurkezteko, eta hala egingo dutela jakinarazi dute. Ondoren, Berme Batzordeak berak behin betiko zigor proposamena onartuko du, eta alderdiaren zuzendaritzak eman beharko dio oniritzia Berme Batzordearen proposamenari. Garcia Adanerok berak esan du, estatutuen arabera ezin dituztenez alderditik egotzi, «diferituan kanporatu» nahi dituztela bi urte eta erdiz kidetza etenda: «Atentzioa ematen digu erabakiaren azkartasunak. Ostegunean eman genuen botoa, gaur asteazkena da; ez dakit ezein organok hainbesteko abiadura duen erabakiak hartzeko, ez dakit baden Espainia osoan».

Sayasek agerraldi bat egin du 18:30ean, Madrilen, eta iragarri du prozesu luzea izango dela, helegiteak jartzeko asmoa dutelako: «Zuzendaritzak alderditik kanpo nahi gaitu, eta kidegoak barruan. Lau egun daramatzat Nafarroako kaleak zapaltzen, eta ezin dut pausorik eman; babes mezuak izugarriak dira».

Lan erreformari buruzko joan den asteko bozketan dago auziaren abiapuntua. UPNko zuzendaritza ados jarri zen PSOErekin, bi diputatuek lan erreforma babestu zezaten, baina Sayasek eta Garcia Adanerok, alderdiko zuzendaritzari beren asmoen berri eman gabe, kontrako botoa eman zuten. Horrek ezinegon handia sortu zuen alderdiko zuzendaritzan: «Ez dute UPN ordezkatzen. Ezin dute jarraitu», esan zuen Javier Esparza presidenteak.

%80, kanporatzearen alde

Biharamunean, alderdiko zuzendaritzak proposatu zuen bi diputatuak alderditik egoztea, eta larunbatean, Kontseilu Politikoa batzartu zen Nafarroa Arenan, zuzendaritzak onartutako adierazpenaren inguruan erabakitzeko. Alde bozkatu zuten bertaratutakoen %80,6k; beste %15ek, berriz, kontra egin zuten, eta modu horretan babesa adierazi zieten Sayasi eta Adanerori —beste %3,75ek zuri bozkatu zuten, eta botoen %0,6 baliogabetu ziren—. Sayasek eta Adanerok diputatu akta uzteko borondaterik adierazi ez zutenez, emaitza horrekin biak alderditik kanporatzeko prozedurari ekin zion UPNk.

Alderdiaren berme eta diziplina batzordearen aurrean, ordea, Sayasek eta Adanerok beren burua babestu zuten, argudiatuta ez dutela UPNren estatuturik hautsi. Berme eta diziplina batzordea bost kidek osatzen dute, eta gehiengoz hartu behar dute orain bi diputatuak kanporatzeko erabakia.

UPN barneko bakea aztoratzeaz harago, Sayasen eta Adaneroren jokabideak eragin zuzena izan zuen Iruñeko Udalean une horretan bertan egiten ari ziren bilkuran, Enrique Maia alkatea gaitzetsi zutelako PSNren babesarekin. Esparzak berak atzo azaldu zuenez, gainera, PSNrekiko akordioa lan erreformaz harago zihoan: «Bai, akordioa geneukan, eta ikusi zena haren zati txiki bat baino ez zen izan».

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak, ordea, ñabartu egin ditu Esparzak esandakoak: azaldu du ez dagokiola hari azaltzea UPNk eta PSOEk zer akordio lortu zuten, ez zegoelako negoziazioetan eta, gainera, negoziazio horren edukiak soilik Espainiako Gobernuaren eskumenei eragiten zielako. Edozein kasutan, aitortu du ezagutzen duela akordioaren edukia, horren berri badutela Txibiteren gobernua babesten duten gainerako alderdiek ere, eta, beraz, gaineratu du ez duela ulertzen zergatik talde horiek konfiantza falta agertu duten: «Ez dut ulertzen zein den batzuk modu interesatuan sortzen ari diren polemika».

Navarra Suma, salbu

UPNren auziak beste hari mutur bat uzten du zabalik: zer gertatuko den Navarra Suma koalizioarekin, kontuan edukita PPk ez duela begi onez ikusten UPNk PSNrekiko egin nahi duen gerturatzea. Enrique Maia Iruñeko alkate eta UPNko presidenteak ziurtatu du alderdiaren barneko auziek ez dutela eraginik izango Navarra Suman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.