Energia

Macronek sei erreaktore nuklear berri agindu ditu 2035. urterako

Itsasoko 50 parke eoliko jarri nahi ditu 2050erako, eta hamar aldiz handitu potentzia fotovoltaikoa

Emmanuel Macron, General Electricen Belforteko turbina nuklearren lantegian, gaur. JEAN-FRANCOIS BADIAS / EFE
Iker Aranburu.
2022ko otsailaren 10a
18:11
Entzun

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak handitu egin du energia nuklearraren aldeko apustua. Iragarri du beste sei erreaktore nuklear egingo dituztela, 2028an hasita eta 2035. urtean martxan izateko. Gainera, agindu du inbertsio handiak egingo dituela energia berriztagarrietan: itsasoko 50 parke eoliko jarri nahi ditu 2050. urterako (40 GW), bikoiztu egin nahi ditu lurreko parke eolikoak, eta energia fotovoltaikoan instalatuta dagoen potentzia oraingoa halako hamar izatea bilatuko du (100 GW).

Ikusteko dago zer gertatuko den iragarpen horiekin, presidentetzarako hauteskundeen atarian baitago Frantzia. Ofizialki Macron ez da oraindik hautagaia, baina bai faborito argia boz horiek irabazteko. Inkestetan aukera duten gainontzeko hautagaiak eskuindarrak dira, eta nuklearraren defendatzaile sutsuak.

Macronek baztertu egin ditu soilik iturri berriztagarriekin argindar hornidura ziurta dezatela diotenen argudioak: «Aditu bakar batek ere ez du esaten posible dela. Errealitateak, kontrara, erakusten digu aldi berean bi oinarri behar ditugula [berriztagarriak eta nuklearra]. Ekologikoki eta ekonomikoki egokiena da».

Halaber, Macronek EDF argindar konpainia publikoari eskatu dio ahalik eta gehien luza dezala bere erreaktore nuklearren bizitza. Iragarpen horrekin argi erakutsi du alde batera utzi duela agintaldiaren amaieran hamalau zentral nuklear ixteko plana. Bi erreaktore bakarrik itzali dituzte, Fessenheimen (Alsazia).

Frantzia da Europako Batasunean nuklearraren alde apustu garbiena egin duen estatua. Gaur egun 56 erreaktore ditu, hemezortzi zentraletan banatuta. Horietatik hamahiru itxita ditu orain, herdoiltze arazoak dituztelako.

EPR modeloaren arazoak

Macronek agindu dituen sei zentral nuklear berriak EPR modelokoak dira. Belaunaldi berri horretako zentral bakarra egiten ari dira orain, Flamanvillen (Normandia). Arazoak besterik ez du sortu proiektuak: 2007an hasi zuten, eta 2012an amaitu nahi zuten, baina irekiera data 2024ra atzeratu dute jada. Gainkostuak izugarriak izan dira: 3.000 milioi euro kostatu behar zuenak 20.000 milioi inguruko prezioa du dagoeneko.

Gainera, mila milioi euroren inbertsioa agindu du SMR erreaktore nuklear txikiak garatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.