Hilberria

Karmele Aierbe euskaltzalea hil da

Euskara eta euskalgintza izan ditu ibilbide politikoaren ardatz eta ofizio. HBko mahai nazionaleko kide ohia eta EHEko koordinatzaile izandakoa da, besteak beste. Omenaldia egingo diote bihar, 18:30ean, Ataungo San Gregorio auzoko pilotalekuan.

Karmele Aierbe, 2011ko Korrikako lekukoa eramaten. JON URBE / FOKU
Enekoitz Telleria Sarriegi - Edu Lartzanguren
2022ko otsailaren 15a
09:00
Entzun

Bi eskuren artean harrapatutako aurpegian musu ozen eta gozo bat. Huraxe zen Karmele Aierbek (Ataun, Gipuzkoa, 1951-2022) maitasuna eta esker ona adierazteko zuen keinua. Izan hango espetxeko atarian, hemengo agerraldian, hurrengo manifestazioan, edo Onkologikoko gurpil aulkitxoan. Badute horren berri haren militantziako kideek, euskararen aldeko borrokan aritutakoek, eta baita haren altzotik pasatutako Ataun San Gregorioko eta Segurako (Gipuzkoa) haur izandakoek. «Bizi guztia irakasle izan naiz», zioen BERRIAri 2016ko abuztuan emandako elkarrizketan. Izan ere, badira bizi guztian irakasle izandakoak, eta badira bizi guztian gogoan gelditzen diren irakasleak.

Karmele Aierberena osoki euskararen eta euskal kulturaren inguruan ardaztutako bizitza bat izan da, eta haren aldeko borroka politikoan jositakoa: «Euskarak beti markatu nau». 16 urterekin hasi zen Beasainen (Gipuzkoa) gau eskoletara joaten, euskara erdi ilegala zen garaian, euskal nortasuna eta identitatea lantzeko eskolak ematen zituztelako han. «Nire gurasoek motor txiki bat erosi zidaten. Bezperan Beasainen ikasten genuena herrian [Ataunen] irakasten genuen hurrengo egunean. Gai gramatikalak ematen genituen, eta hitzaldiak antolatzen naziotasunari buruz; ekonomiarekin lotutako gaiak, Marxen eta Engelsen ideiak...». Joxe Miguel Barandiaran herrikidea bizi zen oraindik orduan, eta ongi gogoan zeukan hura Aierbek: «Bere hitzaldiekin —euskarak duen balioaz, hizkuntzaren altxorraz, eta identitateaz eta naziotasunaz—, asko lagundu zigun. Gau eskola horietan aholkulari garrantzitsu izan genuen».

Ikusi gehiago: Agur, Karmele

Karmele Aierbek «ulertzen zuen euskara gure bihotza dela, eta horretan jardun zuen etengabe», adierazi du Juan Karlos Ioldi herrikideak Aierberen heriotzaren berri izan berritan.

Eta mugarri handi bat hurrena: Burgosko prozesua (1970). Epaiketaren kontrako bilerak, manifestazioak... «Horiek izan ziren, niretzat, gure herriak bizi duen gatazkaren barruan, lehenengo korrikaldiak». Kontzientzia politikoaren eta borrokaren erabateko ernatzea orduan, eta euskaren inguruan harilkatua orduan ere. «Euskarak beti markatu nau. Garai horretan sortu ziren ikastolak, eta Ataunen ere sortu genuen. 20 bat urterekin hasi nintzen. San Gregorio auzoan bazen irakasle bat, eta tokiz aldatzea eskatu zuen. Haren ondoren nik hartu nuen San Gregorioko ikastolako ardura. Orduan ez nuen irakasle ikasketarik, baina, kargua hartzerako, urtebete egin nuen irakasle horrekin lanean, ikastaro batzuk egin nituen, eta Kataluniara joan nintzen metodologia aurreratu batzuk ikastera; Bartzelonara, hain zuzen. Harrezkero, bizi guztia irakasle izan naiz. San Gregorion egin genituen 11 urte, Gizarte Segurantzarik gabe, eta ezin legeztaturik. Baina herriaren laguntzaz eta gurasoen inplikazioaz, aurrera egin genuen».

Karmele Aierbe ezker abertzaleko kidea Arnaldo Otegi agurtzen, espetxetik irten berritan, 2016ko martxoaren 1ean.Jon Urbe / FOKU

Hurrengo urratsa, «handi samarra», Euskal Herrian Euskaraz elkartean egindakoa: Nazio koordinatzaile kargua hartu zuen (1988). Orduko kezkez eta hausnarketez, zera zioen: «Ordura arte genuen hizkuntza komunitatea trinkotzearen aldeko apustua egin genuen. Eta horrek zer esan nahi du? Euskaraz bizi daitezkeen udalerriak elkarren artean bildu eta elkarrekin koordinatzea. 1991n sortu zuten mankomunitatea: ezagutzen dugun Uema. Abiada garrantzitsua izan zen euskal hiztunen komunitateari begira. Euskarari prestigioa eman zion, eta euskara erdigunean jartzea lortu».

Hiztun komunitatea trinkotzeari buruzko kezka etengabea baitzuen Aierbek, eta elebitasunaren «gezur politiko-linguistikoa» kritikatzen zuen ahobizarrik gabe. «Elebitasuna planteatzen ari gara, baina [euskara eta erdara] ez daude maila berean. Ezin dugu karta berberekin jokatu. Erdarak lau karta dituenean muserako, euskarak bi besterik ez du».

Mahai nazionaleko kide

Politikaren lehen lerroan oso emakume gutxi zeuden garaian onartu zuen Karmele Aierbek HBko mahai nazionaleko kide izatea. Gatazkaren garairik gordinenean, eta haren aurreko mahai nazionala osorik atxilotu zuten garaian (1998). «Beste batzuek hartu behar zuten lekukoa, eta niri tokatu zitzaidan. Ez nuen pentsatu; alegia, ez nion esan neure buruari ardura hartu behar ez nuenik». Bazuen ordurako ibilbide bat egina ezker abertzalean, eta borroka politikoan. Gordin mintzo zen horretaz: «1974az geroztik, zazpi aldiz egon naiz atxilotuta, hiru aldiz egon naiz kartzelan, tortura larriak jasan izan ditut, bortxaketak... Gatazkaren ondorioak nire larruan bizi izan ditut, baina hori bizi izan dut bokazio handia dudalako herri hau aske ikusteko».


Eta ezker abertzaleak egindako «ekarpen handiaz» mintzo zen, batzuetan asmatuetakoez, bestetan kale egindakoez, baina egindako «autokritikaz», eta «burua ateratzen» asmatzeaz, «bide irekitzen» egindako indarraz, eta «ziklo politiko berria bat abiatzeko» irekitako jokalekuaz: «Behar dugu ezker abertzale handi bat, inportante bat, bidea markatuko duena eta erreferente izango dena. Helburuak garbi hor dauzkagu, betidanik, aldatu ez ditugunak. Tokatzen zaigu asmatzea, indarrak biltzea, eta batasuna lortu behar dugu horretan aurrera egiteko». Iazko otsailean egin zion omenaldia EH Bilduk Aierberi, Ataunen, eta haren «ibilbide oparoa eta aberatsa» goratu zuen.

Emakume eta euskaldun

Bi aldiz baztertua. Horrela sentitu izan dela ere aitortzen zuen Karmele Aierbek: emakumea izateagatik eta euskalduna izateagatik. Erronka izan zen harentzat, emakumezkoa izan eta HBko mahai nazionaleko kide izateko gonbita onartzea: «Egia da ezker abertzalean emakumeen aldeko mugimenduak aspalditik datozela. Aizan sortu zenetik. KASen garaian bazen Egizan emakume feministen erakundea. Gero horrek egituretan izan du isla? Isla izan duela, bai; neurrikorik izan duen, agian ez».

Emakume izateagatik sentitu zuen bazterketa euskaldun izateagatik bizi izandakoarekin parekatzen zuen Aierbek: «Beste leku askotan bezala, ni ere batzuetan sentitu izan naiz bigarren mailako pertsona. Hori garbi dago. Hizkuntzarekin bezala, emakume izatearekin ere sentitu izan dut askotan bazterketa. Egia da emakumea eta euskara badirela bi gai oso marjinatuak izan direnak». Horregatik goratzen zuen Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre kazetariek feminismoaren eta euskalgintzaren borrokak lotzeko egindako lana: «Oso lotura garrantzitsua da. Zapaldua sentitzen zaren momentutik errekonozitzen hasiko zara. Gakoa da ahalduntzea, bai bata eta bai bestea. Izugarrizko ekarpena egin dute».

«Eskuzabala izan zen beti», gaineratu du Ioldik, eta adibideak jarri ditu. Espetxetik ateratzeko bermea itzuli ziotenean, presoen alde lan egiten duen Harrera elkarteari eman zion dirua.

Minbiziaren kontrako borrokan egin ditu Aierbek azken urteak. Bizi guztian gogoan gelditzen den irakaslea. Bi eskuren artean harrapatutako aurpegian musu ozen eta gozoak banatzen zituena.

Leiala eta irrifartsua

Heriotzaren berri izan ostean, dozenaka izan dira Aierbe gogoan izan dutenak. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, adibidez, urte luzez egin zuen lan Aierberekin: «Emakume abertzalea, euskaltzalea eta ezkerrekoa. Beti irrifar batekin eta maitasunez hartu nauena. Beti leiala. Ohore handia izan da berarekin ibilbidearen zati bat partekatzea. Besarkada handi bat senideei eta lagunei», idatzi du. Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak, berriz, «militante apal bezain nekaezina» zela nabarmendu du, eta Maddalen Iriartek, EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak, Aierbek euskararen alde egindako lanean egin du azpimarra: «Euskaratik eta euskaraz, euskaragatik egindako lan eskerga gogoan, besarkada familia eta lagunei. Hutsune izugarria euskalgintzarentzat. Adiorik ez!».

Hitz ederrak eskaini dizkio Larraitz Ugarte EH Bilduko komunikazio zuzendariak ere: «Nere maiteenetakoa izan zara. Zure konpromisoari eutsiko diogu besteok ere, zure ereduari jarraitu. Muxu bat», idatzi du. Arlo pertsonaletik jo du Joseba Alvarez Ezker Abertzaleko militanteak ere:

Aierberen burkideak, ordea, ez dira izan euskaltzalea gogoan izan duten bakarrak. Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko lehendakariak, adibidez, honela gogoratu du: «Euskaltzalea, oso euskaltzalea. Indartsua, oso indartsua. Eskerrik asko, Karmele, euskararen herriari eskaini eta eta eman diozun guztiarengatik. Lurra arina izan bekizu!». EAJko Xabier Barandiaran herrikidearen ustez ere «herrizalea, euskaltzalea eta abertzalea» zen: «Besarkada bat bere etxekoentzat eta Ezker Abertzale guztiarentzat», idatzi du.

Oihane Indakoetxea Barañaingo alkate ohiak, berriz, Aierbek irakasle gisa egindako lana nabarmendu nahi izan du: «Albisteak irakurri eta irakurri nabil. Niretzat militantzia kide izateaz gainera, irakasle maitagarria ere izan zen, 6-7 urte genituela Ataunera eraman gintuena Errotxapeako Herri Ikastolatik».

Eskerrak eman dizkion beste bat Onintza Enbeita izan da: «Hutsune handi bat izango dugu gure pauso txiki guztietan. Irribarre bat militantziaren latzean, espero gabeko mezu bat une pertsonal zailetan, esku bat aurrera egiteko beti... eskerrik asko Karmele hainbestegatik!», idatzi du. Beñat Hach Embareken iritziz, Goierriko erreferente handietako bat zen Aierbe: «A ze indarra, a ze grina, eta a ze umore kutsakorra. Doluminak etxekoei, lagunei eta leinuari. Gora Karmele!».

Eragileen artean, Aierbek gertukoen zituenetako bi ziren EHE Euskal Herrian Euskaraz eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. EHEk «euskararen errepublikaren alde» lanean jarraituko duela hitzeman du: «Zure alaitasuna eta euskaltzaletasun irmoa bidelagun izango ditugu amesten zenuen Euskal Herri euskalduna erdietsi arte». UEMAk, berriz, iazko maiatzean egin zuen ekitaldian gogoratu eta eskertu zion Aierberi egindako ekarpena.

EHEz eta UEMAz gain, hainbat izan dira euskaltzaleari egindako lana eskertu dioten eragileak: Sortu, LAB sindikatua, Udalbiltza, Eusko Alkartasuna, Olaso Dorrea Fundazioa, Jose Miguel de Barandiaran fundazioa, Euskaltzaleen Topagunea...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.