EUSKAL PRESOAK

Beste bost preso Euskal Herriratuko dituzte

Mikel Otegi eta Jose Mari Dorronsoro Iruñeko kartzelatik Jaurlaritzaren eskumenekoren batera lekualdatuko dituzte.

Sareren mobilizazioa Bilbon, euskal presoen eskubideen alde. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon olano
2022ko otsailaren 22a
17:52
Entzun

Espainiako Espetxe Erakundeak jakinarazi du beste bost euskal preso Euskal Herriratuko dituztela. Ana Belen Egues, Javier Gallaga, Endika Garate, Maite Pedrosa eta Mikel Izpura dira, eta orain Jaurlaritzak erabaki beharko du Martutenera (Donostia), Zaballara (Araba) edo Basaurira (Bizkaia) eramango dituen.

Ana Belen Egues Asturiastik (385 kilometro) Euskal Herriratuko dute. 2001eko azaroan sartu zen kartzelan, 30 urteko zigorra betetzeko, eta 2024ko apirilean da betetzekoa zigorraren hiru laurdenak. Bigarren graduan jarraituko du. Javier Gallaga, berriz, Darocan dago egun (345 kilometro). 2004an sartu zuten preso, 30 urteko zigorra betetzeko, eta 2027ko ekainean beteko ditu hiru laurdenak. Beste bi preso Duesotik (170 kilometro) Euskal Herriratuko dituzte: Endika Garate da bat: 2016ko apiriletik ari da 30 urteko zigorra betetzen eta 2029ko abenduan beteko ditu hiru laurdenak; bestea Maite Pedrosa da: 1998ko martxoan sartu zuten presondegian, 30 urteko zigorra betetzeko. 2019ko urrian bete zituen hiru laurdenak.

Era berean, Mikel Izpura Zueratik (245 kilometro) Iruñera ekarriko dute. 2000ko urtarrilaz geroztik dago 30 urteko zigorra betetzen, eta 2019an bete zituen hiru laurdenak.

Gainera, Mikel Otegi eta Jose Mari Dorronsoro Iruñeko kartzelatik Jaurlaritzaren eskumenekoren batera lekualdatuko dituzte. Otegi 2009an espetxeratu zuten, 25 urteko zigorra betetzeko. 2027ko martxoan beteko ditu zigorraren hiru laurdenak, eta joan den astean jakin zen biriketako tuberkulosia diagnostikatu diotela. Etxerat-ek eskatu zuen aske uzteko, aurrez ere beste gaixotasun larri bat duela eta. Dorronsoro 2001eko urtarrilean espetxeratu zuten 30 urteko zigorra betetzeko, eta datorren urteko otsailean beteko ditu hiru laurdenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.