Eskumenak

Jaurlaritzak bere gain hartuko du gutxieneko diru sarreraren eskumena

Akordioa egin du Espainiako Gobernuarekin; kupoaren bidez finantzatuko da

Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako ministro Isabel Rodriguez eta Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburu Olatz Garamendi, aurretik egindako bilera batean. FERNANDO ALVARADO (EFE)
jokin sagarzazu
2022ko otsailaren 23a
20:24
Entzun

Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzaren esku utziko du gutxieneko diru sarreraren eskumena—IMV, gaztelerazko laburduran—. Asteazkenean eman zuten akordioaren berri. Diru laguntza hori 2020ko ekainetik dago indarrean, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan orain arte Lanbidek kudeatu du, «kudeaketarako agindua» betez —izapidetzeez soilik arduratzen zen—. Orain, euskal erakundeek prozesu osoa kontrolatuko dute.

Eskumenaren titulartasuna aldatzeak esan nahi du espedienteak ez direla Madrilera bidaliko, eta tramitazioa azkartuko dela horrela. Izapidetzaz eta aitortzaz gain, ordainketa ere bere gain hartuko du Jaurlaritzak. Kontzertu Ekonomikoaren bidez finantzatuko da; Jaurlaritzak bere aurrekontuen kargura ordainduko ditu laguntzari dagozkion zenbatekoak, eta diru hori deskontatuko du Gasteizek Madrili urtero ordaintzen dion kupotik.

Laguntza berria bateragarria da EAEko DSBE diru sarrerak bermatzeko errentarekin. Hala, Madrilen kontura joango da lehen zatia, gutxieneko diru sarrerari dagokiona, eta Lanbideren kontura DSBEan osatzeko gelditzen den tartea. Hortaz, Jaurlaritzak orain arte DSBEarentzat jarri duen diruan zati bat aurreztu ahal izango du bere aurrekontuetan.

Iritsi berri direnentzako diru laguntza bakarra izan ohi da gutxieneko diru sarrera: Espainian legez bizi izandako urte bakarra egiaztatuz eska daiteke; DSBEa jasotzeko, berriz, hiru urteko errolda behar da Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan. Hala, gerta daiteke herritar batzuek soilik bizitzeko gutxieneko diru sarrera jasotzea. Dena den, gehienek —hamarretik zortzik— biak jasotzen dituzte.

Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioaren datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 29.359 pertsonak jasotzen zuten gutxieneko diru sarrera abenduaren hasieran: 31.076 helduk eta 13.544 adin txikikok. 470 eurokoa da bakarrik bizi den heldu batentzat, eta gehienez 1.034 eurokoa bi heldu eta hiru adingabe edo gehiago dituen familia batentzat.

Nafarroak ere nahi du

Laguntza hori kudeatzeko prozeduraren inguruan zeuden aldeak gainditu ondoren lortu da akordioa. Ezadostasun horiek ezin izan ziren guztiz gainditu joan den astean bi gobernuen artean egindako batzorde teknikoan, eta akordioa mahai politikoaren esku utzi zuten. Aste honetan zehar, areagotu egin dira Lurralde Politikako Ministerioaren eta Olatz Garamendi buru duen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren arteko harremanak, eta, azkenean, bi aldeen arteko adostasuna lortu da. Transferentzia osoa izango da, eta denbora mugarik gabekoa.

Titulartasun aldaketak osagai politiko nabarmena du. EAJk Gizarte Segurantzaren transferentzia osoa nahi du, eta gaia hizpide izan du, behin eta berriz, gehiengorik gabe gobernatzen duen Pedro Sanchezekin izandako negoziazioetan.

Gutxieneko diru sarreraren eskualdaketa, beraz, bide konplexuago baten lehen urratsa izan daiteke Jaurlaritzarentzat: Gernikako Estatutuak jasotzen du Gizarte Segurantzaren diruzaintza transferentzia. Dena den, Espainiako Gobernuak ez du halakorik aurreikusten: behin eta berriz ziurtatu du kutxa bakarra ez duela hautsiko eta bere eskuetan jarraituko duela.

Nafarroako Gobernuak ere agertu du gutxieneko diru sarreraren eskumena bere gain hartzeko nahia, eta hori «berehala» gerta daitekeela adierazi zuen duela bi aste Mari Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako kontseilariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.