Musika

‘Hola tio’, Delirium Tremensen kantu berria

Haritz Harregi batu zaie taldera, gitarra jole moduan. Maiatzean kaleratuko dute 'Ordago' izeneko disko berria.

Delirium Tremens taldeko kideak, Haritz Harregi batu ondotik. BERRIA
aitor biain
2022ko martxoaren 4a
11:43
Entzun

Iazko azaroan jakinarazi zuen Delirium Tremensek itzulera. Desegin zenetik 30 urte igaro diren honetan itzuliko da taldea agertokietara. Itzulera iragartzeko emandako prentsaurrekoan adierazi zuten disko berri bat kaleratuko zutela aurten, eta hura aurkezteko kontzertu bira ere egingo zutela. Bada, taldea hasi da pixkanaka diskoa aletzen.

Diskoari izena ematen dion singlea aurkeztu zuen iaz: Ordago. Eta bigarren kantua ezagutarazi du orain: Hola tio. Enekoitz Andonegik zuzendu duen bideokliparekin batera kaleratu dute kantua.

Abestiarekin batera, baina, jakinarazi dute kide berri bat batu zaiela taldera: Haritz Harregi. Sen eta eMe taldeetan aritutakoa da Harregi, eta beste talde askorekin ere jardun izan du teknikari lanetan. «Haritz ez dator Iñigo Muguruza ordezkatzera, ez da hori gure asmoa, 2022ko Delirium Tremens ahalbidetzera baizik», azpimarratu dute taldekideek.

Taldekide eta lagun izan zuten Iñigo Muguruza Delirium Tremensekoek. 1990ean batu zitzaien taldera, bigarren diskoa grabatu eta berehala. Hirukote izatetik, laukote izatera igaro zen taldea orduan, eta formakuntza horrekin grabatu zuten estudioko azken diskoa, Hiru aeroplano (Oihuka).

Hain zuzen, Muguruza omentzeko ekitaldirako batu zen Delirium Tremens. Bilboko Kafe Antzokian eskaini zuten kontzerturako entseatzen hasi ziren lokalean, eta orduan erabaki zuten agertokietara itzultzea. Heldu den maiatzaren 28an hasiko dute disko berriaren aurkezpen bira, Barakaldoko BECen (Bizkaia). Zortzi kantu berri bildu dituzte diskoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.