Albistea entzun

Juliana Nazarenko

«Etxea, anaia eta lana. Neukan guztia utzi dut Ukrainan»

Kievetik ihes egin du Nazarenkok, eta Euskal Herrira joatekoa da. Haurra zela Irungo familia batek hartu zuen etxean, eta haiekin elkartuko da, hamabost urteren ondoren. «Atseden» hartu nahi du.

Amagoia Mujika Tolaretxipi, berriemaile berezia -

2022ko martxoak 6 09:35

Juliana Nazarenko Kievetik iritsi da Przemysleko tren geltokira, eta Euskal Herrira joango da asteartean. 11 urte zituela hartu zuten etxean Irungo arretxetarrek,eta haien babesera itzultzea erabaki du. Txernobylgoa da: hondamendia gertatu zenean urtebete besterik ez zuen, eta hainbat uda Euskal Herrian egin zituen, ukrainar askok bezala, arnasa pixka bat hartzeko eta hondamendiak eragindakoak leuntzeko.

Ikusi gehiago: Gerra, atzetik segika

Orain, beste sarraski bati aurre egitea egokitu zaio. Bere jaioterrian arriskua sumatuta, berriz ere «lasai» egotera joan nahi du Euskal Herrira 14 urteko semearekin. Urduri dago, eta ez du elkarrizketa luzatu nahi. «Bosgarren elkarrizketa dut gaur, eta pixka bat nazkatuta nago». Umorea ez du galdu, eta barrez erantzun ditu galdera guztiak, gaztelaniaz.

Nondik zatoz?

Kievetik nator, Kievetik ihesi. Egoera ondo zegoen, baina bonbak-eta entzuten nituen, eta beldurtu ginen. Loak hartzen zaitu, eta bat-batean dena dago dardarka. Oso gaizki.

Noiz erabaki zenuen Kievetik ateratzea?

Herenegun[duela hiru egun].Dena lasai zegoen, Errusia Ukrainarekin hizketan ari zelako, eta egoera lasai zegoela aprobetxatu nuen alde egiteko.

Familiarekin bidaiatzen ari zara?

Bai, semearekin. Anaia han geratu da. Gizonak atera ezin direnez, nire anaia han geratu da.

Zer ari da egiten?

Ezer ez. Egonean.

Non ikasi zenuen gaztelaniaz hitz egiten?

11 urte nituenetik familia batengana joan nintzen Espainiara, eta asko erakutsi zidaten.

Espainiara, nora?

Irunera.

Euskal Herrira? Euskaraz ikasi zenuen?

Ez. Hitz batzuk bakarrik. «Eskerrik asko, agur...».

Nora zoaz orain?

Ikastetxe batean hartuko dut babes, eta gero familiarengana noa Irunera, Duela 15 urtetik ez naiz haiekin egon.

Noiz joango zara Euskal Herrira?

Asteartean. Lehenengo Valentziara (Herrialde Katalanak) eramango naute hemen laguntzen ari diren talde batekoek, eta hara joango da familia nire bila.

Nolakoa izan da bidaia?

Oso luzea eta gogorra. Jende asko zegoen, eta bero handia egiten zuen trenetan. Ume asko zeuden builaka, eta bi egun egin ditugu ia lorik egin gabe, jan gabe.

Ukrainara itzuli nahi zenuke?

Oraingoz,ez naiz itzuliko. Hau aprobetxatu nahi dut atseden hartzeko.

Hemen lasai zaude?

Hemen? Bai. Ni beti nago lasai. Hemen bonba bat eroriko balitz ere, ni lasai nago. Ez dut beldurrik. Asko bidaiatzen ari garela-eta urduri bai, banago.

Zer egiten zenuen Ukrainan?

Aberatsen etxeak garbitzen nituen. Diru asko irabazten genuen.

Eta orain? Zer egitea gustatuko litzaizuke?

Errefuxiatugisaegon. Atseden hartu.

Espero zenuen hemen halako laguntzarik?

Ez nuen espero. Jatekoa ematen digute, opariak, goxoki asko... lasai eta pozik egoteko.

Zer ekarri duzu maletan?

Arropa, eta nire haur txikia, txakurtxoa.

Eta zer utzi duzu Ukrainan?

Etxea, anaia eta lana. Neukan guztia.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Txinaren globoa, ustez espioitzarako erabili dutena, atzo, AEBen hego-ekialdeko Charlotte hiriaren gainean. ©NELL REDMOND / EFE

Txinak ustez espioitzarako erabili dituen globoetako bat eraitsi dute AEBek

Ander Perez Zala

Baloiak bost egun pasatu ditu herrialdeko aire eremuan, ipar-mendebaldetik hego-ekialdera. Pentagonoak beste globo bat detektatu du Latinoamerikan

Peruko bozak aurreratzeko testua, blokeatuta
AEBetako Defentsa idazkaria eta Filipinetako Defentsa ministroa, ostegunean. ©EFE
Montanan atzeman zuten globoa. ©BERRIA

AEBek Txinaren bigarren globo bat atzeman dute Latinoamerikan

Julen Otaegi Leonet

Pentagonoak Montanan atzeman zuen atzo ustezko lehen globo espioia; gaurko ordu txikietan, beste bat, Latinoamerikan. Ez du zehaztu non. Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak Txinara egitekoa zen bidaia bertan behera utzi du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.