Boricen kargu hartzea Txilen

«Gure onena emango dugu herri gisa ditugun erronken pare egoteko»

Sebatian Piñeraren lekukoa hartu du Gabriel Boricek. Maputxeen aldeko oihuak entzun dira ekitaldian, eta Boricek eskerrak eman dizkio mugimendu feministari.

Boric, presidente zinta Alvaro Elizalderen eskuetatik jasotzen. Eskuinean, Piñera. ALBERTO VALDES, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko martxoaren 11
16:52
Entzun

Gabriel Boricek hartu du Txileko presidente kargua. Euskal Herrian 16:00ak pasa zirela hasi da kargua hartzeko ekitaldia Txileko Kongresu Nazionalean, eta 16:30ean izendatu dute presidente. Hunkituta agertu da Boric. «Txileko herriaren eta herrien aurrean, bai, hitzematen dut», esanez hartu du kargua Boricek. Txilek inoiz izan duen presidenterik gazteena da, eta 2019ko urriko istiluetatik kalean egon diren aldarriak entzun dira ekitaldian. «Gora herri maputxea», entzun da Boric aretoan sartu denean. Presidente izendatu berriak eskuarekin agurtu ditu behin eta berriz han zeudenak, eskua zabalduz, ukabila altxatuz eta hatzekin garaipenaren keinua eginez.

Alvaro Elizalde Senatuko presidente sozialistaren eskutik jaso du presidentearen zinta Boricek. Aurretik, Piñerak bere zinta utzi du Elizalderen esku. Gero, baina, Piñera bera izan da Boricen paparrean Bernardo O'Higginsen independentziako buruetako baten bost puntako izarra ipini duena; hori da Txilen boterearen jabetza adierazten duena. Boric presidente izendatu eta berehala, ereserkia abestu ondoren, Piñerak aretoa utzi du, eta «hiltzailea» oihuak eta txistuak entzun dira aretoan.

Herrialdeko presidente gisa eman duen lehen mezuan, Boricek agindu du ahal bezainbat ahaleginduko dela txiletarren bizimodua hobetzen. «Gure onena emango dugu herri gisa ditugun erronken pare egoteko». Karguaren ardura hartzea ohorea dela adierazi du. «Zaila da hitzak topatzea».

Kongresuko ekitaldian, gobernua osatuko duten ministroak izendatu dituzte. Boricek 24 ministro ditu gobernuan, eta horietatik hamalau dira emakumeak. «Gobernu honetaz oso harro nago, gizon baino emakume gehiago egoteaz. Eskerrik asko, mugimendu feminista», adierazi du ekitaldia amaitu aurretik Boricek. Gaurko ekitaldian txalo gehien jaso dituztenen artean Maya Fernandez Allende Defentsa ministroa egon da, Salvador Allende presidentearen biloba. «Ez dezagun inoiz ahaztu Txileko herriari zor gatzaizkiola. Zin edo hitzematen duzue hala arituko zaretela karguan?», galdetu dio Boricek bere taldeari. «Bai», erantzun diote denek batera.

Ikusi gehiago:Norabide aldaketa Txilen

Ekitaldiaren ostean iragarri du Moneda jauregitik zuzenduko zaiola herriari. Hainbat erronka ditu orain Boricek. Batetik, kargura eraman duen 2019ko urriko liskarretan sortu zen mugimendu sozialaren arazoei konponbidea eman beharko die, eta, bestetik, azkenaldian Txilen arazo bihurtu diren gaiei erantzun beharko die: pandemiaren kudeaketa, immigrazio oldea iparraldean, krisi ekonomikoa eta lehortea, besteak beste. Kongresuan, gainera, gutxiengoan egongo da.

Politika horietatik haratago, baina, hasi berri den agintaldia Txilen 2019ko urriaz geroztik abiatu den ziklo politikoaren beste mugarri bat izango da. Lehenik, konstituzio berri bat egiteko erreferenduma onartu zen; gero, erreferenduma irabazi zuten Pinocheten konstituzioa atzean uztearen aldekoek; eta, duela ia urtebete, Biltzar Konstituziogileko hautetsiak aukeratzeko bozketan benetako aldaketa baten aldekoak gailendu ziren. Beste pauso bat da Boricen presidentetza, eta, Piñerarena ez bezala, aldaketa horren beste katebegi bat izango da.

Ikusi gehiago:Marco Moreno: «Galga apur bat zapalduta abiatuko da Boric»

Biltzar Konstituziogilea, berez, uztailean da bere lana amaitzekoa, baina sei hilabeteko luzapen bat eskatzeko aukera dauka. Batzordeetan ari dira lanean, eta, oraingoz, konstituzioaren zirriborrorako Txileren etorkizunean gako izan daitezkeen hainbat gai onartu dituzte: Txileren kultur aniztasuna, jatorrizko herrien justizia sistema propioaren aitortza eta sistema judizialean genero perspektiba txertatzea, besteak beste. Zirriborro hori galdeketa batean onartu beharko dute txiletarrek.

Eskuinak porrot egin zuen iazko udaberriko Biltzar Konstituziogilerako bozetan, eta organo horretan edozein ekinaldi blokeatzeko beharrezkoa den heren batera iristen ez denez, independenteen eta ezkerreko hautetsien ekinaldiak aurrera ari dira ateratzen; bozketan bi herenen babesarekin onartzen ez direnak lantaldeetara itzultzen dira, egokitzeko. Ezintasun horretan betoa ezarri dietela ere esan izan du eskuinak. Piñera ,urtebete honetan, Monedatik Biltzarraren lana oztopatzen saiatu da, baina orain presidentearen jauregia bidelagun izango dute konstituzio berria idazten ari direnek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.