Txile. Boricen kargu hartzea

Norabide aldaketa Txilen

Txilek bi urte pasa daramatza borborka, eztanda soziala gertatu zenetik. Matxinada eragin zuten arrakala sozial eta ekonomikoak ixten hasteko asmoz heldu da gobernu berria. Ez du lantegi samurra: ekonomia erkin, Kongresuan gutxiengoan, ultraeskuina hazita eta herrialdearen izaera politikoa birdefinituko duen konstituzioa sortzen ari direla izendatuko dute Gabriel Boric presidente, gaur.

Gabriel Boric gaur Txileko presidente kargua hartuko duena, joan den abenduaren 19an, jarraitzaile batzuekin argazki bat ateratzen. JOSE MIGUEL CARDENAS / EFE.
Jon Artano Izeta.
Santiago
2022ko martxoaren 11
00:00
Entzun

Esperantzan hesi bat jarri dute; Askatasunan beste bat. Carabineroak bietan. Izan ere, bi kale horien artera, Umezurtzen kalexkako 2847ra, egin zuen etxe aldaketa Gabriel Boricek asteazkenean. Antigoaleko etxetzar eder bat aukeratu du Txileko presidenteak, kanpotik berde pastel kolorekoa. «Gu ez gara haren auzo izango, hura izango da gure auzo». Adarrerako daude Santiagoko Yungay auzoan. Eduardo Brieba kale kantoiko binilo dendako saltzailea pozik dago: «Nik hari eman nion bozka, ezingo nioke inola ere eskuinari eman. Gure dendara sartu zenean jakin genuen hona etortzekoa zela. Oso gertuko morroia da». Hesi zaintzen ari den poliziak, Franco Larraurik, aitortu du harritu egin duela Boricen jendetasunak: «Ez nuen asko pentsatzen. Etorri den bakoitzean denoi eman digu eskua banan-banan. Ni Kasten [Jose Antonio Kast, ultraeskuineko hautagaia] aldekoa nintzen, baina iritzia pixka bat aldarazi dit». Santiagoko auzo historikoa da Yungay, klase ertainekoa. Zerikusi gutxi du orain arteko presidenteek bizitzeko aukeratu dituzten auzo aberatsekin. Eta sinboloetan sinboloena ere ez du iritzira enkargatu Boricek: sindikatu iraultzaile bateko jostunek egin diote xingola. Gaur da presidente kargua hartzekoa, eta, hortaz, xingola janztekoa, Valparaison, Kongresu Nazionalean egingo den zeremonian.

Ikusi gehiago:Marco Moreno: «Galga apur bat zapalduta abiatuko da Boric»

Mamia ere bada. «Ziklo historiko berri batean sartzear gara», ebatzi du Paula Escobar Chavarria kazetari eta iritzi emaileak. «Bizi dugun giroak 89-90ekoa gogorarazten du, eta jendeak esperantza du trantsizio berri honek hain indibidualista izango ez den herri eredu batera eramango gaituela, Europako ongizate ereduetarantz hurbilduz. Demokraziara itzuli ginenetik izan ditugun gobernuekiko desberdina da hau, ezkerrerago dago, eta definizio berriak dakartza: Boricek nabarmendu du eurena gobernu feminista dela, adibidez. Hamalau ministro dira emakumeak; hamar gizonezkoak. Eta ez da kopuru kontu hutsa: boteregune nagusietan ariko dira emakume horiek».

Belaunaldi berria

Boric eta gertukoen dituen ministroak politika instituzionalean hasi aurretik elkarrekin kaleko aldarrikapenetan zaildutako gazteak dira denak, Augusto Pinocheten agintaldiaren (1974-1990) hondarrean jaioak. Eta, Escobarren ustez, «hori ez da kasualitatea. 2019ko eztanda soziala baino lehenagoko mugimendu sozial indartsuenak ere haien belaunaldiak gidatutako protestak izan ziren: 2006koa eta 2011koa».

Yungay auzotik ez da urrun Moneda jauregia, eta handik oso gertu Txileko Unibertsitatea dago. Javiera Aranzibia ikasleak dio «esperantza handia» duela Boricengan: «Ez ahal digu hutsik egingo! Bestela ederra daukat etxean… Nik familia osoan egin baitut haren aldeko kanpaina! kar-kar-kar...». Aranzibiak ikasketa unibertsitarioak «denentzat dohainik» egin ditzaten espero du. «2026an amaituko ditut nik medikuntza ikasketak, eta ia etxebizitza bat erosteko adinako kopurua izango dut zorretan. 9.000.000 peso (10.000 euro inguru) kostatzen zaigu ikasturte bakoitza».

Baquedano metro geltokia izan zen eztanda sozialaren epizentroa. Gloria Vazquez irakasle erretiratua ahizparenera doa metroz. Matxinatuen arrazoiak ulertzen dituela dio: «Herrialde honetan parekidetasunik eza basatia da. Oso-oso larri dago jende gehiena. Ni bigarren hezkuntzako irakaslea izan naiz 40 urtez. 300 euro inguruko pentsioa dut, eta metro bidaia bakoitza ia euro bat kostatzen zait».

Pentsio sistema publifikatzea eta hezkuntza eta osasungintza publikoak hobetzea izan dira eztanda sozialeko eskaera nagusiak. Horretarako, erreforma fiskala derrigorrezkoa da. Txileko ekonomia pattal dago, ordea, eta inflazioa aspaldi ez bezala hazi da iragan urtean. Pandemia ez da amaitu, eta Ukrainako gerraren ondorioak hasi besterik ez dira egin. Baina horiek gabe ere, ezkerreko gobernuak ez zeukan erraza finantza botereekiko. Boricek enpresari handien etsaitasuna baretzea lortu du Mario Marcel Banku Zentraleko presidente ohia sozialisten ingurukoa izendatuz Ogasun ministro. Oro har, komunistek baino pisu handiagoko arloak eman dizkie moderatuei; alabaina, Camila Vallejo komunista izango da gobernuko bozeramailea. Atzerri politika, berriz, Antonio Urrejolak gidatuko du; Nikaraguako eta Venezuelako gobernuekin kritiko agertu izan da.

Boricen gobernua trantsizioko gobernua izango da, Txileko etorkizuna definituko duten joko-arauak, konstituzio berria, sortzen ari direlako, eta ez dagoelako oraindik argi ez nolako arau multzoa emango duten, ezta —herritarrek onartzekotan nola eta zein epetan aplikatuko diren ere

«Konstituzio berria idaztea prozesu gaitza izaten da beti, edozein herrialdetan» hasi da Paula Escobar. «Txilen, gainera, gizarteak asaldura betean zegoela aukeratu zituen biltzarkideak. Independente asko daude, oso ideia anitzekoak... Eta egiten ari diren lana ezagutarazteko moduak ere ez du mesederik egin. Puzzle bat piezaka erakustea bezala izaten ari da, irudi osoa bistaratu gabe. Eta nahasmendu mediatikoa ere sortu da...». Biltzar Konstituziogilearekiko onarpena jaisten ari da herritarren artean, eta erakundekoek beren aurkako kanpaina bat salatu dute.

«Aurreko 30 urteekiko erabat desberdinak diren fenomenoak ikusten ari gara» jarraitu du Escobarrek. «Ziurrenik, irailean izango da biltzarrak adostuko duen proposamenaren inguruko plebiszitua. Kontua da, orain arte ez bezala, horretan botoa ematea derrigorrezkoa izango dela, eta horrek badu mamia: abenduko bozetan parte hartzea historikoa izan zen; zortzi milioi herritarrek bozkatu zuten. Kontua da hurrengo plebiszituan hamabost milioik joan beharko dutela!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.