Txile. Boricen kargu hartzea. Marco Moreno. Txileko Central Unibertsitateko irakaslea

«Galga apur bat zapalduta abiatuko da Boric»

Morenori iruditzen zaio presidente berriak «konbikzioen logika» eta erantzukizunarena uztartzen dituela. Uste du, ordea, gertukoek inguratuta egonik, Boricek «errealitatetik kanpo» geratzeko arriskua duela.

JON ARTANO IZETA.
Jon Artano Izeta.
Santiago
2022ko martxoaren 11
00:00
Entzun

Txileko Central Unibertsitatean Gobernu eta Komunikazio Eskolaren zuzendaria da Marco Moreno Perez (Santiago, 1962). Boricek koiuntura politikoaren arabera jokatzeko erakutsitako sena azpimarratu du. Eta bere gobernua trantsiziokoa izango dela dio: «Zer eta nola ekarriko duen jakin ezin dugun aro baterantz gidatuko du herrialdea». Txileko presidente berriaren lehentasuna (gaur hartuko du kargua) gobernagarritasuna bermatzea izango dela uste du.

1990ean Patricio Aylwinek Pinochetek erantzitako xingola janztean gertatu zenarekin alderatu dute askok gaurkoa. Zergatik da hain garrantzitsua Boricen kargu hartzea?

Badu antzekotasunik ordukoarekin, eta gaurkoari ere transzendentzia historiko gorena aitortu behar zaio. Zuen herrikide Daniel Innerarity filosofoak esan ohi du ziklo politikoaren aldaketa gerta dadin mudatu behar dutela subjektuek, gaiek eta baldintzek. Eta hemen horixe bera gertatzen ari da. Eta Boricek ziklo politikoaren aldaketa hori gorpuzten du.

Zein dira Boricen indarguneak?

Aspaldi ez dela, Iñigo Errejon politikariaren azken liburuko pasarte bat txiokatu zuen Boricek, esaldi bat azpimarratuz: «Iraultzaileek beren izaera frogatzen dute ordena sortzeko gai direlarik [...]. Ziurrenik, proba funtsezkoena, erradikalena, ez da jauregia hartzea, biharamunean zaborra jasoko dutela bermatzea baizik». Boric politikari oso pragmatikoa da. 2010ean ikasle mugimenduaren buru izan zen, eta diputatu izatera iritsi zenean oso gogor ekin zion botereko elitearen aurka, Ricardo Lagos presidente ohi sozialista irainduz eta Pinocheten ondorengo gobernuburu guztiak hautsiz. Alabaina, eztanda soziala gordinenean zenean, eta bere alderdiaren onespenik gabe, Boricek azaroaren 15eko akordioa sinatu zuen konstituzio berria bultzatzeko. Orain arte erakutsi du baduela intuizioa boterea non egongo den igartzeko. Presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian egin zuen norabide aldaketa nabarmena ere pragmatismo horren adibide da.

Max Webberrek aipatu ohi zituen bi logikak biltzen ditu Boricek: konbikzioen logika, batetik, uste sendoak dituelako; baina, bestetik, erantzukizunaren logika ere ondo ulertzen du. Bi gauza desberdin baitira herritarren ezinegona kudeatzea —eta hori urte askotan egin zuen Boricek—, eta boterea kudeatzea. Eta orain hori dagokio.

Moneda jauregira iristea lortu duen koalizioan badira jarrera erradikalagoak dituztenak… Nola uztartu dezake Boricek zentroranzko biratze hori, taldekide dituen indarrekiko harremana tarratatu gabe?

Izan ditu tirabirak, komunistekin nagusiki, eta, hain justu, horrexegatik izan dira. Aurrerantzean ere Boricen zapatan hartxintxarra izan daiteke Alderdi Komunista. Tentsioak izango dira, jakina, agenda ausartagoa nahi dutelako batzuek, baina Boric galga apur bat zapalduta doa, esanez bezala: «joan gaitezen poliki, bestela errekan amai dezakegu eta».

Zein iruditzen zaizu Boricen ahulune behinena?

Ardura postu nagusietarako izendatu dituenak, ia denak, lagunak ditu. Vallejo, Jackson, Siches... Gertu-gertukoak dira, elkarrekin barrikadan egondakoak. Eta horrek badu bere aurkia eta ifrentzua. Irudipena dut arriskua duela denak presidenteari ondo ari gara-ka aritzeko. Horri babes beroa esaten zaio, eta, neurriz gain, kalterako izan ohi da liderrentzat, bakartu egiten dituelako bolizko dorre batean, errealitatetik kanpo. Babes hotza ere behar da gobernatzeko, arazoak bere gordinean seinalatuko dizkizuten aliatuak.

Zein izango dira gobernuaren lehentasunak?

Lau izango direla uste dut. Lehenengoa ordena da, gobernagarritasuna bermatzea. Bigarrena segurtasun agenda izango da. Hegoaldean, batetik, Araucania eskualdeko gatazka maputxe munduarekin; iparraldean, bestetik, migrazio fluxuek eragin duten krisiarekin; eta, azkenik, hiri handietan dagoen segurtasun faltaren pertzepzioarekin. Hirugarren ildoa egiturazko aldaketa multzoa da: pentsio sistema da garrantzitsuena, baina hor dira, halaber, hezkuntzarako, osasungintzarako eta etxebizitza politikarako aldaketa asmoak. Aldaketa horiek denak egiteko, zerga sistema erreformatu behar dute lehenik. Eta laugarren ardatza errelato bat sortzea izango da, nire iritziz: gobernu mito esaten dioten hori sortu eta gizarteratzen ahaleginduko dira.

Lau hankako mahaia, beraz…

Bai, eta mahai gainean prozesu konstituziogilea. Biltzarkideek uztailaren 4ra arteko epea dute behin betiko testu proposamena adosteko. Boricek hauteskundeak irabazi ostean egin zuen lehenengo lana Biltzar Konstituziogilera joatea izan zen. Eta han bildutakoei esan zien berak ez duela meneko biltzar bat nahi. Gobernuaren eta biltzarraren jardunak ondo bereizita nahi ditu hark, halaxe komeni zaiolako. Distantzia markatuko du, konstituziogileen erabaki posible bakoitzagatik azalpenak ematen aritu nahi ez duelako. Bere agenda konstituzio berriarekiko independente mantendu nahi du, bai baitaki hala egin ezean konstituzioa onartzeko plebiszitua bere gobernua epaitzeko plebiszitua bihur litekeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.