Albistea entzun

Artea

Otxote materialista bat Tabakalerako eskaileran

Juan Perez Agirregoikoa artistaren 'Concierto para puño alzado' soinu instalazioa abiatuko dute bihar Tabakalerako eskailera nagusian. Kanta ezagunak filosofo materialisten hitzekin moldatu ditu.

Juan Perez Agirregoikoa artista, gaur, Tabakalerako sarrera nagusian.
Juan Perez Agirregoikoa artista, gaur, Tabakalerako sarrera nagusian. Andoni Canellada / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Andoni Imaz -

2022ko martxoak 16 10:11

Ohartarazi dituzte Donostiako Tabakalerako eskailera nagusian gora eta behera dabiltzanak: konturatzerako, El menú, Beti eskamak kentzen, Ume eder bat eta Viva Aragón txistukatzen ariko dira datozen hilabeteetan. Izan ere, Juan Perez Agirregoikoa artistak (Donostia, 1963) kanta horiek berrikusi ditu Concierto para puño alzado (Ukabil goratuko kontzertua) soinu instalazioan, Scala programaren barruan. Bihar inauguratuko dute, 20:00etan, Ozenki zortzikotearen zuzeneko emanaldi batekin, eta, aurrerantzean, egunero aktibatuko dute ordu erdiro, ekainaren 26ra arte.

Ozenki zortzikoteak abestutako lau piezak osatzen dute instalazioa: El buen materialismo, La matriz de la apariencia, Canción de amor eta Viva Lacan. Aurrez aipaturiko lauren moldaketak dira; Miguel Arregik idatzitako «solomillo asado con patatas fritas» hitzen ordez, «le matérialisme n'est pa une vision de monde» entzungo dute bisitariek.

Perez Agirregoikoak lau «filosofo eta antifilosofo» materialistaren testuetan oinarrituta moldatu ditu kantetako hitzak: Jacques Fradin, Gilles Grelet, Jacques Lacan eta Guy Lardreau. Hauek dira gaiak: «Materialismoa, ekonomiak gure irrikaz baliatzeko duen modua, praktika itxuraren matrize gisa eta iraultza beti huts egiten duen proiektu gisa».

Instalazioaren izenburuari keinu bat eginez, protesta kantatzat har litezke. Horri buruz ere hausnartu du: «Protestaren ekintza iraultzailerik behinena gurasoak ahaztea da, eta hor sartzen da berriro autoritatea. Hori gertatzen zaie iraultzaile guztiei: azkenean nagusi bat nahi dutela».

Proiektua 2003. eta 2004. urteen artean jarri zuen abian, Artelekurekin kolaborazioan. «Zailena ez zen izan filosofoen hitzak moldatzea, baizik eta otxotea konbentzitzea hura proiektu serio bat zela», azaldu du artistak. Kantak grabatu zituzten, eta proiektuak nazioartean bere bidea egin du ordutik, baina lehen aldiz emango dute orain Donostian. Gainera, Perez Agirregoikoak irudiz jantzi du instalazioa, eta kantutegi itxurako fanzine batean bildu ditu hitz guztiak, bisitariak har dezan.

«Trilili, tralala»

Oier Etxeberria Tabakalerako programa publikoaren arduraduna izan da komisarioa, eta Xabier Erkizia musikari eta artista aritu da ekoizten eta espaziora egokitzen. Etxeberriak esan du instalazio hori desberdina dela Scala programan orain arte izan dituztenetatik, bere ezaugarri nagusietako bat delako entzuleak ondo ezagutzen duela entzuten duen hori.

«Hor dago operazioa: egitura sinpleak dituzten kanta horiek zer erakusten duten desiraren ekonomiaz eta kontsumoaren ekonomiaz. Barneratzen oso errazak diren egiturak erabiltzen dituzte: errepikak, melodia sinpleak... Eta harreman misteriotsu bat sortzen da, burutik ezin kentzeraino barneratzen ditugulako». Manuel Lekuonaren Literatura oral euskérica liburu «zoragarriko» aipu bat erabili du hizkuntzaz haragoko zera hori esplikatzeko: «Trilili, tralala, kantu guztien ama da».

Concierto para puño alzado Tabakalerako Scala programako laugarren instalazioa da. Askotariko piezak jarri dituzte eraikineko eskailera nagusian, jendearen zirkulazio gunean, musika eta soinua hautemateko moduez hausnartzeko asmoz. Proiektua 2020ko abenduan abiatu zen, Pauline Oliverosen Sound Patterns lanarekin; ondoren Niño de Elcheren La pena y el alivio pieza egon zen, eta gero Maialen Lujanbioren Bizitza happening.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Laura Mora, <em>Los reyes del mundo</em> filmeko zuzendaria (eskuinean), filmeko lantaldeko kideekin, atzo, Kursaaleko amaiera galan. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

'Los reyes del mundo'-k irabazi du Urrezko Maskorra

Ainhoa Sarasola-Mikel Lizarralde

Laura Mora zuzendari kolonbiarrak bere herrialdeko bost gazteren istorioarekin eskuratu du jaialdiko sari nagusia. Genki Kawamura japoniarrarentzat izan da Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra

Neil Jordan zinemagilea, Diane Kruger eta Liam Neeson aktoreekin, <em>Marlowe</em> filma aurkezteko agerraldian, atzo, Donostiako Zinemaldian. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Detektibearen itzal luzea

Ainhoa Sarasola

Neil Jordanen 'Marlowe' filmaren lehiaz kanpoko emanaldiak itxi du Zinemaldia. Liam Neesonek egin du Philiph Marlowe detektibearena, eta Diane Krugerrek Clare Cavendish haren bezeroarena

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.