Hezkuntza ituna

Hezkuntza itunerako akordioa erdietsi dute EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta EP-IUk

Jakinarazi dutenez, ikastetxeek hizkuntza proiektuak garatu beharko dituzte, ikasleek DBH amaitzean B2 maila lortzeko, eta eskolei baldintzak ezarriko zaizkie Euskal Hezkuntza Zerbitzuko kide izateko.

Isabel Gonzalez (Elkarrekin Podemos-IU), Jose Antonio Pastor (PSE-EE), Leixuri Arrizabalaga (EAJ), Ikoitz Arrese (EH Bildu) eta Iñigo Martinez (EP-IU). BERRIA
Edurne Begiristain - Uxue Rey Gorraiz - Irati Urdalleta Lete
2022ko martxoaren 18a
07:11
Entzun

Bilera garrantzitsua izan du gaur hezkuntza ituna adosteko Eusko Legebiltzarrean sortutako lantaldeak, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen oinarri izango den itunaren zirriborroaren zuzenketak bozkatzea helburu. Bada, azkenik, atzerako kontua bere hondarrean zela lortu dute alderdiek ados jartzea; akordioa lortu dute EAJk, PSE-EEk, Elkarrekin Podemos-IUk eta EH Bilduk –azken horren kasuan, militanteena izanen da azken hitza–. Edonola ere, oraindik argitzeko dago korapiloak zer neurritan askatu diren, ez baitute zehaztu zein izanen den itunerako adostutako hizkuntza eredua.

Lantaldeak akordioa lortu ondotik, PP+C’s koalizioak gainerako alderdiekin egin du bat, bozkatzeko. Orain ari dira zeregin horretan. Bada hutsunerik, hala eta guztiz ere; Vox ez da azaldu. Txostenari hilaren 28an emango zaio oniritzia, Hezkuntza Batzordean. Azken txanpan sartuko da orduan hezkuntza hitzarmenaren tramitazioa. Izan ere, apirilaren 7an osoko bilkura egingo da Eusko Legebiltzarrean, eta bertan onartuko dute behin betiko testua. Eusko Jaurlaritzak testu horretan jasotako oinarriak erabiliko ditu EAEko Hezkuntza Legearen proiektua ontzeko.

EAJko legebiltzarkide Leixuri Arrizabalagaren esanetan, «herri akordioa» da lortu dutena, hezkuntza «inklusibo eta kalitatezkoa» bermatuko duena. Eusko Legebiltzarraren %90aren babesa duela nabarmendu du, eta gaineratu eskola publikoak «funtsezko izaera» izango duela, euskara izanik ardatza. Jelkideak akordioa itxi dutenen «malgutasuna» txalotu du, eta espero du erreformak «denboran irautea».

EH Bilduko bozeramaile Maddalen Iriartek itunerako akordioa lortzeko eginiko lana nabarmendu du. «Konpromisoz eta arduraz» eginiko prozesua izan da, haren esanetan, eta espero du kolaborazio mota hori «geratzeko» iritsi izana. «Edozein negoziaketatan bezala, gauzak utzi ditugu, baina planteatzen genituen oinarrizko ildo nagusiak jasota daude», adierazi du. Hala, «bidean gauzak utzi arren», erantsi du lortutako adostasuna «aurrerapausoa» dela. Koalizioko Hezkuntza idazkari eta parlamentari Ikotz Arresek gehitu du koalizioak «arduraz» jokatu duela, «akordiorako espazio bat» lortzeko asmoz. Hura izan da akordioaren xehetasunez mintzatu dena ere. Azaldu du zehaztu dituztela Euskal Hezkuntza Zerbitzuko kide izateko eskolek bete beharreko baldintzak; adibidez, sexuaren arabera ez bereiztea. Ikasle euskaldun elenitzak lortzeko proposamena onartu dietela esan du, eta segregazioren aurkako itun bat egingo dutela. Peio Otxandiano koaliziokideak gehitu du «itunpetze unibertsala» amaitzea eta benetako doakotasuna ezartzea ere adostu dituztela. Hizkuntzari dagokionez, berriz, azaldu du euskara ardatz duen eredu eleaniztunaren alde egin dutela: eskolek hizkuntza proiektuak garatu beharko dituzte, DBH amaitzean B2 maila lortzeko.

PSE-EEko Jose Antonio Pastorren esanetan, albiste «bikaina» da akordio «zabala» lortu izana. Esan du akordioa atzeratu izana hizkuntzen inguruko eztabaidengatik izan dela, eta ez dutela ereduen inguruan hitz egin. Hirueleko sistemaren aldeko apustua egin du sozialistak, eta nabarmendu itunak hezkuntza publikoa «indartzeko» balioko duela, itunpeko sarearekin «gatazkan» sartu gabe. Alderdiko idazkari nagusi Eneko Anduezak ere poza adierazi du lortutakoarekin. Haren esanetan, hezkuntzak «esparru eleanitza, hirueleko sistema, eskola publikoa eta ikasleen trebakuntza» izango ditu oinarri.

Elkarrekin Podemos-IUko eledun Miren Gorrotxategirentzat ere «herri akordioa» da itxi dutena, «kostata» iritsi den arren. Adierazi du itunak oinarriak eta ekintza plan bat izango dituela, neurri zehatzekin: «Ez da akordio perfektua, baina lortu dugu gobernua mugitzea». Gobernuko alderdiak mugiarazi dituztela uste du, eskola publikoa indartzeko eta segregazioa murrizteko. Halaber, koalizioko Iñigo Martinez Zatonek zehaztu du euskara ardatz duen eredu eleaniztunaren alde eginen dutela. Argitu du hiru hizkuntzak ez direla irakats hizkuntzak izanen. Azaldu duenez, Lehen Hezkuntza amaitutakoan, ikasleek B1 maila lortu beharko dute; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatutakoan, berriz, B2 maila lortzeko, baldintzak jarriko dizkiete ikastetxeei.

Oso bestelakoa da kanpoan geratu direnen iritzia. PP+Ciudadanos koalizioko parlamentari Carmelo Barriok, berriz, salatu du gainerako indarrek ez dutela aintzat hartu euren iritzia, eta gehitu du dokumentua zuzenketak bozkatu baino minutu bat lehenago jaso dutela. «Oso arduratuta nago», adierazi du, eta gehitu «inposaketa baten biktima» izan dela.

Bide luzea atzean

Hezkuntza Legerako zoru komun bat adostea izan da taldeen helburua, eta zeregin horretan aritu dira lanean azken hilabeteotan. Eusko Legebiltzarrak urrian erabaki zuen hezkuntza hitzarmenerako lantalde bat sortzea. Geroztik, ehun eragile inguru igaro dira bertatik, eta Kataluniara bisita bat ere egin zuten legebiltzarkideek, hango egoera bertatik bertara ezagutzeko.

Bi korapilo nagusi askatu nahi dituzte itunarekin: segregazioarena eta hizkuntzaren normalizazioarena. Eta, hain justu, horien inguruan agertu dituzte alderdiek desadostasun nagusiak. Hala ere, azken asteotan hurbilketak ere egon dira, eta lehenengo zirriborrotik aldaketa ugari izan dira. Alde batetik, EAJk eta PSEk elkarrekin adostu dituzte hainbat zuzenketa, eta bi talde horiek herenegun aurreakordioa erdietsi zuten Elkarrekin Podemos-IUrekin.

Hala, besteak beste, hezkuntza sistemaren dualtasunari dagokionez, EAJk eta PSEk adostutako zuzenketetan eta Elkarrekin Podemos-IUrekin hitzartutako aurreakordioan pisu handiagoa hartu dute eskola publikoaren aldeko neurriek. Hain justu, Elkarrekin Podemos-IUk esan du bere ekarpen nagusienetakoak jasota eskola publikoaren aldeko urrats handia egin dela, besteak beste, itunpeko ikastetxeei baldintzak ezarriko zaizkielako dualtasuna amaitzeko. Eskola publikoaren arloan EH Bildurekin ere adostasun zabalak lortzeko aukera badago.

Hizkuntza ereduari dagokionez, hezkuntza eragile nagusiek eskatua zuten euskarazko eredu bakarra eta orokortua bermatzea, baina EAJk eta PSEk adostu dituzten zuzenketak ez doaz norabide horretan. Hezkuntza proiektu eleaniztuna defendatu dute, euskara «sistemaren ardatz» hartuta. EH Bilduk, berriz, «euskara ardatz duen eredu eleaniztun orokortu inklusiboa» defendatu du. Elkarrekin Podemos-IUk, berriz, «euskara ardatz izango duen hizkuntza eredu eleaniztun bakarraren» aldeko apustua egin du. Haatik, EAJk eta PSEk Elkarrekin Podemos-IUrekin lortutako aurreakordioan ez dago hizkuntza ereduari buruzko punturik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.