Albistea entzun

Osasungintza

Osasun sistema publikoaren alde mobilizatzera deitu dute eragileek

Hego Euskal Herriko hainbat plataformak protestak egingo dituzte apirilaren 2an eta 3an. Lehen mailako arretan oinarritutako sistema publiko baten beharra defendatu dute deitzaileek.

Plataformek Gasteizen egindako agerraldia, gaur.
Plataformek Gasteizen egindako agerraldia, gaur. Jaizki Fontaneda / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2022ko martxoak 23

Hego Euskal Herriko zenbait plataformak bat egin dute «herritarren osasun beharrei erantzungo dien osasun sistema publiko, unibertsal eta kalitatezkoaren alde», eta dei egin dute apirilaren 2an eta 3an egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzera: «Gaur, inoiz baino gutxiago dira onargarriak gobernu batzuek osasunerako baliabide ekonomikorik ez izatearen inguruko betiko aitzakiak».

Leioan Bizi, Izartu Mungialdea, Gora Deustu, Erandio Herri Plataforma, Zumarraga 24/7-k; Gasteizko eta Algortako Osasun Publikoa Aurrera-k; Bilboko, Donostialdeko, Tolosaldeko eta Zornotzako Osasun Publikoaren Alde-k; eta Altsasuko eta Nafarroako osasun plataformek adierazi dute herritarren osasun beharrei erantzuteko arazoak COVID-19aren eraginetatik haratago doazela, eta horiei erantzuteko neurriak eskatu dituzte; besteak beste, aurrez aurreko arreta eta gaixo kronikoena bermatzea, itxaron zerrendak murriztea eta prozesu larrien diagnostiko goiztiarra hobetzera bideratutako urratsak.

Izan ere, eragileen esanetan, lehen mailako arretan antzeman diren arazoak, langile eta baliabide faltatik haratago, osasun sistema publikoaren «degradazioaren» ondorio dira. Aurrekontuak «osasun negozio pribatuen interesen» alde egiteko erabili izanaz akusatu dituzte administrazio publikoak, herritarren arteko desparekotasunaren erantzule direlakoan. Horren aurrean, defendatu dute beharrezkoa dela «lehen mailako arretan oinarritutako sistema bat, osasun publikoa indartuko duena, osasuna bere sustapen eta prebentziotik osoki jorratuko duena». Are gehiago, sistema horrek doakoa izan behar duela nabarmendu dute.

Horretarako, gobernuei exijitu diete osasungintzarako aurrekontua handitzeko, %7ra iritsi arte. Era berean, osasun enpresa pribatuekin dituzten itunak eta funtzionarioen mutualitateak eteteko deia egin dute: «Diru publikoa osasun pribatuaren poltsikoetara pasatzeko inbutuak besterik ez dira».

Osasun zerbitzua bera hobetzeko bidean, nabarmendu dute sektoreko langileen «prekaritatea» bukatzeko, eta erabiltzaileen interes eta beharrak ezagutzeko mekanismoak ezarri behar direla; hala nola Hego Euskal Herri osoan euskarazko arta bermatzeko neurriak. Aldaketak gauzatu ahal izateko, osasun publikoaren aldeko plataformak «zabaltzeko, indartzeko eta koordinatzeko» asmoa adierazi dute eragileek, helburu bera duten sindikatuekin eta profesionalekin elkarlanean. Horretarako tresna izango dira apirileko lehen asteburuko protestak.

Lanpostu gehiago

Osasungintzako langileen «prekaritatea» hizpide izan du LAB sindikatuak ere; zehazki, Osakidetzako beharginena. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik aurreko astean iragarri zuen 1.200 lanpostu sortuko dituztela, baina, sindikatuaren esanetan, 3.000 baino gehiago behar dira egungo egoera bideratzeko, eta kontrakoa «osasun publikoa apurka-apurka deuseztatzea» da. LABek gogor kritikatu du Osakidetzako langileen behin-behinekotasun tasa ere, eta «egonkortze prozesu serio bat» egiteko 5.000 lanpostu egonkortu behar direla nabarmendu du.

Erakundeak sindikatuekin izaniko jarrera ere gaitzetsi du LABek. Azaldu du Osakidetzak uko egin diola elkarrizketari, eta «funtzionamendu erabat antidemokratikoa» izatea leporatu dio.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zaldibarko zabortegia, artxiboko irudi batean. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Zaldibarko zabortegia zigilatzeko eskatu dio Jaurlaritzak Verterri

Edurne Begiristain

Jaurlaritzak fiskaltzari jakinarazi dio Verter Recyclingek ez dituela egin behin betiko zigilatze lanak. Lege baliabideak abiatu ditu enpresak zor dizkion 28 milioi euro jasotzeko
Bidaiariak, maskara jantzita, Gasteizko tranbiara igotzen. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Gaurtik aurrera ez da maskara beharko garraio publikoan Hegoaldean

Jone Bastida

Indarrean da Espainiako Ministroen Kontseiluaren agindua. Optiketan eta ortopedietan ere ez da derrigorrezkoa, baina osasun zentroetan bai
Manifestazioaren antolatzaileak, aurkezpenean. ©BERRIA

NATOren eta EBren kontrako manifestazioa egingo dute Bilbon

Gotzon Hermosilla

Martxoaren 11n egingo dute, eta han «Euskal Herri antiinperialista» aldarrikatuko dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.