Hezkuntza

Bildarratzek 2023rako prestatu nahi du segregazioaren aurkako planaren oinarria

Hezkuntza «herri akordio handi bat» izan behar dela azaldu du sailburuak, eta gehitu horretarako «lehen pausoa» dela aurreko asteko ituna.

Jokin Bildarratz, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
2022ko martxoaren 25a
12:34
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek jakinarazi du segregazioari aurre egiteko plan bat prestatuko duela erakundeak. Alderdiekin, hezkuntza komunitatearekin eta arloko gainerako erakundeekin hitz egiteko asmoa adierazi du sailburuak, datorren urterako planaren oinarriak zehaztuko dituen itun bat adosteko asmoz. «Hezkuntza herri akordio handi bat bilakatu behar da», azaldu du, aurreko asteko itunari erreferentzia eginez.

Segregazioa amaitzeko eta «kohesio soziala» bermatzeko, Bildarratzek beharrezkotzat jo du zentro guztiek, publiko zein pribatu, «ahulguneei» erantzuteko bide bera izatea, «izan hezkuntza behar bereziengatik, edo segregazio ekonomiko edo linguistikoagatik». Radio Euskadi irrati katean egindako elkarrizketan, sailburuaren esan du «lan etengabe bat» eskatzen duela gaiak eta, ikastetxeekin batera, «arlo instituzional guztiek» esku hartu behar dutela.

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk aurreko astean itxitako akordioan tratatutako gai nagusietako bat da segregazioa, eta itun hura ere hizpide izan du Bildarratzek. Sailburuaren esanetan, hezkuntza sistemak «lasaitasuna» eta «elkarrizketa» behar ditu, eta ituna jarraitu beharreko bidearen «eredu» da; Hezkuntza Lege berrirako «lehen pauso bat». Hala, alderdien «eskuzabaltasuna» eskertu du, eta Eusko Legebiltzarrak Hezkuntza Sailari bidaliko dion testuarekin lan egiteko prest agertu da: «Lan egingo dugu hezkuntza komunitateko kide guztiekin, maila handiko eta kalitatezko etorkizuneko sistema bat lortzeko».

Bildarratz, Estoniatik igaro eta gero, Finlandian da egunotan, hango hezkuntza sistema ezagutzen. Azaldu du herrialde hartako hezkuntza erreferente bat dela Europan, eta hango ikastetxeek langileak kontratatzeko duten «autonomia handia» eta irakasleen formakuntza nabarmendu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.