hezkuntza

Ikasle Abertzaleek martxoaren 24ko atxiloketak salatu dituzte

Unibertsitatearen «jokabide autoritarioak» salatzeko eta atxilotuen «erabateko absoluzioa» eskatzeko, manifestaziora deitu dute ostegunerako, 11:00etan, Elurretako fakultatetik hasita.

Ikasle Abertzaleek martxoaren 24ko atxiloketak salatu dituzte. IKASLE ABERTZALEAK
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko martxoaren 28a
17:21
Entzun

«Astakeria bat da pikete batzuk egiteagatik 34 atxilotu egotea», adierazi dute Ikasle Abertzaleek Gasteizko Letretako fakultatean egin duten agerraldian. Martxoaren 24ko ikasle greban egon ziren atxiloketak salatu dituzte, eta azaldu dute Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako errektoreordetzaren eta errektoretza nagusiaren erabakiz gertatu zirela horiek: «Eurek baimendu zuten polizia unibertsitate barrura sartzea».

Antolakundearen arabera, «ohikoa» da grebetan piketeak egitea, baina adierazi du joan den ostegunean Polizia «bortxaz» sartu zela Elurretako fakultatera, eta bertan zeuden «ikasle asko» identifikatu eta atxilotu zituela. Horrela, IAk salatu du EHUn ez dagoela «askatasun politikorik» ikasle antolakuntza independentearentzat: «Horrelako ekintza errepresiboak onartuz, gizartearen joera autoritarioan sakontzea ahalbidetu du errektoretzak».

Unibertsitatearen jarrera ikasleen grebak «kriminalizateko eta atxiloketak normalizatzeko aurrekari oso arriskutsua» ezartzen duela uste du antolakundeak. Horrez gain, hainbat hedabideri «errealitatea nahieran distortsionatzea» eta «kriminalizazio saiakera» leporatu die, besteak beste, gertaerak «erabat» manipulatzeagatik eta atxilotuen «seinalamendu publikoa» egiteagatik.

Hori horrela, Unibertsitatearen «jokabide autoritarioak» salatzeko eta atxilotuen «erabateko absoluzioa» eskatzeko, manifestaziora deitu du ostegunerako, 11:00etan, Elurretako fakultatetik hasita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.